Oliver Design-ek Teso konpainia holandarraren ferry baten barrualdea egokitzeko lanak amaitu ditu

27 April, 2016

Lanek urte bat eta erdi iraun dute

Ontzien diseinuan eta arkitekturan espezializatuta dagoen Oliver Design enpresa bizkaitarrak Teso armadore holandarraren ferry baten barrualdea egokitzeko proiektua amaitu du.

Getxon finkatuta dagoen konpainiak urte bat eta erdi behar izan ditu, Sestaoko La Naval ontziolan eraiki den ontzi honen barruko egokitze-lanak amaitzeko.

Oliver Design bidaiariei eta tripulazioari dagozkien guneetako planoak egiteaz arduratu da, Vripack konpainia holandarrak Herbehereetako kostaldeko floran eta faunan inspiratuta taxutu duen diseinutik abiatuta.

Texelstroom izeneko ferryak branka bikoitzeko diseinu simetrikoa du eta gas natural konprimatua erabiltzen du erregaitzat. Horrez gain, eguzki-panelez hornituta dago, energia-kontsumo eraginkorragoa izan dezan.

Euskal enpresak kaleratutako ohar baten arabera, amaierako emaitzak oso-osorik betetzen ditu itsas-garraioko segurtasunari buruzko arauak eta akabera sendoa lortu da. Alderdi hau giltzarrizkoa da 1.750 bidaiari garraiatu eta egunean zenbait joan-etorri egiteko gaitasuna duen itsasontzi batentzat.

Proiektua aurrera ateratzeko, Oliver Design-ek bidaiarien ontzigaineko areto nagusiko, buffet eta haurtzaindegi esparruetako, kanpoko terrazetako, aginte-zubietako eta ferryko tripulazioaren gainerako guneetako 4.000 metro koadroko azalerari dagozkion mila plano baino gehiago taxutu ditu.

Ontzi barruko muntaketa lanetan ehun bat langilek parte hartu dute, langile propioak eta azpikontratatutako espezialistak barne.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow