Social Innovation Competition-ek bere hurrengo edizioa aurkeztuko du Amsterdamen

21 January, 2016

Otsailaren 25ean abiatuko da Europako Batzordeak bultzatzen duen Social Innovation Competition lehiaketaren laugarren edizioa, berrikuntza sozialeko ekimen berriei laguntzeko xedez. Amsterdamen izango da aurkezpen ekitaldia, eta bertan bilduko dira berrikuntzaren ekosistemako Europa osoko aditu eta eragileak. Izen-ematea lehiaketaren atariaren bidez egiten da eta dohainik da.

Aurreko urteetan, enplegua eskuratzeko eta sozialki sostengarria izango den garapena lortzeko ideiak izan ziren lehiaketaren ardatza. Aurten, berriz, errefuxiatuen krisiari aurre egiteko eta Europan bizi diren etorkinen aukerak zabaltzeko ekimen berritzaileak bilatuko dira. Otsailaren 25etik aurrera bidal daitezke lehiaketan parte hartzeko proiektuak.

Amsterdameko ekitaldia txapelketaren abiapuntua izango da, baina topagune ere bada, eta bertaratuek ideiak trukatu ahal izango dituzte berrikuntza sozialak Europan bizi duen egoerari, eskaintzen dituen aukerei eta berekin dakartzan erronkei buruz.  Egitaraura biltzen dira Europako Batzordeko Enpresa eta Industria zuzendari Slawomir Tokarskiren hitzaldia eta hainbat ekintzaile sozialen aurkezpenak. Jardunaldian zehar bestelako jarduerak ere antolatu dira: errefuxiatuen krisiari buruzko eztabaida bat, non esparru desberdinetako adituek parte hartuko baitute, eta workshop bat ere bai, lehiaketaren gaia ikertzeko talde txikitan antolatuta.

Social Innovation Competition lehiaketaren helburua da laguntasuna ematea ase gabeko premia sozialentzat konponbide berriak dakartzaten zerbitzu, eredu edo produktuen sorkuntzari eta hazkundeari. Programak laguntza prozesu bat eskaintzen die parte-hartzaileei beren proiektua hobetu dezaten, eta baita ere Europako aditu eta ekintzaile sozialen sarearekin harremanetan jartzeko aukera; azkenik, diru-sari bat ere badago potentzial handieneko proposamenentzat.

Joan den urteko azaroan eman zituzten ezagutzera 2015eko edizioko hiru irabazleak, eta haietako bakoitzak 50.000 euroko laguntza jaso zuen bere proiektua eskalatzeko. Hauek izan ziren sarituak: Apiform, mugikortasun murriztua duten pertsonei erle-hazkuntzan jarduteko aukera ematen dien ekimena; partikularren artean ostatua trukatzeko The Freebird Club plataforma, bereziki pertsona nagusiei zuzendua; eta Wheeliz, auto egokituentzako car sharing zerbitzua.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow