Sinnergiak proiektuak EPSIR plazaratu du, berrikuntza sozial eta publikoari buruzko aldizkaria

19 July, 2016

Sarbide irekiko argitalpen horrek berrikuntza sozialari buruzko ikerketa sustatu nahi du.

 

UPV/EHUko Sinnergiak Social Innovation zentroak European Public and Social Innovation Review (EPSIR) aldizkari zientifikoa argitaratu du, berrikuntza sozial eta publikoari buruzko ikerketa sustatzeko eta bultzatzeko. Lau hilerik behingo aldizkari hori, ingelesez argitaratzen da lizentzia librepean eta arbitroek ebaluatuta.

 

EPSIRek bere editorialean dioen bezala, berrikuntza sozialak –metodologietan, prozesuetan, ikerketetan eta proiektuetan- gero eta inpaktu handiagoa du sektore askotan, hasi hirugarren sektoretik eta enpresa sozialetara edo negozioen esparrura eta esparru akademikora. Horrek premia bat jarri du mahai gainean, alegia, aldatu egin behar dela sektore publikoaren kudeatzeko eta gobernatzeko modua. Horrela sortu da “berrikuntza publikoaren” kontzeptua.

 

Aldizkariaren lehen alea eskuragarri dago online, eta bost artikulu akademiko dauzka. Edukien artean aipatzekoak dira Europa osoko berrikuntza sozialaren inguruan eginiko ikerketa proiektuen eta antolakundeetako balio soziala neurtzeko ekimenen mapa. Argitalpenak orobat jasotzen du Human Centered Business Index delakoaren metodologiari buruzko paper bat. Human Centered Business Index indize bat da, antolakunde baten emaitzak neurtzen dituena hainbat kontzepturen arabera, esaterako xedea, enpatia eta erresilientzia. Argitalpenak badakar baita ere sozialki berritzaileak diren proiektuak hedatzeko onlineko plataformen azterketa bat. Azkenik, kasu praktiko bat ere badago, zeinaren bidez azaltzen den nola aplikatu diren nekazaritza arloko nano-txertoak Patagonian tokian tokiko garapenerako tresna gisa.

 

Argitalpenaren asmoa da bultzada bat ematea berrikuntza sozialari, bai ikerketa akademikoan eta bai administrazio publikoetan, antolakundeetan eta industrian, eta baita ere berrikuntzako politikentzat izan ditzakeen inplikazioak aztertzea.

 

Sinnergiak Social Innovation Euskampus estrategiaren barruan kokatzen den zentro bat da, diziplina anitzeko unibertsitateko ikerlariz eta profesional espezializatuz osaturik dagoena. Eragileen arteko lankidetza sustatzen du, metodologia eta jarduera berritzaileen bitartez arazo eta premia sozialei erantzuteko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow