Ziber-segurtasunaren sektoreko liderra den Enigmedia euskal startup-ak 1,5 milioi euroko finantzaketa jaso du

22 June, 2016

Enkriptatze teknologian liderra den Enigmedia euskal enpresak, komunikazioak zifratzeko teknologia propioa garatu eta patentatu ondoren, 1,5 milioiko inbertsioa bildu duen A finantzaketa erronda itxi du ekainean, Alma Mundi Innvierte Fund funtsaren lidergopean. Seed Guipuzkoa funtsaren partaidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldearen bitartez, ekintzaileentzat ematen dituen laguntzei esker matxan jarri zen enpresa gazte horrek teknologia bat proposatzen du hardware espezifikorik behar ez duena, eta, beraz, esparru askotan integratu daitekeena.

 

Joan den urtean Javier Santisok (Telefónica enpresako zuzendaritza-kargu ohia eta taldeko aditua startup-en arloan) eta Rajeev Sigh Moralesek (Alcatel Lucent Asia saileko presidente ohia) elkarrekin fundatutako inbertsio funtsaren lidergopean egin da inbertsioa, inbertsio horren bidez balioan jarri delarik Enigmediaren zifratze teknologia bere aplikazio ugariengatik eta bere malgutasunagatik.

 

Testuinguru horretan, Enigmedia konpainia komunikazio mugikorren sektorean sartu da bere Enigmedia App produktuarekin (erabilgarria iPhone, Android eta Blackberry sistema eragileekin), jadanik erabiltzen hasi dena Espainian IBEX35 taldeko korporazio handietan eta telekomunikazio, defentsa edo energia sektoreetako enpresetan. Komunikazio zifratuko konponbideak aipamen bat jaso du  Gartner Merkatuko Gidan, zeinak esan baitu konponbide nabarmenenetako bat dela IP gaineko ahots komunikazio seguruetarako eta Common Criteriaren ziurtagiria ere baduela.

 

Teknologia berri horrek, bestalde, Whitfield Diffie zientzialariaren babesa ere lortu du, hots, kriptografia modernoaren aitarena. Stanford Unibertsitateko maisua da eta berrikitan irabazi du Turing saria, informatikaren sektoreko Nobel Saria, Google-k milioi bat eurorekin finantzatutakoa.

 

Salmentak handitzea da orain Enigmediaren helburua. Horretarako, hazkunde plan bat egin du, eta, haren barruan, plantilla handituko du eta nazioartekotzeko ahaleginetan jarraituko du. Hurrengo urratsa izango da segurtasun konponbideen arloko agente nagusiekin lizentziamendu teknologikoko akordioak egitea. Halaber, martxan dago Latinoamerikarantz nazioartekotzeko plana. Euskal enpresaren nazioartekotze arloa jadanik lanean ari da Kolonbia edo Mexikoko merkatuetara sartzeko.

 

Nazioarteko sariak irabazitako startup-a

Enpresa bezala, Enigmedia aipagarria da izan duen hazkundearengatik eta sortu zenetik hona izan duen berrikuntza teknologikoagatik, berrikitan irabazi duelarik Info Security-k ematen duen Ziber-segurtasun arloko Urteko Startup onenaren Gold Award saria Ziber-segurtasun arloko munduko azoka handienean, San Frantziskoko RSA Conference-n.

 

Europar Batasunak orobat nabarmendu eta baloratu du Enigmedia enpresaren hazkundea, hiru bazkide baitzituen 2012an eta, krisialdia gorabehera,  50 izatera iritsi baita 2016an, aukerak ematen dizkielarik zientzialari gazteei.   Horren harira, 2015ean Eurofound (European Foundation for the Improvement of Living and Working Conditions) erakundeak lantaldeak eraikitzeko eta enpresa garatzeko kasu arrakastatsuen artean sartu zuen Enigmedia. Joan den azaroan Luxenburgon egin zen ETEen Europako Batzarrean nabarmendu zuten kasua; bertan, “Born Globals: The potential of job creation in new international businesses txostena aurkeztu zuten, eta Enigmedia-k aukera izan zuen bere kasua aurkezteko ETEen, Europako berrikuntza sareen, eta Europako Batzordeko enplegu, hazkunde eta inbertsio saileko ordezkarien aurrean.

Alma Mundi Ventures erakundeari buruz

Alma Mundi Ventures venture capital konpainia bat da, startup teknologikoei zuzendua, lehentasuna ematen diena “Business to business” negozio ereduei, A edo B serieetan zentratua dagoena eta  500K.tik eta 5M.ra bitarte inbertitzen duena enpresa bakoitzeko, Alma Mundi Innvierte Fund FCRE bere funtsaren bitartez.

 

Madrilen du egoitza, baina presentzia operatiboa du Bartzelonan, Londresen eta New Yorken, eta badu esperientzia Asia eta Latinoamerikako ekonomia gorakorretan. Bere bazkide inbertitzaileak hainbat hiritakoak dira, hala nola Londres, New York, San Frantzisko, Paris, Amsterdam, Stockholm, Geneva, Bartzelona eta Madrilekoak.

 

Lantaldeaz gain, beste hainbat elementuk parte hartzen dute funtsean: bazkideek, venture advisor-ek, Club Mundi osoak (diasporan bizi diren Espainiako goi-mailako zuzendaritza-kargu guztiak biltzen dituen kluba), Espainiarekin loturaren bat duten atzerritarrek, eta Espainia 3.0-n sinesten duten espainiarrek ere bai.

Zer da seed Gipuzkoa?

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketak (AKEKS) elkarren artean (%50ean) sortu zuten Seed Gipuzkoa 2007an.  Bere helburua da oinarri teknologiko eta berritzailea duten Gipuzkoako enpresa berriei laguntzea lehen urteetan, eta beren garapena sustatzea kapital sozialean parte hartuta.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow