Sostengarritasun ekologiko, ekonomiko eta soziala, ikuspegi berritzaile batetik

7 April, 2016

Apirilaren 27an I. Sustainable Week Topaketa egingo da Bilbon, eta hainbat jarduera antolatuko dira hilabete osoan zehar.

Sostengarritasuna landuko da, baina ez bakarrik ingurumenaren ikuspegitik, baita ere ikuspegi ekonomiko eta sozialetik, horixe baita Sustainable Week ekimenaren ardatza. Apirilean zehar, askotariko jarduerak antolatuko dira Bilbon eta Madrilen, jarduera horien bidez produzitzeko eta kontsumitzeko modu sostengarriak sustatzeko hiru ikuspegi horietatik abiatuta. Gainera, ezagutzera emango dira dagoeneko filosofia hori aplikatzen duten hainbat proiektu.

Sustainable Week Topaketa izango da ekimeneko ekitaldi nagusia. Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da, apirilaren 27an. Jardunaldirako izen-ematea dohainik da, eta askotariko proiektuek parte hartuko dute, zeintzuek erantzuna ematen baitiote hiritarrek gero eta gehiago eskatzen dutenari: alegia, planeta eta pertsonak gehiago errespetatzen dituzten produktu eta zerbitzu gardenagoak.

Hainbat aurkezpen egingo dira topaketan, hala nola, Slow Fashion Next, oihal produkziorako sistema masiboentzako alternatiba bat, zeinak frogatzen baitu posible dela moda sostengarria eta errentagarria lortzea; Pez Estudio, hiritarren parte-hartzean eta berrerabilpenean oinarritutako arkitektura estudioa; eta ekoizle ekologikoentzako Hermeneus plataforma. Ekitaldian parte hartuko dute halaber tokiko merkatari txikientzako Cocouse marketplace-k, Guztion Ongiaren aldeko Bikonsulting aholkularitzak eta Fair Saturday proposamenak, musikaren bidez proiektu sozialei laguntzeko nazioarteko ekitaldiak.

 

Exposición Fashion Revolution.

Fashion Revolution erakusketa ikusgai egongo da apirilaren 18tik 30era.

 

Topaketaz gain, apirilean zehar bestelako jarduerak ere antolatuko dira sostengarritasuna lantzeko ikuspegi desberdinetatik. Apirilaren 18tik 30era BEAZ Bizkaia egoitzak Fashion Revolution Bilbao erakusketa ostatatuko du, non Espainian diseinatu eta produzitutako piezak egongo baitira ikusgai. Apirilaren 28an, Unesco Etxea, Caóstica eta Zinegoak ekimenetako arduradunek Zineforum bat egingo dute zinema sostengarriari buruz. Sustainable Week ekimenak lehiaketa bat ere jarri du martxan ekimen berritzaileentzat, eta izena emateko epea zabalik egongo da apirilaren 20ra arte. 15 proposamen onenek Elevator Pitch formatuan aurkeztuko dituzte beren proposamenak apirilaren 29an, Auzo Factory Rekalde eraikinean egingo den topaketa batean.

Eduardo Iracheta, Laura Ruiz eta Ane Aldaya dira Sustainable Week ekimenaren bultzatzaileak (UPV/EHUko Publizitate eta Harreman Publikoetako ikasketen azken ikasturteko ikasleak), eta ZITEK zentroaren, UPV/EHUko Ekintzailetza sailaren, BEAZ Bizkaia zentroaren eta Bilbao Ekintza ekimenaren laguntza izan dute horretarako.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow