Sprilur, Araba Garapen Agentzia eta Gilsak hitzarmen bat sinatu dute lurralde historikoko industria lurzoruaren eskaintzea koordinatzeko

21 March, 2016

Hiru erakundeek hitzarmen bat sinatu dute kudeaketa sistemak koordinatzeko, Arabako industria sarea hobeto ezagutzeko eta azpiegituraren eskaintza eta eskaera elkarrekin analizatzeko

 

Industria lurzorua kudeatzen duen Sprilur Eusko Jaurlaritzaren sozietateak, Arabako Foru Aldundiaren mendeko Araba Garapen Agentzia sozietate publikoak eta Gasteizko Industria Lurra (GILSA) Gasteizko Udalaren mendeko sozietate publikoak hitzarmen bat sinatu dute koordinazio hobetzearren Araban industria lurzoruaren eskaintza lehiakorra sortzeko orduan. Hitzarmena sinatzeko ekitaldi horretan parte hartu dute Alexander Arriola SPRIren zuzendari nagusiak, Pilar García de Salazar Arabako diputatu nagusiordeak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

 

Hitzarmenaren oinarria hau da: hiru erakundeen artean koordinatzea kudeatzeko sistemak eta bezeroari erantzuteko prozesuak, halako moldez non informazio xehatua eskainiko den eskaintza guztiari buruz. Hala, bada, konpromisoa hartzen dute interesatuei informazioa emateko parte hartzen duten erakunde horietan eskura diren azpiegiturei buruz, hau da, interesatuen eskarien arabera axolazkoak diren azpiegiturei buruz.

 

Halaber, Sprilurrek, AGAk eta Gilsak konpromisoa hartzen dute elkarlanean jarduteko Arabako industria sarea eta haren beharrak hobeto ezagutzeko, eta, horri begira, egokiak diren azterlan, analisi eta enpresa erroldak egiteko eta Araban dagoen industria azpiegituraren eskaintza eta eskaera elkarrekin analizatzeko, arreta berezia jarriz beharrizan berriak identifikatzeko, eta erabili gabe geratzen ari diren espazioak eta hiri bilbearren barruan dauden industria eraikinak beren oneratzeko. Asmo horrekin berorrekin, industria azpiegiturak dauzkaten beste erakunde pribatu eta publiko batzuei ere elkarlana eskainiko zaie, eta katalogo hori erantsiko interesa izan lezaketen bezeroei eskainitako informazioan.

 

Hiru agente horiek zeregin horretarako eratutako taldeak zehaztu du dagoeneko zeintzuk izango diren elkarlanari ekiteko proiektuak; hasteko, hilero-hilero trukatu eta eguneratuko dira erakunde bakoitzak bere katalogoan erabilgarri dituen lurzati eta pabilloiei buruzko oinarrizko informazioa daukaten datu baseak: lokalizazio eta identifikazio datuak, ezaugarri teknikoak, hirigintza parametroak, prezioak, zortasunak, mantenimendu kostuak eta abar. Horri esker, erakunde bakoitzaren web orriak lotu egingo dira, haien arteko nabigazioa errazteko eta informazio koordinatua eta homogeneoa eskaintzeko.

 

Epe motzean gauzatzeko neurrien artean izango da, orobat, merkatu azterketa bat egitea elkarrekin, honako hauei buruz: lurzoruaren eskaria, merkatuko segmentu batzuen eta besteen eboluzioa, eskatzen diren zerbitzu osagarriak eta egungo eskaintza egokitzeko beharrizanak, eta, orobat, lurralde historikoan eta arabar kuadrilletan zer industria lurzoru dagoen erabilgarri, identifikatuz zer aukera dagoen erabili gabe geratzen ari diren lurzoruak edo lurzoru narriatuak nahiz hiri bilbean dauden industria eraikinak beren oneratzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow