Social Innovation Competition: etorkizun integratzaileago baterako ideiak

8 March, 2016

Epe laburrean nahiz luzean Europak aurre egin beharko die errefuxiatuen krisiari eta etorkinen etorrerari, pertsona horiek kalteberatasun egoera larrian daudelako eta gizartetik at gera daitezkeelako. Baina, bestalde, egoera hori aukera bikaina izan liteke iritsi berri horien potentziala aprobetxatuz komunitate inklusiboagoak sortzeko eta komunitate horietan kultura-artekotasuna sustatzeko.

Social Innovation Competition lehiaketaren 2016ko edizioaren xedea da errefuxiatuen eta etorkinen bizitza eta gizarteratzea hobetuko duten berrikuntza sozialeko ekimenak bultzatzea. “Integrated Futures” izenburupean, deialdira aurkeztu daitezke abian diren eta batik bat biztanle sektore horri zuzendurik dauden esparru hauetakoren batekin lotutako ideia edo proiektuak: hezkuntza, enplegua, zerbitzu publikoetarako sarbidea edo kohesio komunitarioa.

Europako Batzordeak antolatutako Social Innovation Competition lehiaketak ireki du jada parte hartzeko epea, eta proposamenak apirilaren 8ra arte aurkeztu daitezke. Proiektu guztien artean 30 erdifinalista aukeratuko dira, eta aukeratutako horiek laguntza programa batean parte hartu ahal izango dute beren proposamena hobetzeko. Bukatzeko, hiru ideia irabazleek 50.000 euroko sari bana jasoko dute.

Berrikuntza sozialak etorkinen gizarteratzea sustatzeko duen potentziala erakusteko, Social Innovation Europe atariak hainbat herrialdetan martxan dauden zenbait ekimen jaso ditu. Beyond Crisis: Migrant Integration espazioak hamabostetik gora proiektu biltzen ditu, denak ere boluntarioek sustatutako programak, aplikazioak eta berrikuntza sozialeko ekimenak.

Horietako bat da, esaterako, Options Foodlab, Atenasen dagoen pop-up jatetxeen proiektu bat, etorkinek sustatu dutena. Ekimen horren bidez antolatzaileak ekintzaile txiki bihurtu dira. Social Innovation Europe atariak bestelako ideia batzuk ere jaso ditu: esaterako, Refugees on Rails, Berlineko boluntarioek sortutako programa bat, programazio eskolak emateko errefuxiatuen kanpalekuetako gazteei; edo Mobilearn zerbitzua, Erresuma Batuan plazaratutako aplikazio bat, iritsi berriek oinarrizko informazioa jaso dezaten hizkuntza anitzetan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow