Replay-Vet ekimenak toolkit bat sortuko du kualifikazio baxuko pertsonen enplegua hobetzeko

20 abendua, 2017
logotipo de replay vet

Otsailaren 8an Bilbon aurkeztuko dira proiektuaren 1. faseko emaitzak

 

Prospektiker zentroak zuzendutako Replay-Vet ekimen europarraren helburua da prestakuntza-estrategia berriak sortzea pertsona kalteberen enplegagarritasuna hobetzeko. Horretarako, ikerketa bat egin da Europako zazpi eskualdetan, hango lan-merkatuek biztanleria sektore horri eskain diezazkieketen aukerak aztertzeko. Emaitza 2018aren amaieran aurkeztuko da erreminta-kaxa gisa.

 

Replay-Vet ekimena prozesuaren erdian dago gaur egun. Proiektuaren lehen fasean sektore profesionala eta hartzaileen profila aukeratu dira. “Lan-merkatua aztertzean arreta berezia eskaini diegu kualifikazio baxuko pertsonei” azaldu du Prospektiker zentroan proiektuaren arduradun den Eugenia Atinek, “eskualde bakoitzak detektatu du zeintzuk diren etorkizunean aukera gehien izango dituzten sektore eta lanbideak”.

 

Euskadiri dagokionez, zaintzaren sektorea hautatu da, zeinak bere baitan hartzen baititu osasun-zaintza eta gizarte-laguntza. “Hazten ari den esparru bat da, kualifikazio baxuko pertsonak enplegatzen dituena, baina lan horietan aritzeko zenbait gaitasun zehatz behar dira, adibidez, enpatia” adierazi du Eugenia Atinek. Eskualde bakoitzak sektore bat aukeratu duenez, proiektuko beste bazkide batzuek aztergai izango dituzte eraikuntza, garraioa eta logistika edota haurren zaintza. Hartzaileei dagokienez, Euskadin proiektua beraizik zuzenduko zaie Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonei, aukera gehiago izan dezaten lana aurkitzeko.

 

Lehen fasean elkarrizketak egin dira “helize hirukoitzeko” agente garrantzitsuenekin: enpresak, Administrazio Publikoa eta prestakuntza. Behin merkatuak aztertu eta agente horiengandik ikasitakoa kontuan hartu ondoren, datorren urtarrilean hasiko da proiektuaren bigarren fasea. Ikerketa-taldeek erreminta-kaxa bat sortuko dute 2018an, kaxa horretara bilduko dituztelarik detektatutako aukerak aprobetxatzen laguntzeko estrategia praktikoak. “Toolkit hori web plataforma bat izango da, non gomendioak egingo baitzaizkie orientatzaile profesionalei, prestakuntza-zentroei, kualifikazio baxuko pertsonei eta arduradun politikoei” azaldu du Replay-Vet proiektuaren arduradunak, “gainera edonork sartu ahal izango du plataforma horretara, ahalik eta jende gehienarengana iristea delako proiektuaren helburua”.

 

Otsailaren 8an jardunaldi bat egingo da Bilbon proiektua aurkezteko, non bazkide guztiek parte hartuko baitute. Ezagutzera emango dira ekimenaren lehen faseko emaitzak eta baita ere hurrengo urratsak. Replay-Vet ekimenean parte hartzen dute, orobat, Lanbidek (Euskal Enplegu Zerbitzua) eta Ingalaterra, Eskozia, Alemania, Italia, Txekiar Errepublika eta Frantziako beste zazpi bazkidek. Europar Batasuneko Erasmus+ programaren bidez finantzatutako proiektu hau 2018ko abenduan amaituko da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow