Garuna osasuntsu mantentzeko garbiketa zerbitzua

2 June, 2016

Euskal erakundeek lideratutako ikerketa batek argitu duenez, garuna garbitzeko mekanismoek ez dute behar bezala funtzionatzen epilepsia dagoenean

Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Ikerbasque Fundazioak koordinatuta, neuronen heriotza eta erabili ezinik geratu diren zelula horiek garunetik garbitzeko prozesuari buruzko ikerketa bat landu da epilepsia bezalako gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pazienteekin.

Neuronak hiltzen direnean, nahitaezkoa da horien hondakinak azkar garbitzea, inguruko garun-ehunek behar bezala funtzionatzen jarrai dezaten. Neuronetako hondakinak garbitzeko mekanismo hau fagozitosia deitzen da eta mikroglia izeneko zelula-mota batek egiten du.

Orain arte, zientzialariek uste zuten, mikrogliak, adarkadura asko dutenez gero, mugimenduan ibiltzen zirela etengabe edozein elementu arraro detektatu eta suntsitzeko, hildako neuronak barne.

Hala ere, oraingo ikerketak neuronen heriotza eta fagozitosi mikroglialaren prozesua aztertu du lehenengo aldiz Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko paziente epileptikoen garunetan eta sagu epileptikoen garunetan, eta azterketan bildutako emaitzen arabera, kasu hauetan guztiotan, mikroglia “itsu” dago eta ezin ditu kaltetutako neuronak aurkitu eta suntsitu.

Garbiketa behar bezala egiterik ez dagoenez gero, hildako neuronek pilatu eta kalteak eragiten dizkiete inguruko neuronei, pazientearen egoera okerragotzen duen erantzun inflamatorioa sortuz garunean.

Aurkikuntza honek ibilbide berriak irekiko ditu gaixotasun neurodegeneratiboen ondorioak arinduko dituzten terapiak esploratzeko, eta fagozitosia eragiten duten sendagaien garapena sustatuko du epilepsia duten gaixoen tratamendua hobetzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow