Nymphalur: Tximeletak eta Akuaponia ari dira inkubatzen Errenteriako “Tknika Belabaratz” zentroan

2 July, 2016

Beatriz Díaz, Jaime Yaniz eta Anaut Patterson-ek unibertsitatean ezagutu zuten elkar: “Naturari eta izaki bizidunei diegun maitasunagatik, eta zientzialari gazteek izan ohi duten berezko jakin-minagatik, ingurumenarekiko kontaktua bilatu izan dugu gure lanetan eta aisialdian, bai prestakuntzak iraun zuen bitartean, bai ibilbide profesionalean”. Horrela sortu zen Nymphalur, bi helburu nagusirekin: “lorategi botaniko bat garatzea, non eskualde desberdinetako tximeletek libre egingo baitute hegan, eta hazkuntza akuaponikoko sistema bat eraikitzea”.

Beren negozio-ideia “Tknika Belabaratz” haztegi berrian garatu zuten, non beste hainbat ekimen ekintzaile ere ari diren garatzen. Errenteriako Udalak eta OARSOALDEA Garapen Agentziak apustu sendoa egin dute zentro horren alde, eskualdeko garapen sozio-ekonomikoa bultzatzeko asmoz.

 

Beatriz, ingurumenak, zientziak eta zuen jakin-minak elkartu zaituztete proiektu berezi honen inguruan.
Unibertsitatean ezagutu genuen elkar, duela urte asko, eta bolada batean bide banatatik ibili ginen. Duela urte pare bat berriro topo egin genuen IEFPS Don Bosco zentroak antolatutako kimikako ikastaro batean, eta ni garai hartan akuaponia arloko hastapen ikastaro bat egiten ari nintzen. Orduan jakin genuen bazela “Tropenhaus Frutigen” izeneko enpresa bat, espazio ludiko bat sortu duena akuaponiaren bidez, eta oihan tropikal bat garatzea lortu duena Suitzako Alpeen bihotzean! Hori jakin genuenean, geure buruari galdetu genion: eta zergatik ez itxi ziklo naturala, demagun, tximeletak sartuta

 

Buruan zenituzten kezka horien ondorioz abiarazi zenuten Nymphalur, eta Elkarte bat eratu zenuten negozio ideia garatzeko.

Ideia planteatu genuen: “Negozio berdeko” eredu bat, arrakasta lortzeko baliabidetzat hartzen dituena bio-aniztasuna, ingurumen hezkuntza, entretenimendua eta ikerketa zientifikoa; proiektuaren bideragarritasun planaren zirriborro bat ere idatzi genuen.

Halere, egungo egoera ekonomikoan arazo asko izaten dira kanpoko finantzaketa edo diru-laguntzak lortzeko, eta ikusi genuen aurrena elkarte gisa eratuz gero hainbat ikerketa eta merkataritza jarduera egin genitzakeela gastu gutxiagorekin. Hala, gure ahaleginak eta baliabideak proiektu pilotu bat sortzera bideratu ahal izango genituen, bere bitartez jendeari erakusteko zer den tximeletategi akuaponiko bat. Tximeletak libreki hegan ikusteko espazio bat da, eta sistema akuaponiko bat erabiltzen dugu tximeletek bizitzeko behar dituzten landareak bizirik mantentzeko.

 

Jaime, diozuen espazio hori al da “Tximeletategia” deitzen duzuena?

Bai. Munduan badira anitz tximeletategi, urte asko daramatzatenak martxan, baina 90eko hamarkadaz geroztik asko ugaldu dira, jendeak gustuko dituelako. Arrakasta izaten dute, besteak beste, tximeletak kolore bizikoak eta oso erakargarriak direlako. Gainera, ez diote beldurrik edo nazkarik eragiten jendeari; aitzitik, jende gehienak atsegin ditu, eta hori ez da oso ohikoa ornogabeen artean.

Eskala txikiago batean, badakigu Gipuzkoak ondare natural eta kultural garrantzitsua daukala. Kultur eta hezkuntza zerbitzu mordo bat dauka, hala nola Tximeleten Museoa, Aquariuma, Zientziaren Museoa, Ekaingo Haitzuloak… Jarduera horiek guztiek eragina daukate tokiko ekonomian, dela arlo turistikoan edo kulturalean. Gure proiektuak zerrenda hori osatuko du, espazio bizi eta dinamiko bat izango delako, non aukera egongo den gehiago ikasi eta gozatzeko tximeletekin eta naturarekin.

 

Eta “Sistema Akuaponikoa” zer da zehazki, Anaut? Nola osatzen du Tximeletategia eta zein premiari erantzuten dio?

Tximeletategi bat sistema akuaponikorik gabe eraiki daiteke. Funtsean, ez dago bat ere horrela funtzionatzen duenik. Lorategiz osatutako espazioak izaten dira, ureztatu, ongarritu, eta abar egin behar direnak. Hortxe sartzen da akuaponia.

Arrainak eta landareak produzitzeko sistema sostengarri bat da akuaponia, elkarrekin uztartzen dituena akuikultura tradizionala eta sistema hidroponikoak (landareak lurrik gabe haztea). Berez, arrainak produzitzeko sistema bat da, landareak erabiltzen dituena ura garbitzeko filtro biologiko gisa, kimikoak erabili beharrean edo etengabe ura berritu beharrean.

Jendeak sistema akuaponikoak erabiltzen ditu gehienbat arrainak eta landareak produzitu eta gero kontsumitzeko. Guk, berriz, beste erabilera bat eman nahi izan diogu sistema horri. Tropenhaus Frutigen ekimenaren parekoa da gure ideia: lorategi botaniko bat sortzeko erabili dugu sistema akuaponikoa. Landatuko ditugun espezie begetalak ondo aukeratuta, tximeletak elikatzeko eta mantentzeko erabili ahal izango dugu lorategia.

 

Beraz, bi elementuen elkarketa izan da “Urrats Bat” programak positiboki baloratu duen faktore bereizle eta berritzailea.

Esan bezala, enpresa askok lortu dute arrakasta sistema akuaponikoak erabilita negozioaren oinarri gisa. Hain zuzen, guk enpresa horietako batekin egiten dugu lan hemen, Gipuzkoan. “Ner-Breen” du izena eta akuaponia erabiltzen du tilapia, marrubiak, tomateak eta letxugak ekoizteko. Bestalde, Europako tximeletategi garrantzitsuenetako bi Espainian daude: Dragokoa (Tenerifen) bata eta Benalmadenakoa bestea. Halere, mundu desberdinak dira, batetik akuaponia eta, bestetik, tximeletak.

Guk dakigula, bi munduak uztartzeko lehen saiakera da gurea. “Urratsbat” programako koordinatzaileei iruditu zaie, guri bezala, ideia horrek potentzial handia duela. “Urratsbat” programako jendea funtsezkoa izan da gure proiektua martxan jartzeko, espazio fisiko bat utzi digutelako aldi baterako, proiektuaren bideragarritasun teknikoa probatzeko (tximeletategiaren eta sistema akuaponikoaren mantenimendua), eta bestelako produktu batzuk garatzeko, hala nola baliabide pedagogikoak, edo eskala txikiko maketak.

 

Errenteriako Tknika Belabaratz haztegi berrian zaudete kokatuta; abiapuntu bikaina zuen enpresa proiektuarentzat.

Abiapuntu bikaina, bai. Zientziaren mundutxoan esan ohi da nahi adina esperimentu egin ditzakezula, baina emaitzak argitaratzen ez badituzu ez zarela existitzen. Askotan, jendeak ikusi beharra dauka ulertzeko.

Gure kasuan, hemen egoteak abiapuntu bat eman digu gure jarduerak hasteko, baina, horrez gain, ikusgarritasuna ematen digu gizartean; jendeak ezagutu egin gaitu pixkanaka, eta badaki zertan ari garen.

Haztegiak badu beste abantaila bat ere, aukera eman baitigu beren jardueraren hastapenetan dauden beste profesional batzuk ezagutzeko, eta ikusi dugu loturak sor ditzakegula eurekin. Adibidez, 3D inprimaketa erabiliz maketa akuaponiko bat egiten ari gara Domotek enpresarekin; Ikuspe enpresarekin, berriz (diseinu grafikoa, eta web eta multimedia diseinua), arestian aipatu ditugun baliabide pedagogiko horiek guztiak egiteko aukera aztertu dugu.

 

Enpresa jarduera hasitakoan, zeintzuk izango dira Nymphalur ekimenaren jomuga-bezeroak? Zein produktu eta zerbitzu eskainiko dituzue?

Amaierako helburua da eskala handiko tximeletategi akuaponiko bat sortzea. Epe labur eta luzean, ordea, beste produktu batzuk garatzea ere pentsatu dugu, lehen esan bezala:

  • Akuaponia eta tximeleta hazkuntzarako kit-ak, dela apainketarako, dela nork bere hiri baratze txiki eta sostengarria izateko.
  • Instalazio handiagoak, bezeroaren premia eta gustuetara egokituak. Atal horretan gogoan ditugu, batez ere, jatetxeak eta administrazio publikoak, edo bere lorategi edo partzelari erabilpen berriak eman nahi dizkion jendea.
  • Ingurumen hezkuntzako programak. Kasu honetan, eskolak eta bestelako ikastetxeak izango lirateke onuradun nagusiak, baina gure ateak beti egongo dira zabalik, zeren gure mezua zenbat eta jende gehiagorengana iritsi, hainbat hobeto izango baita.

Produktu horiek garatzean, beti hartzen ditugu kontuan birziklapena eta teknologia berrien erabilpena. Gogoratu arlo honetan sistema akuaponikoak erabiltzea nahiko gauza berria dela, eta, berez, sistema horiek ere maila desberdinetako sostengarritasunean oinarritzen direla: adibidez, uraren ekonomia (urik ez da galtzen, zirkulazioan sartzen da berriro) eta energiaren ekonomia (energia berriztagarriek mantentzen dute sistema, hala nola eguzki energiak, bio-eraikuntzako materialek, edo beste batzuek).

 

Ziur badauzkazuela zuen produktuak hobeto ezagutzen laguntzeko irudiak:

Hala da, bai, eraiki ditugun prototipoetako batzuk ikusgai daude, eta bideo txiki bat ere egin dugu tximeletak eta sistema akuaponikoa erakusteko.

Informazioa zabaltzen hasi gara, batez ere http://nymphalur.blogspot.com.es blogean, eta, gainera, espazio bat daukagu Facebook sare sozialean gure jardueraren xehetasunak argitaratzeko: 
https://www.facebook.com/Nymphalur

nymphalur mariposas y acuaponía belabaratz tknika errenteria

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow