“Berritu beharra daukagu bizirauteko; berrikuntza ez da aukera bat”

19 June, 2017

 

Lorenzo Díaz de Apodaca, Air Studio Geoinformation Technologies Arabako bazkide; ETE bat da, laster bost urte beteko dituena

Air Studio Geoinformation Technologies Arabako ETE bat da, laster bost urte beteko dituena; horrek argi erakusten digu, beraz, garapen-maila egokia erdietsi duela. Hasieratik murgildu dira datuen bilketa masiboan, tresna anitzak baliatzen dituztelarik horretarako: autoak, kamioiak, dronak, robotak, tripulaziorik gabeko hegazkinak… Datuak bildu ondoren, tratatu egiten dituzte, eskatu dizkieten instituzio, organo edo enpresei entregatzeko. Oso sektore desberdinetan zentratzen dira, hala nola, hauetan: ingurumena, arkitektura, arkeologia edota “smart city”. Bost langilek osatzen dute Air Studio kooperatiba, horietatik hiru bazkideak. Arabako Teknologi Parkean dago kokatuta, eta berriki bere lehen ordezkaritza ireki du Sevillan, 4.0 Industriaren alde egin duen apustuari jarraiki.

Lorenzo Díaz de Apodacak, enpresaren fundatzaileak, errepaso bat eman die Radio Euskadiko Made in Basque Country programan ETEen etorkizuneko erronkei, eta Air Studio-ren bultzatzailearen esanetan, bikainak izatea beste erremediorik ez dute.

Datuak, datuak eta datu gehiago… Joera geldiezin baten aurrean al gaude?

Zalantzarik gabe. Datuez ari gara, baina datu kopuru erraldoiez. Ezagutza ordezkatzen dute, baina era berean SPAM fenomeno kontrolaezinak sor ditzakete, zeren ezagutza justu kontrakoa baita, hau da, ezagutza da behar den informazioa izatea behar denean erabiltzeko. Gainerako guztia soberan dago.

Laster beteko dituzue bost urte, eta normalean denbora-tarte hori jartzen da enpresa batek bakarrik hegan egin dezakeen ala ez ikusteko…

Guk bultzaka jarraitzen dugu oraindik, lehen eguna balitz bezala, eta uste dut horixe dela giltza. Eta baita ere etorkizuneko ikuspegia edukitzea, atzean ez gelditzeko.

Air Studio enpresaren helburua da datuak masiboki atzematea, ondoren aztertzeko eta bezeroari entregatzeko erabaki bat hartu baino lehen. Adibideren bat jar dezakezu?

Sektore oso desberdinetako bezeroentzat lan egiten dugu: ingeniaritza, ingurumena, arkeologia, nekazaritza, turismoa…  Bezeroek deitzen digute informazioa behar dutelako erabakiak hartzeko. Demagun hiri bateko mantenimendu enpresa bat, pentsa dezagun jakin nahi duela nolako baliabideak dituen bere lana ahalik eta modu lehiakorrenean egiteko. Horretarako, jakin beharko dugu zeintzuk diren gure aktiboak; hiri baten kasuan, zein den errepideen, espaloien, kaleen edo farolen egoera. Guk aplikazio batean jartzen dugu hori guztia, baliabideak kudeatu behar dituenak erraz eta arin ikus dezan zer daukan eta zein egoeratan dagoen.

Zeintzuk dira zuen bezeroak?

Oraingoz, eta zoritxarrez, ez dira asko zuzenean gurekin harremanetan jartzen direnak, baina pixkanaka ari gara hori ere lortzen. Guk geuk eragin ditugu horrelako kontaktuak. Gure bezero handienak administrazio publikoak dira, batik bat, ingeniaritzen eta arkitektura estudioen esparrukoak, eta orain nahiko inplikatuta gaude 4.0 Industriarekin.

Berriki Madrileko Erkidegoan izan zarete, hiriburuko airea neurtzen, hau da, kutsadura biologikoa aztertzen. Zein helbururekin?

Probak egiten ari gara Madrileko Erkidegoarekin eta Unibertsitate Politeknikoarekin, ikusteko posible ote den eraginkortasunez neurtzea polenaren, bakterien, birusen edo onddoen portaera. Guk ematen diegun informazioarekin biologoek eta erkidegoko biztanleek hainbat neurri har ditzakete, hain larria den kutsadura biologikoari aurre egiteko.

Eta dena neurtu daiteke?

Dena neurtu daiteke bai, zalantzarik gabe. Hori bai, neurtzeko modua edo sentsore egokia bilatu behar da, eta batez ere, prozedura. Ordenarik gabe neurtzeak kaosera garamatzalako.

Neurketak egiteko dronak erabiltzen dituzue besteak beste, baina ez da hori eskura duzuen tresna bakarra…

Dronak tresna bat dira, eta guk hala erabiltzen ditugu. Aparatu horiek oso eraginkorrak dira, eta gainera, oso modan daude orain komunikabideetan, baina ez dira arazo guztien konponbidea. Are gehiago, dron bakarrak ezin die konponbidea eman arazo desberdinei. Dron bakoitza desberdina da, desberdin konfiguratu behar baita eman nahi zaion aplikazioaren arabera. Baina batzuetan ikaragarri konplikatzen gara dronekin, konturatu gabe datuak berdin atzeman daitezkeela auto batekin, bizikleta batekin edo motxila bat daraman pertsona batekin… Ehunka aukera daude.

Beti uzten duzue argi Air Studio ez dela dronak diseinatzen eta fabrikatzen dituen enpresa bat…

Hori da. Zerbitzu ingeniaritza bat gara, eta tresna egokienak erabiltzen ditugu konponbideak aurkitzeko.

 Zein galbahe erabiltzen duzue atzemate masibo batetik sor daitekeen spametik informazio baliagarria aukeratzeko?

Lau zatitan irudikatutako piramide batean bistaratzen dugu guztia. Oinarrian, zatirik zabalenean, jartzen ditugu Interneten edo beste edozein tokitan aurki daitezkeen datuak, baina normalean ez dugu jakiten ez nondik datozen, ez zehatzak diren… Piramidea mailaka estutzen da, eta beraz, pixkanaka murriztu egiten da maila bakoitzeko datu masibo kopurua. Hor badago informazioa, datu prozesatuak eta ordenatuak direlako, eta suposatzen da erantzuna ematen diotela premia bati. Pixka bat gehiago igota, informazio hori erabakiekin aplikatuz gero, ezagutza lortzen duzu. Piramidearen puntan, berriz, laranja zukua dagoen tokian, adimena jartzen dugu.  Guk horrela bistaratzen dugu, eta uste dut nahiko ondo ulertzen dela.

Zuen enpresan I+G eskakizun bat da, eta ez aukera bat, zergatik da horrela?

Benetan horrela dela uste dugulako. Gure iritziz ez da aukera bat, ez guretzat eta ez beste inorentzat. Merkatuak hain modu erradikal eta aldakorrean kudeatzen diren une honetan, hain azkar ari gara hazten, ezen ezinbestekoa baita I+G lantzea. Baina gainera, gure kasuan, kontuan harturik gure tamaina, ahalik eta gehien berritu behar dugu bizirauteko, bai kudeaketan eta bai teknologian. Beraz, ez da aukera bat bakarrik, baizik eta derrigor da.

Beste partner batzuekiko aliantzak ere eskakizun bat dira zuentzat?

Hori ere bai, eta kosta zaigu horretaz konbentzitzea, ulertzea aurrera egin nahi badugu beste bazkide batzuen laguntza behar dugula. Aliantzak sortzen hasten zarenean ohartzen zara dena edo ia dena albiste onak direla, edo irabaziak… Bide ematen digu bestela inolaz ere lortu ezingo genituzkeen teknologia, negozio-ereduak edo komunikazio-sistemak eskuratzeko. Dena abantailak dira.

Testuinguru horretan iritsi zarete 4.0 Industriarako urratsa ematera?

Hala da, bai. Gauza batek bestea dakar beti, eta esan ohi da ate bat ixten denean beste bat irekitzen dela. Gure kasuan, 4.0 Industriaren aldeko apustuak eraman gaitu ordezkaritza bat irekitzera Sevillan, gure lehen ordezkaritza. Andaluziako Juntak, Sustapen sailak zehazki, 18 hilabeteko kontratu bat esleitu digu, hango errepide-sare osoaren mantenimendu plan bat egiteko. Lehen fasean, Erkidegoko errepideetako (5.000 kilometro) informazioa jasoko dugu, Juntak gero bere baliabide ekonomikoak eta langileak kudeatu ditzan ahalik eta probetxu handiena ateratzeko moduan, eta errepideak ahalik eta egoera onenean egon daitezen.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow