Replay-Vet: aukera berriak kualifikazio baxuko pertsonentzat

18 May, 2017

Helburua da prestakuntza-estrategia berritzaileak sortzea.

Prospektiker enpresak lideratzen du proiektu europar hori.

 

Automatizazioak eta digitalizazioak aldaketa estrukturalak eragin dituzte lan merkatuan, eta gero eta hurbilago dagoen errealitate horrek batez ere eragingo die kualifikazio baxuko profil profesionalak dituzten pertsonei. Bestalde, erretiroen ondoriozko belaunaldi erreleboak hutsik utziko ditu hainbat lanpostu, eta horrek lan aukerak sortu ditzake, baldin eta ondo uztartzen badira premiak eta gaitasun profesionalak.

 

Replay-Vet proiektu europarraren helburua da erronka horri aurre egitea, lanbide heziketako estrategia berriak diseinatuz kalteberatasun egoeran dagoen jendearentzat. Hori dela eta, ikerketa bat jarri da martxan, merkatuko etorkizuneko eskaerak aukera bihurtzeko lanbide-kualifikazio baxuko kolektiboentzat; ikerketa horren bidez identifikatuko dira zein premia berri dagoen profil eta gaitasunen arloan eta zeintzuk diren enplegua sortzeko aukera gehien dituzten sektoreak.

 

Prospektiker enpresa da ekimenaren liderra, beste zazpi bazkiderekin batera, denak ere Lan Merkatuaren Eskualde mailako Behatokien Europako Sarekoak: Lanbide, Exeter (Erresuma Batua), Stirling (Eskozia), Frankfurt (Alemania) eta Milano-Bicoccako (Italia) unibertsitateak, Txekiar Errepublikako NVF Enpleguaren eta Prestakuntzaren Behatokia, eta Frantziako Céreq Azterlan eta Ikerketa Zentroa. Europar Batasunaren Erasmus+ programak finantzatzen du proiektua, eta bi urteko iraupena du, 2017aren hasieratik 2018aren amaierara.

 

“Asmoa da estrategiak garatzea pertsona horien gaitasunak indartzeko, eta horrela, erretiroen ondorioz sortuko diren lanpostu hutsak betetzeko, horri gehitu beharko zaizkiolarik sektore estrategikoen eskaera berriak” azaldu du Eugenia Atinek, Replay-Vet proiektuaren arduradunak Prospektiker enpresan; “proiektuaren amaieran tresna-kutxa bat lortu nahi dugu erakundeei, enplegu zerbitzu publikoei eta arduradun politikoei laguntzeko kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzen”.

 

Ikerketaren barruan dagoeneko aztertu da proiektuan parte hartzen duten zazpi eskualderen lan merkatua, eta orain finkatu egin behar da bazkide bakoitzak ardatz gisa hartuko duen sektore estrategikoa eta kolektibo zehatza. Euskadiren kasuan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonei zuzenduko zaie proiektua, eta sektorea oraindik zehaztu ez den arren, erabakita dago zaintzaren eta zahartzearen esparrura bideratuko dela.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow