SPRIk Innobideak Estrategiaren deialdia ireki du, deialdi horren bidez diru-laguntzak emateko berrikuntza ez-teknologikoko proiektuentzat

7 April, 2016

Ekimen horretara 2,5 milioi euro bideratu dira eta industri arloko enpresei zuzenduta dago. Innobideak estrategia global bat da, lau laguntza-ildo eskaintzen dituena: Kudeabide, kudeaketaren hobekuntzarako; Lehiabide, produktua eta merkatua dibertsifikatzeko; Pertsonak, langileen partaidetza bultzatzeko enpresan; eta Prestakuntza, aurreko hiru ildo horiek gaikuntzaren bidez indartzeko. Bost lanpostuko enpresek lehen aldiz daukate aukera Lehiabide programaren onuradun izateko. Programa apirilaren 8an hasi eta irailaren 28an amaituko da. Argibide gehiago info@spri.eus helbidean eta 902702142 telefonoan.

 

Innobideak Estrategiarako deialdia apirilaren 8an (bihar) irekiko da, 2016ko irailaren 28ra arte. Estrategia horrek diruz laguntzen ditu euskal enpresen lehiakortasuna sustatzea helburu duten berrikuntza ez-teknologikoko proiektuak.

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bidez zuzendutako laguntza-ildo horrek 2,5 milioi euroko zuzkidura du. Funts horien helburua da industria arloko enpresetan berrikuntza ez-teknologikoa txertatzen duten proiektuak subentzionatzea, euskal konpainien kudeaketa hobetzeko, merkatu berrietarako sarbidea errazteko, produktu berrien garapena sustatzeko eta, bide horretatik, denboran sostengarria izango den posizio lehiakorra lortzeko.

Estrategia horren onuradunak dira industri arloko enpresak, enpresa horien produkzio prozesuari lotutako zerbitzu teknikoetako enpresak, eta informazio eta komunikazio gizartearen arlokoak, baldin EAEn zentro bat badute beren jarduera ekonomikoa garatzeko.

Innobideak estrategia lau laguntza-ildotan egituratzen da, erantzuna emateko ekimen berritzaileen bidez hodetu daitezkeen enpresa jardueraren hainbat alderdiri.

Lehiabidek kanpoko profesionalekin lankidetzan ari diren euskal enpresei laguntzen die produktuak eta zerbitzuak dibertsifikatzeko aukera emango dieten alderdiak identifikatzen, bide horretatik premia berriak estaltzeko eta merkatu berrietan sartu ahal izateko.

Lehiabide 2016ko programan bada nobedade bat, zeren bost lanpostuko enpresek aukera baitute onuradun izateko proiektuak lankidetzan gauzatzen badituzte.

Kudeabide programaren helburua da euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea, kudeaketa aurreratuaren metodologiak, tresnak eta printzipioak aplikatzen eta ezartzen lagunduz, hasierako kontraste baten bidez, eta proiektu pilotuak eta/edo finkatze-proiektuak garatuz.

Eusko Jaurlaritzak lideratutako programa hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin elkarlanean garatzen da, eta EUSKALITen laguntza ere badu.

Pertsonak. Innobideak Estrategiaren barruko hirugarren laguntza-ekintzak Pertsonak du izena. Langileek enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan parte hartzea sustatzen du, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko.

Azkenik, Prestakuntza ekimenak prestakuntza-moduluak eskaintzen dizkie enpresetako profesionalei, Kudeaketa Aurreratuaren giltzarriak ezagutu eta inplementatu ditzaten. Programa hori doakoa da eta urte osoko prestakuntza eskaintzen du.

Informazio gehiago nahi duten enpresak sar daitezela www.spri.eus web orrian edo dei dezatela 902702142 telefonora.

Aurrekoaren osagarri, eta Innobideak Estrategia ahalik eta enpresa gehienengana hurbiltzeko, SPRIk, GARAPENekin eta Tokiko eta Eskualdeko Garapen Agentziekin batera, dibulgaziozko jardunaldiak egingo ditu apirilean EAEko hainbat lekutan, bertatik bertara argitzeko edozein zalantza Innobideak Estrategiarekin lotutako programen helburuei buruz eta programa horien  onuradun izateko eskatzen diren betekizunei buruz.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow