Teknologia lasaiaren printzipioak

3 urtarrila, 2018

 

Amber Case antropologoak arreta gutxi eskatzen duen teknologia defendatzen du

Mark Weiser eta John Seely Brown ikerlariek 1995ean sortu zuten Calm technology edo teknologia lasaiaren terminoa, erantzuna emateko IKTen konplexutasun gero eta handiagoari, uste baitzuten horrelako sistemek sinplifikatu egin behar lituzketela konexioak, konexio berriak sortzen jarraitu beharrean. Amber Case antropologoak eta Internet aztertzeko Berkman Klein Zentroko (Harvard Unibertsitatea) kideak kontzeptu hori berreskuratu du, gure arreta erakartzeko lehian dabiltzan teknologien alternatiba gisa.

 

Ikerlariak teknologia lasaiaren zortzi printzipioak garatu ditu, eta online dagoen txosten batean aurkeztu zituen Telefónica Fundazioan. Bertan dioen bezala, bi urte barru 50.000 milioi gailu mugikor egongo dira munduan, eta oraindik ezin da jakin hori onerako izango den ala ez. “Pentsatzen genuen teknologiak askatu egingo gintuela, denbora libre gehiago emango zigula, baina gas moduko bat bihurtu da, toki guztietara zabaltzen dena eta espazio osoa inbaditzen duena. Nola egin dezakegu atzera teknologiarekiko harreman hobea lortzeko?” dio Case-k.

 

Teknologia lasaiaren printzipioek diote ahalik eta arreta gutxien eskatzen duten (arreta periferikoa bakarrik eta benetan beharrezkoa denean) gailuak sortu behar direla. Teknologia gai da komunikatzeko arreta-gune bihurtu gabe. “Benetan nahi ditugu gertatzen ari den guztiaz informatzen gaituzten gailuak? Ez dugu behar teknologia hain konplexurik, soilik pertsonok adimendunago egiten gaituztenak”. Zentzu horretan, Calm Technologyren beste printzipio baten arabera, teknologia maila egokiena da arazo bat konpontzeko behar den gutxienekoa.

 

Teknologia lasaia da baita ere perfektuak ez diren inguruneentzako gailuak diseinatzea, hots, gai direnak huts egiten dutenean ere funtzionatzen jarraitzeko, eta aniztasuna errespetatzen dutenak, mundua ere anitza delako. Antropologoak azaldu bezala, “teknologiak menderatutako eszenatoki perfektuak sortzen dira, baina errealitatea oso desberdina da, gerta bailiteke bateriarik gabe gelditzea, konexio oso txarra izatea edo pasahitza ahaztea”.

 

Amber Case-k komunikazio lasaiaren hainbat adibide aipatzen ditu bere Calm Technology ikerketan, gizakien eta gailuen arteko elkarreraginaren erakusgarri. Horietako bat da argiak erabiltzea informazioa emateko modu ez intrusiboan, gure arreta osoa eskatzen duten alertak murriztea benetan garrantzitsuak diren gauzetara mugatuz eta informazioa modu sinple, ulergarri eta intuitiboan bistaratzeko diseinuak egitea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow