YUZZ 2016 programak Euskadin garatutako ekimenak saritu ditu

11 July, 2016

Ekintzaileentzako Yuzz programa 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta laguntza, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen du zenbait hilabetez, lehiaketan parte hartzeko aukeratutako pertsonek proposatzen dituzten oinarri teknologikoko ideia berritzaileetan funtsatutako negozio-planak egiteko.

Denek irabaz ditzakete 60.000 euroren balioko sariak, 50 bidaia Silicon Valleyra, eta berrikitan ezarri diren bi sari:

 

-YUZZ Emakume: saridunak E&Yren aholkularitza-taldeen finantzaketa eta laguntza jasoko du bere proiektua azkartzeko.

-YUZZ Fintech: banka arloko teknologiak aplikatzen dituzten negozio-ereduak sustatzen dituztenei zuzendua.

 

YUZZ programak hiru zentro eskaintzen dizkie Euskadin parte-hartzaileei: Arabakoa, Barakaldokoa eta Donostiakoa.

 

ARABA

Arabako YUZZ zentroa “Inizia”ren instalazioetan dago kokatuta, UPV/EHUren campusean. Zentro hori BIC Arabak kudeatzen du, hots, Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez), Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak partaidetutako sozietateak. Ekintzaileei eta enpresei laguntzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, oinarri teknologikoko enpresa-ekimen berritzaileak bultzatu eta garatzeko.

Marina Benedet Andrade eta Eztizen Herrero Muñoz izan dira Arabako txapeldunak, eta Sillicon Valleyrako bidaia bat irabazi dute “RTECH” proiektuagatik, zeinaren bitartez konponbide bat sortu duten Euskadiko enpresa txiki eta ertainetan trazabilitatea eta inbentarioen kudeaketa hobetzeko. Horretarako, bezero bakoitzaren neurrira egindako konponbideak eskainiko dira “RFID etikak” direlakoak erabilita.

Yosune Rodríguez Prado da Yuzz Emakumea saria irabazteko Arabako hautagaia bere “Seeyouzoom” proiektuarekin, non 3D eta 2Dko baliabide grafikoak sortzen dituen eraikuntzarako, barne-dekoraziorako, artearen eta diseinuaren munduetarako, e.a. Bere lantaldea arkitekturarako onlineko 3Dko sorkuntza eta argitalpen interaktiboan espezializatuta dago, modurik onena gauzak Internet bidez ikusi eta erakusteko: 3D birtuala bizitza errealean aprobetxatzeko modu bat.

 

 

BIZKAIA

Yuzz Barakaldo zentroa BIC Ezkerraldean dago, Ezkerraldeko Enpresen Garapenerako Zentroan alegia, Foru Aldundiak eta SPRIk erdi bana eratutako Europako Enpresa eta Berrikuntza Zentroan. BIC horren helburua da laguntza ematea enpresa berriak sortzeko, negozioak dibertsifikatzeko, eta lehendik dauden enpresetan berrikuntza integratzeko.

Tokiko partnertzat dauka Deustuko Unibertsitateko Deusto Entrepeneurship Centre ere. Zentro horren helburua da ekintzailetza bultzatzea gizartean eta merkatuan, eta horregatik aktiboki parte hartzen du zentroko saioetan, horretarako hornituz hainbat gairi buruzko adituak, finantzaketa, marketina, auto-motibazioa, zuzenbidea, e.a.

Yuzz Barakaldo zentroan Leire Ahedok eta “GeNext” proiektuak irabazi dute Silicon Valleyrako bidaia. Ekimen horren helburua da, markagailu genetikoak aztertuz, kirolerako potentzial handiena duten zaldiak identifikatzea eta aukeratzea.

Bestalde, Fernando Civeira Leal da Fintech saria irabazteko hautagaia, bere “Wanafest” proiektuarekin. Onlineko plataforma bat da, aukera ematen diena bezeroei ekitaldi bat egiteko behar diren elementu guztiak antolatu eta koordinatzeko, gehienbat ekitaldi txikiak, hala nola urtegunak, lokalen inaugurazioak, enpresa-afariak, komunioak edo Gabonetako afariak.

Yuzz Emakumea saria irabazteko hautagaia, berriz, Neila Sanz da. Talentua du akuilu eta artea pasio; horregatik jarri du martxan “KrART”, plataforma anitzeko aplikazio natibo eleanitz bat mezenasak bilatzeko, artelan bakanak salerosteko eta artista gorakorren artisautza-lanak erakusteko.

 

 

GIPUZKOA

Donostiako Yuzz zentroa “Puntu Denda” izeneko berrikuntza, teknologia eta ekintzailetza espazioan kokatuta dago, eta Donostiako Sustapenak kudeatzen du hiriaren garapen ekonomikoaren aldeko estrategiaren barruan. Puntu Denda laborategi bat da, non tresna berritzaileak eta merkataritza edo zerbitzu eredu berriak probatu baitaitezke, bereziki teknologia berrietan oinarritutakoak.

Yuzz zentroa Donostiaren bihotzean dago, hau da, hiriko merkataritza-gune nagusian, eta harreman zuzena du enpresa, kontsumitzaile eta bisitari sarearekin.  Beste proiektu batzuen artean, “StopApp” aplikazioa garatu dute bertan; aplikazio horren bidez neurtzen da zenbat denboran erabiltzen ditugun dispositibo mugikorrak. Aukera ematen digu jakiteko zenbat denbora ematen dugun aplikazio bakoitzarekin, eta ordu kopurua murrizten laguntzen du, bi helbururekin: laneko produktibitatea handitzea, eta gurasoek seme-alabei irakats diezaietela dispositiboak ez direla gehiegi erabili behar. Aplikazioaren sortzaileak dira: Alessandro Adrada, Asier Sannino eta Miguel López de Ceballos.

Alberto Aznar Ibarra eta Silvia Romero Pérez dira Fintech sarirako hautagaiak, “BeSeif” izeneko ekimen batekin; aplikazio horren helburua da segurtasuna ematea partikularren arteko onlineko salerosketa-merkatuari, batez ere bigarren eskuko atarien erabiltzaileei, saltoki txikiei eta autonomoei. Web plataforma horrek ordainketa metodo gisa funtzionatzen du, eta bitartekari lanak egiten ditu bezeroen arteko salerosketak gainbegiratuz.

Azkenik, Oihane Pardo Pérez da Yuzz Emakumea sarirako hautagaia, “Amanerak” moda proiektuarekin. Proiektu horrek Euskal Herriko jantzi tradizionalak berreskuratzen ditu (adibidez, kaikua), jatorrizko diseinua eguneratuz eta garai batean izan zuten protagonismoa itzuliz teknologia berrien bitartez.

 

 

ESPERIENTZIA EKINTZAILETZAREN ZERBITZURA

YUZZ programaren bidez parte-hartzaileek aditu sare zabal bat izango dute eskura, besteak beste, enpresa munduko profesionalak, irakasleak eta berrikuntzan nahiz ekintzailetzan espezializatutako ikerlariak. Sare horrek 200dik gora lagun biltzen ditu, denak ere Estatuko eskualde guztietan banatuak eta irakaskuntzan edo mundu profesionalean izan duten esperientzia partekatzen dutenak parte-hartzaileekin hitzaldietan, maisu-eskoletan, tailerretan edo bestelako jardueretan. Enpresak sortzeko eta kudeatzeko eskaintzen zaien prestakuntza hori ekintzailetza kasu praktikoetan oinarritzen da eta helburutzat dauka ekintzailetzako trebetasun eta gaitasunak barneratzea.

YUZZ programa Centro Internacional Santander Emprendimiento (CISE) zentroak antolatzen du Santander Bankuaren babesarekin, Santander Universidades erakundearen bitartez, eta zenbait erakundek lagunduta, hala nola Eusko Jaurlaritzak eta bere Enpresa Garapenerako Agentziak (SPRI). 

Info +: www.yuzz.org

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow