“Obsesionatuta gaude elkar alderatzearekin, hobetzen saiatu beharrean”

11 May, 2017

Juanjo Goñi, Diseinu Sozialeko Eskolako zuzendaria.

 

Diseinu Sozialeko Eskolak (Novia Salcedo Fundazioak eta APTES elkarteak elkarrekin garatutako proiektua) Aurrerapenaren neurketa eragin sozialeko proiektuetan tailerra antolatu du maiatzaren 29rako. Topaketa hori bereziki zuzentzen zaie alderdi kualitatiboak (giro soziala edo barneko parte-hartzea) neurtzeko formulak aurkitu nahi dituzten antolakunde eta kolektibo sozialei. Horretarako, tailerrak proposatzen du antolakunde bakoitzaren beharrei erantzungo dieten tresna propioak diseinatzea.

 

Zein da tailerraren helburua?

 

Helburu nagusia da laguntasuna ematea alderdi sozialak eta harremanak nagusi diren erakundeetako kudeatzaileei, beren egoera ebaluatu dezaten eta hobekuntzak proposa ditzaten. Esan ohi da neurtu ezin dena ezin dela hobetu, baina neurketa hori oso kualitatiboa izaten da zenbaitetan. Bestelako ebaluazio tresnak behar ditugu, aukera ematen dutenak helburuak markatzeko, planak definitzeko, jakiteko zerk hobetzen gaituen eta zerk kaskartzen… eta prozesu horrek guztiak parte-hartzailea izan behar du. Neurketak kanpotik datozenean, oso inpaktu ahula izaten dute antolakundeetan.

 

Nola diseinatu harremanekin eta arlo sozialarekin lotutako balore horiek neurtzeko tresna bat?

 

Kasu bakoitza desberdina da, antolakunde bakoitzeko profilak eta historia desberdinak direlako. Gauza gutxi neurtu daitezke tresna bera erabiliz, horregatik, tailerraren helburua da kudeatzaileei eta erabiltzaileei laguntzea beren neurketa metrikak definitzen eta horietan oinarrituta aurrera egiten. Gurera datozenek askotan galdetzen digute ea ez dugun eurentzako neurketa adierazlerik. Baina ez dugu sinesten horrelako neurketetan, gure ustez zerorrek erabaki behar duzu zer neurtu nahi duzun, kontuan harturik zer den garrantzitsua zuretzat.

 

Baina emaitzak neurtzeko modu horrekin ezin gara beste batzuekin alderatu.

 

Jakina, auto-diagnostikorako tresna bat da. Obsesionatuta gaude beste batzuekin alderatzearekin. Tresna komun bat behar dugu ranking-ak egiteko, baina ez hobetzeko. Alderaketazko azterlanen mende gaude. Zein da hobea? Ez dio axola, nahi duguna da denak hobetu daitezela, antolakunde bakoitzak jakin dezala zein egoeratan dagoen eta nola hobetu dezakeen.

 

Zein balore kualitatibo neurtu daitezke tresna honekin?

 

Antolakunde bakoitzak erabakiko du hori, baina badaude ezinbestekoak diren aldagai batzuk: komunikazioa, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea, lankidetza, ikaskuntza, baliabideen optimizazioa… Tailerrean erakusten dugu nola diseinatu tresna erabilgarri bat, eta lau dimentsiotatik abiatzen gara gero aberasten joateko. Eskalak definitzeko adostasun bat lortu behar da, beraz, tresna eraikitzeko prozesua hezitzailea eta estrategikoa da, baliagarria delako antolakundeak nola funtzionatzen duen ulertzeko.

 

Aplikatu duzue tresna proiekturen batean?

 

Iazko udazkenean pilotu bat jarri genuen martxan Donostiako Udalean Etxe Lagunkoiaren kontzeptuari buruz, eta Amistómetro izeneko tresna bat garatu dugu. Zortzi ardatzeko galdetegi bat da, zeinaren bidez pertsona nagusien elkarte batek posible baitu neurtzea zenbat aurreratu duen ingurune lagunkoi bat lortzeko bidean. Ebaluatzen da zein egoeratan dagoen eta zein aldagai hobetu behar diren. Lagunkoitasunaz ari garenean, kontuan hartzen ditugu pertsona arteko harremanen kalitatea, zerbitzuen kalitatea, antolakuntza ereduarena… Dimentsio horiek aukera ematen digute antolakunde baten giro soziala neurtzeko. Diseinu fasean parte hartzea da elementu garrantzitsuena, tresna garatzeko prozesua baliagarri baita taldearen argazki bat egiteko eta, horrela, ekintza autonomoak martxan jartzen hasteko. Horixe da tailerrean lortu nahi duguna.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow