SolidaridUp, integrazioa bultzatzen duten keinu txikiak

19 uztaila, 2017

Zabalketa GKEak SolidaridUP proiektua jarri du martxan Getxoko 18 saltokirekin.

 

Baliabiderik ez duen pertsona bati kafe bat, ile-mozketa bat edota erlaxazio-saio bat ordaintzea; keinu sinbolikoak dira, baina lagungarri izan daiteke pertsona horrentzat, integratuago sentitu dadin komunitatean. Horra Zabalketa GKEak bultzatutako SolidaridUp proiektuaren atzean dagoen ideia. SolidaridUp ekimenak lankidetza sustatzen du Getxoko saltokien, herritarren eta erakunde solidarioen artean, eta badu baita ere Udaleko Lankidetza Sailaren laguntza.

 

Zabalketa erakundeak laguntza kanpaina bat jarri zuen martxan 2013an, Filipinar uharteak astindu zituen lurrikararen ostean, eta hortik sortu zen ideia hau. Herriko saltoki ugarik parte hartu zuten kanpaina hartan, ekarpenak jasotzeko puntu bilakatu zirelarik, eta kanpaina bukatutakoan, establezimendu askok jo zuten GKEaren bulegora, jakiteko nola jarrai zezaketen elkartasunezko laguntza programetan laguntzen. “Garapenerako lankidetza arloko GKE bat gara, baina sentsibilizazio-gaiak ere lantzen ditugu hemen” azaldu du Jaime Bernarrek, Zabalketa erakundeko zuzendariak. “Ikusi genuen tokiko establezimenduek gaitasun handia dutela herritarrekin konektatzeko, eta aldi berean, bazutela interesa beren elkartasun kezkak bideratzeko”. Horrela jaio zen SolidaridUp sortzeko ideia.

 

2015aren erdialdean proiektu pilotu bat abiarazi genuen. Ikusirik nolako arrakasta izan zuen, zabaldu egin genuen ekimena, eta gaur egun Getxoko 18 establezimendu dauzkagu partaideen artean, hala nola, tabernak, ile-apaindegiak, terapia zentroak, arropa-dendak, kopistegiak eta argiztapen arloko saltokiak. Ohiko bezeroek ekarpenak egin ditzakete saltoki horietan, eta ekarpen horiek zerbitzu edo produktu bihurtzen dira herri inguruan bazterkeria arriskuan bizi diren pertsonentzat. Esaterako, posible dute 5 euroko ekarpen bat egitea ile-apaindegiko saio bat edo auto-estimu eta erlaxazio tailer bat ordaintzeko, kafetegian kafe bat ordainduta uztea edo materiala eskaintzea (liburuak, boligrafoak eta libretak).

 

“Ekimen horiek kalteberatasun egoeran dauden pertsonei eta familiei zuzentzen zaizkie, eta horietako asko kudeatzen dira herriko erakunde solidarioen bitartez banatzen diren kupoiekin, eurak baitakite ongien nork behar dituen”, azaldu du Zabalketa GKEan SolidaridUp ekimenaren arduradun den Ainara Cortazarrek. “Halaber, proiektu hau aukera paregabea da sare bat sortzeko tokiko instituzioen, herritarren eta Hirugarren Sektoreko erakundeen artean” gaineratu du Jaime Bernarrek.

 

GKEaren zifren arabera, egunero bost kafe inguru zerbitzatzen dira proiektuan parte hartzen duten hiru tabernetako bakoitzean, eta gutxi gorabehera 15 ile-apainketa zerbitzu egiten dira parte hartzen duten bost estetika establezimenduetan. Orain, erakunde solidarioaren helburua da proiektua zabaltzea Bizkaiko beste herri batzuetara.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow