WINN: “Aldaketaren eragile izatera bideratuak”

28 May, 2016

2007an Mondragon Unibertsitateko Enpresa fakultatean sortutako ikasle eta ekintzaile komunitateek osatzen dute MTA erakundea. Erakunde horrek Team Academyren metodologia darabil, eta Team Academy Jyvaskylako (Finlandia) Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean diharduen eta taldeko ekintzailetza irakasten duen komunitate bat da.   

MTAren helburua da ingurunea eraldatzea taldeko ekintzailetzaren bidez, betiere balore kooperatiboetan eta ikaskuntza aktiboan oinarrituta. Gaur egun, ia 300 laguneko komunitate bat da, eta erreferentziazko komunitate bihurtu nahi du nazioartean taldeko ekintzailetzaren eta ikaskuntzaren eremuan. Gainera, zerbitzu akademikoak eskaintzen ditu, eta (taldeko) ekintzailetzarekin lotutako proiektuak sustatzen ditu. 

WINN talde-ikaskuntzako ingurune horretan sortu zen, diziplina anitzeko hamar ekintzailek osaturik, zeintzuek irabazi asmorik gabe eta modu koordinatu, profesional eta dinamikoan lan egiten baitute beren bezeroekin.

 

Deigarria da nola erabaki duzuen enpresaren irabaziak berrinbertitzea, proiektu berritzaileak sortzen jarraitzeko.

Bai, ikasten ari gara oraindik, eta benetako enpresa bat sortu nahi dugun arren, mozkinak proiektuan bertan berrinbertitzea da gure irabazi asmo bakarra.

Hutsetik hasten gara, ahal dugun moduan lortzen ditugu baliabideak, eta interesatzen zaiguna garatzen dugu irabazten dugun diruarekin.

Beste herrialde batzuetan egiten ditugun bidaia, egonaldi, otordu eta gastu gehienak gure zerbitzuekin ordaintzen ditugu, hau da, martxan jartzen ditugun ideiekin eta bezeroei ematen diegun balioarekin.

Ondotxo dakigu zer den hilaren amaierara ez iristea eta une zail horietan inoiz baino gehiago elkartzen gara; buru belarri aritzen gara hausnartzen eta planifikatzen, ekintzara igarotzeko eta zulotik ateratzeko. Horixe da ikasi dugun gauzetako bat: gauza gutxi direla ezinezkoak lantaldea elkarturik ari bada lanean.

Eta berdin dio zertarako batzen garen. Finlandian pintxoak eta bokatak salduz lortu genituen gure lehen diru-sarrerak, gero saskibaloi txapelketa bat antolatu genuen, enpresentzako kontaktuak eta bilerak lotu genituen… Taldea beti ateratzen da irabazten, baita galtzen duenean ere.

 

 

Oinarri ideologiko horren gainean jartzen duzue burua lanean, gizartearentzat baliagarri izan nahian.

Gustatzen zaizkigun gauzak egiten saiatzen gara, baina ongi jakinik merkatuko erronkei erantzun behar diegula.

Gure gaitasunak eta trebetasunak konbinatzen ditugu kaleko errealitatearekin konektatzeko.

Adibidez, gure lankide batek izugarri atsegin du weben diseinua eta programazioa. Hala, gure inguruan zein premia ase genitzakeen identifikatzen hasi ginen; ohartu ginen saltoki txikiek ez daukatela baliabide askorik web orri on bat izateko, eta horregatik jarri genuen martxan “Chameleon Studios“, itxura eta funtzionaltasun profesionalak dituzten webguneak eskaintzeko.

 

 

Chameleon Studios proiektuaz gain, badituzue beste batzuk ere eskuartean: Padel Expression, Jailbreak, Welcome Ideas, Trocasol, Kirk drone, Internacionalization…

Trocasol” proiektua ere lantaldeko beste kide baten jakin-minaren emaitza da, ikusi baitzuen familiek diru mordoa xahutzen dutela seme-alabentzako musika instrumentuak erosten. Ez dira merkeak, eta askotan oso erabilpen mugatua izaten dute, umeek erraz baztertzen baitituzte; azkenean, trastelekuetan bukatzen dute askok. Lantaldea horretan pentsatzen jarri zen, eta orain web zerbitzu bat martxan jartzen ari gara, instrumentuak alokatu, trukatu eta maileguan utzi ahal izateko. Erabiltzaileak eskaintza zabala aurkituko du, herriko Musika Eskola eta Kontserbatorioetako iragarki tauletakoa baino handiagoa.

 

Jailbreak Bilbao” proiektuaren jatorria Erresuma Batuko unibertsitate batzuetan dago, eta aitzindaria da Espainian; parte-hartzaileek ahalik eta urrunen bidaiatu behar dute 36 ordutan, patrikan dituzten sosak gastatu gabe. Eginiko kilometro bakoitzak dirua ematen du, babesle eta laguntzaileen bidez, eta kausa sozialen batera bideratzen da. Horrelako ekimenak egiteko ezinbestekoa da erakunde publikoen, pribatuen eta kausa sozialen batekiko interesa duten gazte proaktiboen inplikazioa. Hala, hizketan hasi gara Bilbao Ekintza eta Bizkaia talent erakundeekin eta Foru Aldundiarekin.

 

Padel proiektuaren kasuan ere, proiektua garatzen hasi ginen taldeko kide bati padela gustatzen zaiolako. “Padel Expression” txapelketa antolatu dugu, zeinaren helburu bakarra ez baita lehia sanoa, baita ere komunitate txikiak sortzea praktikatzen den kirolaren inguruan. Etxebarriko “Padelia” ekimenaren laguntzarekin hasi ginen, eta orain bigarren edizioa antolatuko dugu. Gainera, lortutako arrakasta txikiekin animatuta, eredua erreplikatzen hasi gara Gasteizen, eta Donostia eta Santanderrera ere iritsi nahi dugu.

 

Welcome Ideas” gure “birth giving” saioetan oinarrituta dago. “Brainstorming” moduko lan-formatu bat da, hots, enpresa batek erronka bat aurkezten digu, dela arazo bat konpontzeko, berritzeko edo dela beste edozein kontu lantzeko, eta gu arazo horiek konpontzen saiatzen gara ideiak bateratuz. Ikusirik nahiko ondo moldatzen ginela horrelako jardueretan, erabaki genuen berrikuntzarako aholkularitza-zerbitzu bihurtzea. Arazoak kanpoko ikuspegiarekin aztertzen ditugu, eta enpresa barruan aurkitu ezin diren proposamenak eskaintzen ditugu. Orain Pirotecnia Astondoa, Café Baqué eta Etxebarriko udalak aurkeztutako erronkak dauzkagu mahai gainean, besteak beste.

 

“’KIRK” proiektua IGLOO BILBAO enpresarekin egindako lankidetza baten emaitza da, eta bere helburua da dron modularrak diseinatu eta prototipatzea. Kontua da merkatuan dauden dronak elementu bakar gisa fabrikatzen direla normalean, eta, hondatzen badira, ez direla ez errazak, ezta ere merkeak konpontzeko. Sistema modular batekin eginiko aire-ontziak eraikiz gero, posible izango da dronak sortzea bezero bakoitzaren premietara egokitzen diren ezaugarri desberdinetako piezak uztartuz, eta, era berean, hondatzen direnean posible izango da moduluak bakarrik aldatzea.

 

Mapocket” proiektua sortu zen ohartu ginelako Bilboko bisitariek mapa on bat behar dutela, balio erantsiduna, hiriaren ohiko baliabide turistikoak eskainiko dizkiena, baina bitxikeriekin eta puntu interesgarriekin osatua. Mapa hori garatzeko, Zubiarte Merkataritza Zentroarekin eta ”Mad Mansion” ihes-joko espazioarekin ari gara lanean, Bilbon erreferentzia turistiko bihurtzeko. Datorren udan kaleratuko dugu.

 

Azkenik, enpresentzat oso interesgarriak izan daitezkeen tokietara bidaiatzen ari garenez, “Nazioartekotzearen” inguruko zerbitzuak ere eskaintzen ditugu: merkatuak aztertzea, enpresa bakoitzarentzat izan dezaketen potentziala diagnostikatzea, kontaktu agendak planifikatzea, ekintza komertzialak garatzea, e.a. Gure prestakuntza saioan, Finlandia, AEB, India eta Txinako merkatuak aztertzen ditugu, azken bi horiek urtarrilean eta martxoan, hurrenez hurren; beraz, enpresaren batek merkatu horiei buruzko informazioa behar badu, atsegin handiz lagunduko diogu.

 

 

Zalantzarik gabe, asko ikasiko zenuten jomuga horietan, metodologia berriak, eta esperientzia pertsonal eta profesional izugarriak

Finlandiara joan ginen lehenbizi. Iparraldean, Laponian, Artikoko Zirkulu Polarraren mugan egon ginen, eta gau batean sekulako zortea izan genuen; baso baten ondoko etxe batean, 10 gradu zeropetik geundela, Aurora Boreala ikusteko aukera izan genuen. Izugarria izan zen!

Gure ikasturteko bi taldeak Salo hirian egon ginen elkarrekin hainbat astez; 30 lagun etxetik urrun. Bizikidetza horrek une paregabeak eskaini zizkigun, eta gauza asko ezagutu genituen, hala nola, Timi Akatemia kultura, hango hezkuntza sistema… izugarria da dena.

San Frantziskon hasi ginen benetan geure kabuz moldatzen. Etxe bat alokatu genuen giro bitxi eta dibertigarria dagoen auzo batean, Haight Street-en, alegia “hippie” auzoan. Gure egoitza nagusi hartatik, ekintzailetzaren munduko sehaskak bisitatu genituen, eta enpresa erreferenteak ezagutu genituen, adibidez, Google, Apple, Airbnb edo KIVA, baliabiderik ez duten pertsonei proiektuak garatzeko mikro-kredituak ematen dizkien enpresa soziala. Han lan egiten duten euskal ekintzaileak ere ezagutu genituen, esaterako, Eneko Knörr edo Felipe de la Fuente.

Aisialdirako denbora ere izan genuen. Yosemite eta Los Angeles bisitatu genituen, eta Stanford eta California unibertsitateen arteko futbol amerikarreko partidu batean ere izan ginen. Dokumentu izugarria, ikuskizuna kirola baino gehiago!

Baina, elkarrizketa hau irakurtzen dutenek ez dezatela pentsatu bidai horiek ondo pasatzeko direnik; ikaskuntza bidaia horietako bakoitzean hainbat proiektu garatzen ditugu, batez ere enpresak nazioartekotzeko proiektuak. Etxean gaudenean bezalaxe, denbora asko igaro behar izaten dugu irakurtzen, gure ardura baita teoria ikastea; irakasleek arlo praktikoan laguntzen digute, sistema benetan “Learning By Doing” izan dadin (ekintzara bideratutako irakaskuntza).

 

 

Bilbao Berrikuntza Faktorian (BBF) zaudete, berrikuntza eta ekintzailetzarako lehen ekosistema urbanoan; ez da sinergiarik faltako han!

Hainbat ikasle talderekin kolaboratzen dugu, eta baita ere ekosisteman dauden startUp-ekin. Esaterako, INIT enpresarekin dihardugu diseinuaren eta komunikazioaren arloan. Bestalde, LUCA enpresarekin ari gara lanean nazioartekotze prozesu bat garatzeko, eta landareetatik energia lortzeko moduak ikertzen dituen enpresa bat hona ekartzen saiatzeko…

Eraikinean dago baita ere DOCK kafetegia, eta kolaborazio asko egiten ditugu harekin, bereziki “win-win” giroak sortzen dituzten ekitaldietan, hau da, irabazten ateratzen da negozioa eta baita ere gure taldea!

Gure coach-ak, LEINNeko lehen promozioan ikasi zuenak (gurea seigarrena da), TZBZ enpresa dauka zentroan, ikasten ari zen bitartean sortua. Berarekin gabiltza lanean dron modularren proiektuan. Horrez gain, geure ekarpentxoa egin dugu ORIGAMIAK programan, zeinaren bidez ikus-entzunezko materialak eta hezkuntza tailerrak egiten baitira Hiroshima eta Gernikako bonbardaketen ondorioen inguruan sentsibilizatzeko.

Bai, ingurunea oso garrantzitsua da, eta sinergiak ere bai. Aukera ematen du baliagarriak edo erreferentziazkoak izan dakizkizukeen pertsona eta negozio oso bereziak ezagutzeko; esaterako, tabernan TicketBis enpresaren fundatzaileak ezagutu ditugu, zeintzuek eBay erraldoiari saldu baitiote beren negozioa 165 milioiren truke.

 

 

Bukatzeko. Zuen esperientziatik, zein aholku emango zenizkiekete ekintzaile izateko, asmatzeko, ko-sortzeko, berritzeko, garatzeko edo beren talentua beste herrialde batera eramateko gogoa dutenei?

Ikasten ari direnei eta ekintzaile izan nahi dutenei, bizi dezatela gure prestakuntza esperientzia. Parte har dezatela gure Training Session batean, gonbidatuta daude. Lehen eskutik ikasiko dute zein garrantzitsua den “eginaz ikastea”. Bizitzan bezala, hemen ere inork ez du ezer doan ematen; zuk zeuk moldatu behar duzu edozertarako, eta ikusiko duzu nola nahi duzuna lortzeko ezinbestekoa den gogotik nahi izatea, gogor borrokatzea eta probatu eta huts egitea. Gainera, badakizu segurtasun-sare bat duzula, eta bigarren aukera bat izango duzula berriro saiatzeko. Hori bai, gogoan izan errepide honetan “ez dagoela oporrik”, eta oso sakrifikatua dela.

Zuzenean ekintzaile izan nahi dutenei esango nieke badaramatzagula bi urte borrokan, eta honezkero badugula bildua esperientziatxo handi bat: EZ izan aldatzeko beldurrik, eragin ezazu aldaketa, beste inork ez baitu egingo zugatik. Moldatu zaitez aurrera egiteko, partekatu zure ideiak beste pertsona batzuekin… San Frantziskon ikasi genuen ideia batek ez duela ezertarako balio, beste batzuekin partekatzen eta aberasten duzun arte; ez pentsatu inork lapurtuko dizunik, garrantzitsuena da lantzen hastea eta garatzea, harik eta egia bihurtzen den arte. Eta orobat garrantzitsua da jakitea inoiz ez dela berandu hasteko.

Oro har mundu guztiari esaten diogu ez dezatela izan porrot egiteko beldurrik, eta erakuts dezatela beren potentziala EKINTZEKIN. San Frantziskon, enpresak bisitatzera joan ginenean, inork ez zigun galdetu zer ikasi genuen, nortzuk ginen edo nondik gentozen; gure lorpenez bakarrik galdetu ziguten, gure ekintzez, lortutakoez eta bidean izandako porrotez…

 

WINN taldean daude: Iñigo Iturrioz, Nerea García, Karla Imbert, Leire Anguita, Iñigo Díez, Beñat Isunza, Irati Arrien, Xabier Aboitiz, Lucía Crespo eta Asier Ojembarrena.


Info+: www.winnbilbao.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow