Talleres de Guernica enpresak, tornuentzako plateretan munduko liderra denak, 100 urte bete ditu

16 maiatza, 2016
Talleres de Guernicaren irudia.

Enpresa bizkaitarrak munduko plater automatiko handiena fabrikatu zuen, alegia 7 metroko diametrokoa, eta 73 tona burdin urtu behar izan zituen horretarako. “100 urtetik gorako enpresak harribitxiak dira”, adierazi dute Bizkaiko Merkataritza Erregistroan. TDEG enpresak zailtasun asko gainditu behar izan ditu bere ibilbidean zehar, esaterako, gerrak eta krisiak. Hala ere, jakin du merkatuko aldaketetara eta premietara egokitzen.

 

Bizkaiko Talleres de Guernica (TDEG) enpresa mundu mailako liderra da tornuentzako plater handien fabrikazioan. Aurten ehun urte bete ditu, adin sinbolikoa eta oso enpresa gutxik betetzen dutena. Espainian 41 bakarrik dira beren jarduera XIX. mendean hasi zuten sozietateak. TDEG handik gutxira sortu zen, 1916ko maiatzaren 12an.

 

Gandarias familiako patriarkak Gernikako trenbidearen ondoan sortu zuen makina industrialetako Talleres de Guernica, S.L. (TDEG) enpresa. Harrezkero, konpainiak zailtasun ugari gainditu ditu -bi mundu gerra eta gerra zibila, krisi ekonomikoak…-, batez ere, langileen nekaezintasunari esker eta beti jakin duelako merkatuko eskakizun eta premietara egokitzen. Era berean, gai izan da berritzeko eta nazioartekotzeko. TDEG enpresako langileek zerbait ikasi badute da ingurune aldakorretan desagertu egiten direla erreakzionatzeko gaitasunik ez duten konpainiak.

 

Bere xedea zen aerosorgailuei eusteko dorreen eraztunak eraikitzea

Horregatik, XX. mendearen lehen erdian TDEGk etengabe modernizatu zituen fabrikazio prozesuak, eta uneoro eguneratu zuen bere produktu tipologia: tornu eta fresa txikietatik hasi eta broka zorrozkailuetara, ebakitzeko tresnetara… Mendearen erdialdean erabaki zuen tornu industrialetarako plateren diseinuan eta fabrikazioan bakarrik zentratzea, hau da, torneatuko den elementuari eusten dion piezan, hain zuzen. Bere garaian, 500 langile baino gehiago izan zituen TDEGk.

 

Harreman ekonomikoak eta komertzialak globalizatu direnetik, enpresak negozio eredu berri baten alde egin du, alegia: balio erantsi handiko produktu esklusiboak fabrikatzea, bezeroen premietara ehuneko ehunean egokituak. Gaur egun, TDEG liderra da diametro handiko tornuentzako platerak behar dituzten konpainiei irtenbideak eskaintzen. Duela urte batzuk fabrikatu zuen tornu automatikorako munduko plater handiena izaten jarraitzen duena: 7 metroko diametroa zuen eta bera egiteko, 73 tona burdin urtu behar izan zituzten 1.500 gradutik gorako tenperaturan. Bere xedea zen aerosorgailuei eusteko dorreen eraztunak eraikitzea.

 

Oso enpresa gutxik betetzen dituzte ehun urte. Sozietateen batez besteko bizitza 11,6 urtekoa da Espainian, Informa D&B aholkularitzak eginiko azterlan baten arabera. Gainera, %1,25 bakarrik sortu ziren 1975. urtea baino lehen. Bizkaiko Merkataritza Erregistroan ez dakite zehazki zenbat diren Bizkaian edo Euskadin ehun urte baino gehiago dituzten konpainiak. Hala ere, segurtatu dutenez, “oso gutxi izan behar dute”.“Mendea betetzea oso arraroa da enpresa batentzat”.

 

Gainera, enpresaren eraikina, 1937ko bonbardaketari biziraun ziona, Ricardo Bastidak (1879-1953) diseinatu zuen, Bilboko Udaleko arkitektoak, zeinak eraikuntza-ondare zabala utzi baitu Bizkaiko hiriburuan eta beste herri batzuetan. Bere estudiotik ateratakoak dira, besteak beste, Alondegia (egun Azkuna Zentroa dena), Deustuko Zubia eta Bilboko Udaletxea, Indautxuko Eskolak, Institutu Zentrala, Madariaga Dorreko etxebizitzak (Deustu) edota Punta Begoñako Galeriak (Getxo).

 

Talleres de Guernica enpresaren egungo egoitzan, Bastidak bikain uztartu zituen fabrika batek behar duen arrazionaltasuna eta estetika industriala.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow