The Art of Co- ekitaldiak lankidetzari eskainitako astea proposatu du

26 May, 2016

Ekainaren 24tik uztailaren 2ra metodologia eta praktika berriak partekatzeko ekitaldi bat egingo da Donostian.

The Art of Co- ekitaldiaren helburua da 10 egunez elkarrekin biltzea lankidetzarekin lotutako antolakuntza-eredu berrietan interesatuta dauden erakunde, kolektibo, proiektu, enpresa eta pertsonak. Jardunaldien asmoa da eragile horien guztien arteko topaketa sustatzea sareak sortzeko eta elkarrekin ikasteko hainbat esparru landuz, hala nola, hezkuntza, ekonomia, ingurumen sostengarritasuna, lantaldeen kudeaketa, e.a.

Ekitaldiak bi ildo izango ditu: ko-ikaskuntza eta ko-laborategia. Lehenengoan, elkarrekin partekatuko dituzte munduko toki desberdinetan sortzen ari diren metodologia eta eredu berriak, alegia, sostengarritasunarekin, pertsonekin eta planetarekin zerikusia dutenak. Sorkuntzarako tresnei eta lantaldeen kudeaketari buruzko tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dira, ondoko hauek barne: adimen emozionala eta prozesu kolaboratiboak, soziokrazia edota Presentzia Sozialaren Antzokia. Orobat eskainiko dira gobernantzarako eta ingurumen sostengarritasunerako eredu berriei buruzko hitzaldiak (trantsizioan dauden hiriei, eko-herriei eta permakulturari zuzendutako topaketekin) eta baita ere guztion ongiaren ekonomia, ekonomia zirkularra eta ekonomia kolaboratiboa lantzeko tailer eta hitzaldiak.

Ko-laborategia, berriz, esparru eta eskola desberdinetako bideratzaile eta aldaketa agenteen arteko topagunea izango da, eta elkarrizketa sustatzea izango du helburu. Xenki Berho-k, topaketaren antolatzaileetako batek, adierazi bezala, “topaketa hori bereziki diseinatuta dago diziplina desberdinetatik datozen pertsonen artean bilera estrategikoak egiteko”, “asmoa baita sinergiak eta lankidetzarako ideiak sortzea”. The Art of Co- ekitaldiaren programa osatzen duten bi ildoak elkarrekiko osagarriak dira, eta, biek hala biek, helburutzat dute “elkarrekin partekatzea guztion ongia lortzera bideratutako metodologia komunitarioak, enpresa metodologiak, prozesuak eta lankidetza ereduak, hots, pertsonen eta planetaren arteko oreka sustatzen dutenak”, azaldu du Xenki Berho-k. Azkenik, uztailaren bian doako jarduera ireki bat egingo da, gogoeta kolektiboa egiteko open space metodologia erabiliz.

Ekitaldi hori “Emanhar” elkarteak bultzatu du, zeina duela urtebete inguru sortu baitzen halako ekitaldiak antolatzeko. Topaketaren hasierako sustatzaileetako batzuk dira IIFAC, Nazioarteko Bideratze eta Aldaketa Institutua, OuiShare sarea eta Impact HUB; dena den, pixkanaka erakunde gehiago sartu dira The Art of Co- ekitaldiaren antolakuntza-taldera eta une honetan 40 bat kolaboratzaile dira guztira. Jardunaldiek Donostia 2016 ekimenaren eta Donostiako Udalaren babesa ere badute.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow