Irailaren 28an amaitzen da epea SPRIren laguntzak eskatzeko berrikuntza ez-teknologikoko proiektuetarako

14 July, 2016

Programak 2,5 milioi euroko zuzkidura du enpresei hiru arlo hauetan laguntzeko: kudeaketa (kudeabide), dibertsifikazioa (lehiabide) eta langileen partaidetza enpresan. Lehiabide kasua. Automozio sektorerako gomazko hodiak fabrikatzen dituen enpresa batek erabaki du osasun sektorean ere sartu nahi duela. Zer egin behar du?. Pertsonak kasua. Aholkularitza batek erabaki du langileen enpresako partaidetza dela konpromiso handiagoa lortzeko eta talentua atxikitzeko estrategia onena. Zer egin behar dut?. Kudeabide kasua. Enpresa industrial txiki batek, kudeaketa aurreratuko ereduaren araberako kontrastea egin ondoren, ondorioztatu du ezen, hobetu nahi badu, ezinbestekoa duela tresnak eskuratzea produktibitatea kudeatzeko eta sail bakoitzeko baliabideak optimizatzeko. Zein metodo eta prozedura jarraitu behar ditu?. Argibide gehiago info@spri.eus helbidean eta 902702142 telefonoan.

Innobideak estrategiak euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzen du, diru-laguntzak emanez berrikuntza ez-teknologikoko proiektuentzat, eta proiektu horietarako laguntzak eskatzeko epea 2016ko irailaren 28an amaituko da. Estrategia ildo hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak zuzentzen du SPRIren bitartez, eta 2,5 milioi euroko zuzkidura dauka. Funts horien helburua da industria arloko enpresetan berrikuntza ez-teknologikoa txertatzen duten proiektuak subentzionatzea, euskal konpainien kudeaketa hobetzeko, merkatu berrietarako sarbidea errazteko, produktu berrien garapena sustatzeko eta, bide horretatik, denboran sostengarria izango den posizio lehiakorra lortzeko.

Estrategia horren onuradunak dira industri arloko enpresak, enpresa horien produktuari edota produkzio prozesuari lotutako zerbitzu teknikoetako enpresak, eta informazio eta komunikazio gizartearen arlokoak, baldin EAEn zentro bat badute beren jarduera ekonomikoa garatzeko.

Innobideak estrategia hiru laguntza-ildotan egituratzen da, erantzuna emateko ekimen berritzaileen bidez hobetu daitezkeen enpresa jardueraren hainbat alderdiri. Eskaintza Prestakuntza ildoarekin osatzen da, zeinak pertsonak gaitzen baititu berrikuntza ez-teknologiko hori gauzatu dezaten.

Lehiabidek kanpoko profesionalekin lankidetzan ari diren euskal enpresei laguntzen die produktuak, zerbitzuak eta merkatuak dibertsifikatzeko aukera emango dieten alderdiak identifikatzen, bide horretatik premia berriak estaltzeko eta aukera desberdinak aprobetxatzeko.

Hona hemen Lehiabide proiektuko kasu praktiko bat: automozio sektorerako gomazko hodiak fabrikatzen dituen enpresa batek aukera bat ikusi du osasun sektorean, badituelako produktua sortzeko azpiegitura eta teknologia. Baina, ez daki nola sartu merkatu horretan, zein lehiakide aurkituko dituen, zein prezio jarri behar dituen, sare komertzial propioarekin nahikoa duen ala banatzaileak beharko dituen, e.a. Lehiabide programak diru-laguntza bat emango dio aholkulari profesional batekin lan egin dezan proiektu berriaren estrategian.

Lehiabide 2016ko programan bada nobedade bat, zeren bost lanpostuko enpresek aukera baitute onuradun izateko proiektuak lankidetzan gauzatzen badituzte.

Kudeabidek lehiakortasuna hobetzen laguntzen die euskal enpresei, kudeaketa aurreratuaren metodologiak, tresnak eta printzipioak aplikatzen eta ezartzen lagunduz, hasierako kontraste baten bidez, eta proiektu pilotuak eta/edo finkatze-proiektuak garatuz.

Hona hemen Kudeabide programako adibide bat: enpresa industrial txiki batek auto-diagnostiko prozesua egin du Euskalit-en “Kudeaketa Aurreratuko Eredua” erabiliz. Ondorioa da metodoak eta sistemak behar dituela produktibitatea neurtzeko, eta, beharrezko balitz, baliabideak birbanatzeko erabakiak hartzeko. Kudeabide programaren bidez finantzatu da prozesu horretan konpainiari lagundu dion kanpoko profesionalaren kostua.

Eusko Jaurlaritzak lideratutako programa hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin elkarlanean garatzen da, eta EUSKALITen laguntza ere badu.

Pertsonak. Innobideak Estrategiaren barruko hirugarren laguntza-ekintzak Pertsonak du izena. Langileek enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan parte hartzea sustatzen du, konpainiaren lehiakortasuna hobetzeko.

Hona hemen, Pertsonak programaren laguntzarekin garatzen ari den proiektu bat: aholkularitza espezializatu bat, langileen prestakuntzan baliabide asko inbertitzen dituena eta erabaki duena eredu bat definitzea langileek konpainiaren kudeaketan, emaitzetan eta kapitalean parte har dezaten, konpromiso handiagoa lortzeko eta talentua atxikitzeko estrategia gisa. Langile espezializatuek lagunduko diete prozesu horretan, eta Pertsonak programak diruz lagunduko du langile espezializatu horien lana.

Azkenik, Prestakuntza ekimenak prestakuntza-moduluak eskaintzen dizkie enpresetako profesionalei, Kudeaketa Aurreratuaren giltzarriak ezagutu eta inplementatu ditzaten. Programa hori doakoa da eta urte osoko prestakuntza eskaintzen du.

Informazio gehiago nahi duten enpresak sar daitezela www.spri.eus web orrian edo dei dezatela 902702142 telefonora.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow