Plastikoak hidrogenoa sortzeko

31 March, 2016

UPV/EHUk plastikozko hodakinen tratamendutik abiatuta garatu duen ikerketa baten bitartez, hidrogeno-kopuru handiak lortu ahal izan dira. Hidrogenoa dugu, askoren esanetan, etorkizuneko potentzial handiena duten erregaietako bat.

Itsaso Barbarias ikertzaileak gauzatutako proiektu hau bi alditan egin da. Lehenengo etapan, adituek pirolisia deritzon oxigenorik gabeko degradazio termikoko prozesua eragin diete plastikoei. Bigarren urratsean, pirolisian sortutako gasen erreakzioa bilatu da lurrunaren laguntzaz, hidrogenoa lortu ahal izateko.

“Hondakin plastikoak hidrogeno-iturri potentzialak dira”, adierazi di Babariasek, doktorego-tesiaren barruan egin duen ikerketa honetaz mintzo.

Ikerketaren barruan, prozesuak bete behar dituen baldintzak egiaztatu eta hidrogenoaren ekoizpenean izan dezaketen eragina aztertu da. Gainera, hiri-hondakin solidoen artean agertu ohi diren hainbat plastiko-mota ikertu dira, gasa sortzeko izan dezaketen potentzialtasuna zehaztu ahal izateko.

Ikertzaileak azpimarratu duenez, pirolisirako erabili den iturri-ohantze konikoko erreaktoreak “oso emaitza onak eskaintzen ditu plastikoekin”, material hauen arazo nagusiak saihesten baititu, bereziki plastikoen itsaskortasuna eta beroa eroateko zailtasuna.

Gainera, Barbariasek prozesua bi alditan garatzearen garrantzia nabarmendu du, ezen, garestiagoa izan arren, hidrogeno-kopuru handiagoa lortzeko aukera ematen baitu.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow