Sormena automatizazioaren etorkizunaren aurka

4 ekaina, 2015
Analasien irudia.

Teknologiek aurrera egin ahala hesi ugari gainditu dira automatizazioaren arloan, eta arestiko historian robotek egin dituzte lehen lan-eskuak egiten zituen zeregin asko. Hala ere, sormena da automatizazioak daukan oztopo handiena eta halaxe jaso du Nesta berrikuntza agentzia britainiarrak argitaratu berri duen Creativity Vs. Robots azterlanak. Txosten horrek automatizazioaren zeregina aztertzen du lan sortzaileetan eta Estatu Batuetako eta Britainia Handiko lan merkatua ikertzen du, datozen hamarkadetan maila globalean gailenduko diren joerak erakusteko.

Analisien emaitzek berretsi dute etorkizun hurbilean oso zaila izango dela lanpostu sortzaileak konputazioarekin estaltzea, izan ere Estatu Batuetako eta Britainia Handiko enplegu oso sortzaileen ia %90ean ez dago automatizazio arrisku handirik, hau da, makinek gizakiak ordezkatzeko arriskua oso baxua da edo ez da existitzen. Datozen hamarkadetan konputagailuek egin ahal izango dituzte gizakiok egin ditugun lanak, baldin eta arazoa ongi zehaztuta badago, erraz kuantifikatu eta ebaluatu badaiteke eta laneko ingurunea kontrol autonomoa ahalbidetzeko bezain sinplea bada. Baina askoz zailagoa izango da lana automatizatzea interpretazio maila altua badu, produktuaren edo zerbitzuaren amaierako emaitza ez badago aldez aurretik guztiz zehaztuta eta laneko ingurunea oso konplexua bada.

Ezaugarri horiei lan sortzaileek bereak dituzten beste hainbat alderdi erantsi behar zaizkie, hala nola adimen soziala, negoziazio lanetarako edo lantaldeen lankidetzarako ezinbestekoa dena, edo lehendik existitzen ez zen balio erantsiko produktu eta ideia berriak garatzeko gaitasuna. Parametro horiei jarraituz, Creativity Vs. Robots azterlanean lanbide sortzaileen ranking bat egin da -robotek ordezkatzeko arrisku txikiena dutenena- normalean sektore sortzailetzat hartzen direnetatik harago doana. Lehen postuetan artistak, arkitektoak, diseinatzaileak eta idazleak daude noski, baina baita ere zientzialariak, IKTetako eta Telekomunikazioetako adituak eta zuzendaritza, marketin nahiz publizitatearekin lotutako lanak.

Txosteneko emaitzen arabera, ekonomia digitalizatzeak berekin dakar teknologien erabilpen sortzailearekin eta adimen sozialarekin lotutako gaitasunen eskaera handitzea (eta ez murriztea) hainbat arlotan, hala nola softwarearen garapenean, zientzietan, hezkuntzan edo marketinean. Azterlanak dio munduko gobernuek badutela erronka handi bat, alegia, langileei laguntzea jarduera-eremu desberdinetan profesional sortzaile bihurtzeko trantsizioan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow