“Open data” kategoria bezala sartu da berrikuntza sozialeko proiektuentzako Elkarlan sariketan

24 October, 2017

Urriaren 27an amaituko da ekimenak aurkezteko epea.

 

Berrikuntza sozialeko proiekturen bat martxan duten erakunde eta kolektiboak sasoiz daude oraindik Elkarlan sariketan parte hartzeko. Lehiaketa hori Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren bitartez. Sariketak helburutzat du aitortza egitea premia sozialei erantzuteko pertsonen jabekuntzan oinarritzen diren ekimenei.

 

Aurtengo edizioan, hirugarrena alegia, Elkarlan ekitaldiak hiru sari banatuko ditu osasun, ingurumen, gizarte kohesio, ekonomi garapen edota ikaskuntza arloetako proiektuentzat, eta aurten lehenengoz sari bat emango da datu irekien kulturako ekimen onenarentzat. Lau sarituetako bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu, eta beren proiektuen zabalkundea egingo da komunikabideetan.

 

Eusko Jaurlaritzaren balio publikoaren kosorkuntzako Elkarlan Sariak gizarte zibileko irabazi asmorik gabeko erakunde eta kolektiboei zuzentzen zaizkie, besteak beste, GKE, fundazio edota elkarteei. Hautagaitzak elektronikoki aurkezteko epea zabalik dago euskadi.eus atarian urriaren 27ra arte.

 

2015eko lehen edizioan ekimen hauek izan ziren irabazle: Wikitoki Elkartea, Bilboko San Frantzisko auzoan kokatutako praktika kolaboratiboen laborategia; Fiare banka etikoak Euskadin martxan jarritako proiektua; eta Uliako auzotarren elkartea, zeinak hiritarren jardueretarako parke bihurtu baititu udal haztegi zaharrak. Hauek izan ziren iazko proiektu irabazleak: Merkatu Soziala izeneko ekonomia solidarioko sarea, Reas Euskadi erakundearena; energia burujabetzarako Goiener kooperatiba; eta “Merkatua” ekimena, zeinaren helburua baita Portugaleteko alde zaharreko hornidura-azoka suspertzea kultur- eta gizarte-ekintzak antolatuz, Larretxe auzo-elkarteak bultzaturik.

 

Elkarlan lehiaketa Eusko Jaurlaritzak Demokraziaren eta Parte-hartze Hiritarraren Liburu Zurian hartutako konpromisoen barruan kokatzen da. Eta konpromiso horiek esperientzia berritzaileen garapenari buruzkoak dira. Liburu Zuria 2014aren amaieran aurkeztu zen, eta gobernantza-eredu berri bat dakar, gobernamendu onaren printzipioetan oinarritua dagoena: integritatea, eraginkortasuna eta efikazia, gardentasuna, parte-hartzea eta lankidetza.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow