Taldeko lidergoa aniztasun funtzionala duten pertsonentzat

4 May, 2017

Prozesuan berrikuntza irekiko metodologiak aplikatu ziren.

Design For All Fundazioak Gallarreta Lantegiak-en proiektua aukeratu du jardunbide egoki bezala.

 

2016an Gallarreta Lantegiak-ek proiektu bat abiarazi zuen taldeko lidergoa eta komunikazio positiboa indartzeko bere plantillako langileen artean. Ekimen hori, Dinamik Ideas aholkularitzak abian jarria, hautatua izan da International Design For All Foundation Good Practices Awards sariketaren 8. edizioan.

 

Bizkaiko enpresa lan-zentro berezi bat da, lan-aukerak eskaintzen dizkiena ezgaitasun fisiko, kognitibo edo psikosozialak dituzten pertsonei. 2013an, Dinamik Ideas aholkularitzarekin hasi zen lanean berrikuntza prozesu batean, helburutzat harturik areago hobetzea denboraren kudeaketa, barne-harremanak eta antolakundearen emaitzak. Iaz, prozesu horretan aniztasun funtzionala duten langileak inplikarazi ziren, lidergorako eta komunikaziorako dituzten gaitasunak indartzeko.

 

Proiektuan zehar aplikatutako metodologiek oinarritzat dute berrikuntza irekia, pertsonengan zentratutako diseinua eta design thinking delakoa, eta metodologia horien bidez langileen premia eta gaitasunak identifikatu ziren, konponbide egokiak bilatzeko bai langileentzat eta bai enpresarentzat. Prozesuaren helburu nagusia zen komunikazio positiboa hobetzea antolakunde barnean, motibazioa indartzea eta antolakundearen kultura berritzailea sustatzea konpainiaren maila guztietan.

 

Proiektu hartan Gallarreta Lantegiak-eko 45 pertsonak parte hartu zuten. Prozesuaren emaitza bezala hiru gune fisiko berri diseinatu dira komunikazioa hobetzeko: topagune bezala erabiltzen den arbela, gatazkak konpontzeko bulegoa eta elkarbizitzarako gunea. Lorpen ukiezinei dagokienez, taldeko lan honi esker murriztu egin da gatazka kopurua, hobetu egin dira langile guztien enpatia eta motibazioa eta indartu egin dira komunikaziorako gaitasunak.

 

Design For All Foundation-ek jardunbide egoki bezala hautatu du ekimen hori, nazioarteko beste 35 ekimenekin batera, bere urteroko sariketan. Sariketa horren helburua da diseinu unibertsala sustatzea esparru guztietan. Asmoa ez da hainbeste proiektuen arteko lehia bultzatzea, baizik eta ikusgarritasuna ematea gizarte inklusiboago baterantz aurrera egitea helburu duten proposamen guztiei. Halere, datorren maiatzaren 18an, nazioarteko epaimahai batek bost jardunbide inspiratzaileenak iragarriko ditu Sant Antoni de Calonge-n (Girona) egingo den Turismo aktiboa pertsona guztientzat kongresuaren barruan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow