PartaidetzaOn, parte-hartze fisiko eta birtualerako tresna

12 May, 2016

Elhuyarrek onlineko plataforma bat garatu du prozesu parte-hartzaileak errazteko.

Plataforma digitalak eta sare sozialak izugarri hedatu dira hiritarren iritziak, ideiak eta proposamenak jasotzeko espazio bezala, aukera ematen baitute parte-hartzea zabaltzeko denborak eta distantziak ezarritako mugen gainetik. Dena den, kanal horiek ezin dituzte ordezkatu aurrez aurreko parte-hartzeak eskaintzen dituen abantailak. “Elhuyarren prozesu parte-hartzaileak dinamizatzen ditugu, eta argi ikusten dugu zati presentzialak kalitate handiagoa duela”, azaldu du Jon Abrilek, Elhuyar Aholkularitzako Parte-hartze alorreko koordinatzaileak; “hala ere, batzuetan beharrezkoa da kanal presentzialetan parte hartu ezin duen edo parte hartu nahi ez duen publikoarengana iristea”.

Prozesu parte-hartzaileak onlineko tresnekin osatzeko asmoz, Elhuyarreko Aholkularitza taldeak bilaketa bat egin zuen existitzen diren plataforma eta sare sozialen artean. Baina ez zuten aurkitu beren premietara egokitzen zenik eta erabaki zuten plataforma propioa garatzea fundazioko I+G-ko unitatearen laguntzarekin. “Plataforma askok iritziak biltzen edo bozketak egiten dituzte, baina ez daude ongi diseinatuta zati presentziala eta onlinekoa uztartzen dituzten prozesuak integratzeko” azaldu du Jon Abrilek.

PartaidetzaOn software libreko tresna bat da, beraizik diseinatu dena horrelako prozesu hibridoen ikuspegi integrala emateko eta hiritarren parte-hartzea ahalbidetzeko. Plataformak hainbat funtzionaltasun dauzka: proposamenak egitea eta bozkatzea, prozesua jarraitzea, topaketen agenda, parte-hartzeari eta gaiaren inguruan sare sozialetan sortu den jarduerari buruzko datuak, e.a. “PartaidetzaOn tresnak aukera ematen die hiritarrei hartuak dituzten konpromisoen jarraipena egiteko, eta horrek gardentasuna ematen dio prozesu osoari”, azaldu du Abrilek; “horrez gain, prozesu parte-hartzaileen arduradunentzat askoz errazagoa da informazioa biltzea eta kudeatzea”.

Elhuyarren bertan probatu zen tresna lehenik, eta, gaur egun, lantaldeak dinamizatutako prozesu parte-hartzaile guztietan integratuta dago. Donostiako Udalarekin batera aplikatzen ari dira hiritarren ekarpenak jasotzeko klima aldaketaren aurkako estrategiari buruz, eta hilabete honetan praktikan jarriko dute baita ere Legorretako Udalak bultzatutako prozesu parte-hartzaile batean.

Bere zerbitzuetan integratzeaz gain, Elhuyarrek prozesu parte-hartzaileak garatu nahi dituzten erakunde eta fundazioen esku jarri du PartaidetzaOn tresna. Jon Abrilek azaldu bezala, “apropos diseinatu dugu aurretiazko ezagutza handirik gabe ere erabili ahal izan dadin eta, beraz, oinarrizko prestakuntza jaso ondoren, modu autonomoan lan egin ahal izateko”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow