Wikitoki, Fiare banka etikoa eta Uliako auzotarrak dira Elkarlan sariaren irabazleak

27 January, 2016

Eusko Jaurlaritzak lehenengoz banatu ditu Elkarlan sariak. Sariketa horrek helburutzat du balio publiko partekatua sortzen duten ekimenei aitortza egitea. Helburua da baita ere eragile sozialen parte hartzea sustatzea, hiritarren premientzako erantzun berriak bilatu ditzaten. Urtarrilaren 22an, Bilbon eginiko ekitaldi batean, hiru antolakunde sozial hauentzako sariak banatu ziren: Wikitoki, Fiare eta Uliako Bizilagun Elkartea.

Wikitoki Elkartea praktika kolaboratiboetarako laborategi bat da, Bilboko San Frantzisko auzoan kokatuta dagoena. 25 lagunez osaturiko ekimen bat da, eta beren xedea da ko-sortzeko modu berriekin esperimentatzea. “Geure burua antolatzeko eta produzitzeko modu berriak garatu nahi ditugu, bizitza eta afektuak jarriz ekuazio horren erdigunean” azaldu zuen Maria Aranak, Wikitoki-ko bazkideetako batek sari-banaketa ekitaldian. “Horregatik bihurtu ginen praktika komunitate; geure esperientziatik eta beste batzuenetik ikasten dugu, eta geureganatutako ezagutza hori kanporantz irekitzen saiatzen gara”.

Fiare proiektuari laguntzeko Euskadiko Elkartea izan zen beste saritu bat, banka etikoaren irizpideen arabera funtzionatzen duen kreditu kooperatiba. Periko Pérez-Arrospidek, Fiare Fundazioko presidenteak, esan bezala, “eraldaketa sozialaren zerbitzura jarritako tresna izan nahi dugu, eta ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak finantzatzen ditugu horretarako”. Banka horrek 2.000tik gora laguneko eta antolakundeko sarea du Euskadin, eta Periko Pérez-Arrospideren hitzetan, “jarduera ekonomikoa pertsonaren zerbitzura jartzea” da beren oinarrizko printzipioa.

Azkenik, Uliako Bizilagun Elkarteak ere jaso zuen Elkarlan saria, Uliako Lore Baratzak proiektuagatik. Ekimen horrek 10 hilabete daramatza martxan, eta denbora horretan, auzotarrek diseinatu eta kudeatutako parke publiko bat egin dute auzoko haztegi zaharretan. Oraingoz, adin guztietarako ingurumen-hezkuntza jarduerak garatu dituzte, balioan jarri dituzte XIX. mendeko ur deposituak eta hiriko lehen baratze ekologiko komunitarioa sortu dute, zeina zabalik baitago kolektibo desberdinentzat. “Topagune bat eskaini nahi diegu auzoko pertsona eta elkarteei” azaldu zuen Eider Sanzek, auzokoen elkarteko kideak. Udaberrian  lehen jardunaldi komunitarioak antolatuko dituzte eta espazioaren plangintzarako ideiak bilduko dituzte bertan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow