Ondoan legionella detektatzeko proiektu bat lideratzen ari da

5 maiatza, 2016
Ekimenak Gaiker-IK4 eta Biotalde laborategiak ditu partaide

Biologia molekularreko teknologietan oinarritutako gailu bat garatzea da ekimenaren helburua

Ondoan konpainia bizkaitarra, Legionella generoko bakterio gram-negatiboak detektatzeko point of care erako gailu aurreratu bat garatzea helburu duen proiektu bat koordinatzen ari da.

LegioPoC deritzon ekimenak Gaiker-IK4 ikerketa-zentroa eta elikadura-osasunean eta ingurumenean espezializatuta dauden Biotalde laborategiak ere ditu partaide.

Proiektuan lan egiten duten ikertzaileek biologia molekularreko teknologiak erabiliko dituzte, anplifikazio isotermoan oinarritutako sistema alternatibo baten laguntzaz, Legionella in situ eta era prebentiboan detektatzea ahalbidetuko duen gailu bat garatzeko asmoz.

Teknologia hori gailuaren funtzionamenduko formatura egokitzea da, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Retos programak finantzatu eta 2017an amaituko den proiektu honek gainditu beharreko erronka nagusia.

Legionella delako izendapen orokorrari atxikita, ur geldietan bizi den bazilo itxurako bakterio talde gram-negatibo zabala dago. Genero honek 48 espezie eta 78 serotipo inguru ditu. Legionella espezie batzuek gizakiak kutsa ditzakete, batez ere Legionella pneumophila izenekoak.

Jatorri naturaleko bakterio hau akumulazioa eta itzulerako zirkuitua dituzten ur beroko instalazioetan, hoztorre eta kondentsadore ebaporatiboetan, jacuzzietan eta hezetzeko zentral industrialetan aurki daiteke, besteak beste.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow