Scratch Eguna, programazioa ikasteko eta ikasitakoa partekatzeko eguna

5 May, 2016

Maiatzaren 14an topaketaren 6. edizioa egingo da eta EAEko hogei bat ikastetxek parte hartuko dute.

Scratch Eguna urtero antolatzen den ekitaldi bat da, non Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek aukera baitute bertatik bertara erakusteko ikasgelan Scratch programazio-lengoaia erabiliz garatu dituzten proiektuak. Azoka itxurako topaketa horretan, ikasleek jendaurrean aurkezten dituzte beren lanak, beste ikasleekin bateratzen dituzte, eta gainerakoek egindakotik ikasten dute.

Scratch MIT Media Lab laborategiak diseinatutako programazio-lengoaia da, eta helburutzat du konputazioaren mundua haurrengana hurbiltzea gazte-gaztetatik hasita. Horrela, animazioak, bideojokoak eta programa sinpleak sortzen ikasten dute interfaze grafiko bat erabiliz. Ipar Amerikako erakunde horrexen ideia izan zen Scratch Day ekitaldiak antolatzea, Scratch tresnaren erabilera bultzatzeko.

Duela 6 urte, EAEko hainbat ikastetxetako irakasle talde bat elkartu zen eta ekimenarekin bat egitea erabaki zuten. Harrezkero urtero antolatzen da Scratch Eguna, programazioan interesatutako irakasle eta ikasleak biltzen dituen ekitaldia. “Gure helburu nagusia da programazioa eskolen Lehen Hezkuntzako curriculumean sartzea ” azaldu du Borja del Ríok, Lauro Ikastolako Teknologia eta Zientziako irakasleak eta Scratch Egunaren antolatzaileetako batek.

[pullquote]Bospasei neska-mutilez osatutako talde bakoitzak sortu behar ditu animazio bat, elementu interaktiboak dituen bideojoko bat eta ordenagailuz kontrolatutako instalakuntza fisiko bat[/pullquote]

Ekitaldian, Scratch proiektuan oinarritutako hainbat proiektu garatu behar dira elkarlanean. Bospasei neska-mutilez osatutako talde bakoitzak ondoko hauek sortu behar ditu: animazio bat, elementu interaktiboak dituen bideojoko bat eta ordenagailuz kontrolatutako instalakuntza fisiko bat (adibidez igogailu bat, garabi bat edo hesi bat) Lego, Arduino, Makey Makey edo antzeko kit-ak erabiliz. Lauro Ikastolako taldearen kasuan, adibidez, kanikak dauzkan zurezko arrapala bat eta kanika horiek batzeko gai den Lego auto bat eraiki dituzte. Azkenik, lantalde bakoitzak poster bat ere diseinatu behar du proiektuaren izena, logoa eta prozesuko elementu nagusiak azaltzeko.

Azken bi hilabeteotan, lantaldeek beren borondatez eta eskola-orduz kanpo garatu dituzte proiektuak. Ekimenaren helburua da ikasleek beren proiektuak autonomoki asmatu eta eraiki ditzatela, irakasleen laguntzarekin. Borja del Ríok azaldu duenez, “artisau erako prozesu bat da, xedea da ikasleak beren kabuz moldatu daitezela proiektuak sortzeko eta konponbideak bilatzeko, eta hori oso positiboa iruditzen zaigu”.

Maiatzaren 14an beren proiektuak erakutsiko dizkiete gainerako ikasleei, familiei eta ekitaldira doazen guztiei, baina ez da irabazlerik izango, partekatzea baita helburu nagusia. Bilboko Azkuna Zentroan, Gasteizko Artiumen eta Donostiako Tabakaleran egingo da Scratch Eguna, eta hogei bat ikastetxetako ehundik gora ikaslek parte hartuko dute. Hainbat erakunde eta antolakundek lagundu dute topaketaren antolakuntzan, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Deustuko Unibertsitateko Telefónica Katedrak, eta Camptecnológicok, Bilbao Makers-ek eta Aulablog-ek.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow