Pulsar Concept enpresak jada itxi du errealitate birtualeko bere proiektu berritzailearentzat egin duen 500.000 €ko inbertsio-erronda

4 May, 2016

Bizkaiko Pulsar Concept “startup” gazteak kapital zabalkuntza bat egin berri du, zeinari esker lan-arriskuei buruzko errealitate birtualeko simulazio-software berri bat finantzatuko baitu. Ludus deituriko proiektu horrek enpresa industrial handien eta larrialdi-zerbitzuen prestakuntza eta prebentzio sailen arreta erakarri du, edozein egoera arriskutsu simulatu baitezake erabateko errealismoarekin eta segurtasun osoz.

 

Pulsar Concept enpresa gazte bat da, lau urteren buruan 20tik gora proiektu teknologiko garatu dituena hainbat enpresarentzat. Duela urtebetetik hona, errealitate birtualeko Ludus proiektuaren garapenean dihardu.

Laneko arriskuak simulatzeko errealitate birtualeko sistema berritzaile bat da, industria arlora eta larrialdi sistemetan diharduten profesionalei bideratua dagoena. Bere helburua da profesional horiek prestatzeko metodologiak hobetzea, eta, horrela, laneko istripu kopurua murriztea.

 

Pulsar enpresak bere kapitalean sartu diren hainbat inbertitzaile pribaturen bultzada jaso berri du. Operazio horri esker, 500.000 € jaso ditu hainbat inbertitzaileren eskutik (Emprendiza, Zubicar eta, besteak beste, Vibacar), Ludus produktu-sorta Estatu osora zabaltzeko.

 

Ludus errealitate birtuala darabilen entrenamendu sistema bat da, industriara eta larrialdi-zerbitzuetara bideratua dagoena.Hala, industriako edo larrialdi-zerbitzuetako langileek segurtasun osoz har ditzakete erabakiak ingurune birtualean, dela laneko arriskuak detektatzeko, segurtasun protokoloak betetzeko edo dela esku-hartzeetarako entrenamendua jasotzeko.

 

Asmoa da erabiltzaileek prestakuntza jaso dezatela ingurune birtual seguru batean, egoera konplexuetan zuzen jokatzen ikasteko eta segurtasun protokoloak hobetzeko. Sistema horri esker, langileek esku-hartze arriskutsuetarako entrenamendua edo prestakuntza ere jaso dezakete, istripu kasuetan bizitzak salbatzeko.

 

Plataforma egokitu egiten da aukeratutako inguruneko lan baldintzetara eta erabiltzaileek hartzen dituzten erabakietara; gainera, “erabiltzaile anitzeko” sistema da, hots, pertsona batek baino gehiagok elkarreragin dezakete denbora errealeko simulazio batean.

Pulsar Concept sistemak %100 errealistak diren eszenatokiak birsortzen, aztertzen eta birtualizatzen ditu. Hala, erabiltzaileak eszenatokian murgiltzen dira arriskuekin elkarreragiteko eta arrisku horiek ingurune errealean izan ditzaketen ondorioak ikusteko, betiere segurtasun osoz.

 

Hainbat produktu espezializatu

 

Sistemak produktu espezializatu oso baliagarriak eskaintzen ditu industria mundurako. Lehena lan arriskuen prebentziorako modulua da, zeinetan industriako arrisku ohikoenak erreplikatu baitira. Bere helburua da langileek arriskuekin elkarreragitea eta arrisku horiek “bizitzea” ingurune seguru batean, erabakiak hartzen ikas dezaten.

 

Bigarrena, orgatila igogailu baten simulagailua da. Orgatila igogailu bat gidatzen eta erabiltzen ikasteko entrenamendu birtuala da. Langileek operazio ohikoenak egiten dituzte, gero orgatila segurtasun osoz erabiltzen ikasteko.

 

Beste produktu batek Ekintza planak simulatzen ditu, non eszenatoki errealistak birsortzen eta arriskuak sorrarazten baitira, arduradunek erabakiak har ditzaten larrialdi egoeretan. Horrela, lehen eskutik ezagutu ditzakete ebaluazio protokoloak eta erabakiak garaiz hartzearen ondorioak.

 

Azkenik, larrialdi kidegoekin entrenatzeko modulu bat ere eskaintzen du, zeinaren bidez esperientzia berri bat bizi baitaiteke larrialdi kidegoen (su-hiltzaileak, erreskate taldeak edo polizia) esku-hartze egoeretan erabaki taktikoak hartzeko.

Entrenamendu birtual horren bidez ingurune desberdinetan entrenatu dezakete, etengabe aldatzen diren baldintza meteorologikoei eta arriskuei aurre eginez. Espazio seguru horretan hartutako erabakiak erregistratuta gelditzen dira, eta sistemak erabaki taktikoak hartzeko gaitasunak ebaluatzen ditu.

 
Bideo ludus. www.ludus-vr.com
[embed_blog_up_euskadi id=”1″]
 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow