SPRI babesle izango da Euskadin egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzian

7 March, 2016

Lau erakundeek (Tecnalia, EEE-EVE, SPRI eta EuskoTren), hiri kudeaketa era berrien garapenarekin erlazionatutako eragile publikoak eta pribatuak elkartuko dituen ekitaldia babestuko duten kideen sarean sartuko dira, Irizar enpresarekin batera. Konferentzia ICLEIk – Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatu dute, Udalsarea 21ekin batera.

2016ko apirilaren 27tik 29ra Euskadin egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziak lau babesle berri sartu ditu bere sarean. Tecnalia zentro teknologikoak, Energiaren Euskal Erakundea-EEE-EVEk, SPRI sozietate publikoak eta EuskoTren garraio operadoreak Irizar enpresarekin bat egin dute ekitaldiaren erakunde laguntzaile gisa.  Ekitaldian, Europa osoko administrazio, ikerketa eta ekonomia alorretako mila ordezkari inguruk hartuko dute parte.

 

Tecnalia, EEE-EVE, SPRI eta EuskoTren Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziaren babesleen taldean sartu izanak, ekitaldiaren antolatzaileek, hirigunean ekintza jasangarrien garapeneko eragile publiko eta pribatu aktiboenen inplikazioa lortzeko egin duten apustuari forma ematen dio.  Lau laguntzaile berriak, urtarrilean proiektuarekin bat egin zuen eta hiri jasangarritasunaren alorrean i2e autobus %100 elektrikoa bezalako ekimen azpimarragarriak dituen Irizar enpresari gehitzen zaizkio.

 

Laguntzaile berriek partaidetza garrantzitsua izango dute konferentzian, aurretik gauzatuko dituzten jarduerekin: EEE-EVEk Euskadiko agintariekin izango duen topaketa, Covenant of Mayors izenekoan; SPRI sozietate publikoak antolatu duen Enterprise Europe Network izenekoaren Ingurumenaren Sektore Taldearen ekitaldia; edo konferentziaren berri ematea informazio sistemaren bitartez EuskoTrenen geltokietan eta tranbiaren geralekuetan.

 

Iosu Madariaga Ingurumen Sailburuaren hitzetan, erakunde horiek sartu izana oso garrantzitsua da gizarte osoak bere burua islatuta ikus dezakeen agertoki integratzailea lortu ahal izateko. “Administrazioek hiriko bizitza jasangarria sustatzeko egin dezaketen esfortzua ez da gai, bera bakarrik, baldintza egokiak sortzeko. Jasangarritasunean eta eraginkortasunean sinesten duten enpresa berritzaileak eta pertsona ekintzaileak behar ditugu, horiek gabe ezinezkoa izango baita pauso eraginkorrak ematea”.

 

Konferentziaren lau babesle berriek jasangarritasunarekin duten konpromisoa azpimarratu behar da. Energiaren Euskal Erakundea-EEE-EVEk politika jasangarriak martxan jartzea sustatu du era aktiboan sortu zenetik, Euskadiko udalerriei energia eraginkortasunaren aldeko programetara sartzen lagunduz. Ildo berean, SPRIk teknologian eta ezagutzan oinarritutako industria eredurako trantsizioa bultzatu du, eta Tecnalia, hiriko zerbitzuak hobetzera zuzendutako proiektu askoren arduraduna da.

 

EuskoTrenen kasuan, garraio operadore integrala da eta, tren sarea kudeatzeaz gain, tranbia ereduaren aldeko apustua egin du hiriguneetarako, garraiobide jasangarri gisa. Bere apustua, Irizarrek egindakoa bezalako jardueren osagarria da. Irizarrek, ohiko autobus dieselarekin alderatuz karbono aztarna %86 murriztea lortzen duen autobus erabat elektrikoa egin du Euskadiin.

 

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Esperientzien trukaketa

Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia, 2015eko Garapenerako Agenda martxan jartzeko NBEren Goi Bileraren eta abenduan Parisen egin zen Klimaren Aldaketarako Aldeen Konferentziaren (COP21) ondoren egiten den toki jasangarritasunari buruzko eztabaidarako eta esperientzien trukaketarako kontinenteko hitzordu nagusia izango da.

 

Stefan Kuhn ICLEI Europaren zuzendariordeak gogoratu duenez, Euskadin egingo den Konferentzia europarraren helburu nagusietakoa, kontinenteko gune anitzetan lan egiten duten eragileen arteko topalekuak sortzea da, euren esperientziak kontrasta ditzaten. “Ezagutzaren trukaketa behar dugu maila guztietan, beste leku batzuetan zer egiten den eta arazoak nola konpondu dituzten ikustea, ondoren Europan jende guztiari hau esateko: horrela jardun behar dugu”.

 

Paris, Aalborg, Bilbo, Copenhague, Bartzelona, Helsinki, Ljubljana, Donostia, Münster, Växjö, Gasteiz, Brusela, Tirana, Thessaloniki, Grand-Synthe edo Bologna bezalako hiriek tokiko gobernantza, hirien potentziala, hiri ekoizlea edo Europarako Hiri Agenda berria bezalako gaiei buruz eztabaidatzeko aukera izango dute.

 

Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia Europarra, ICLEIk – Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatu dute, Udalsarea 21en – Jasangarritasunaren aldeko Udalerrien Euskal Sarearen, partaidetzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Gasteizko Udalaren laguntza du.

 

Ekitaldiaren egitarau osoari buruzko informazio guztia  Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziako webgune ofizialean eta Twiterreko @sustain_cities kontu ofizialean dago, #Basque2016 hashtagarekin.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow