Nola lagundu seme-alabei beren etorkizun profesionala aukeratzen

28 azaroa, 2017
Participantes en el programa Lanaldi.

 

Novia Salcedo Fundazioak Lanaldi Aholkatuz programa abiarazi du

 

Gazteentzat zaila da zein karrera ikasi nahi duten erabakitzea, eta batzuetan baita ere gurasoentzat. Familiek askotan ez dituzte ondo ezagutzen dauden aukera guztiak edo ez dakite nola kudeatu modu positibo batean seme-alabek hartzen dituzten erabakiak. Familiek eurek adierazitako premia horretatik abiatuta sustatu du Novia Salcedo Fundazioak Lanaldi Aholkatuz programa. Asmoa da tresnak ematea gurasoei hobeto lagun diezaieten euren seme-alabei prozesu hain garrantzitsu horretan.

 

“Gazteekin lan egitean ohartu gara nahiko ongi ezagutzen dituztela aukeratu ditzaketen hezkuntza-ibilbideak, nola dagoen merkatua, eta abar, baina euren familiek ez dute behar adinako informaziorik prozesu horretan laguntzeko”, dio Koro Allendek, Novia Salcedo Fundazioko hezkuntza-proiektuen kudeaketako arduradunak, “programa honen helburua da gurasoek hobeto ezagutu ditzatela ibilbide akademikoak, baina baita ere errespeta dezatela beren seme-alaben bokazioa, nahi dutena aukeratu dezaten”.

 

Proiektua gurasoei zuzendutako taldekako tailerren bidez garatuko da, nahiz eta posible den etorkizunean banan-banako saioak ere antolatzea. Lehenengo topaketak urtearen hasieran egingo dira Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateko zazpi udalerritan. “Udalerri horiekin hasiko gara, eskualde horretako udalak interesaturik agertu direlako, eta etorkizunean asmoa da ekimena zabaltzea beste lurralde batzuetara eta baita ere ikastetxeetara” dio Koro Allendek.

 

Ekimen hori Novia Salcedo Fundazioak bultzatutako Lanaldi programaren barruan dago. Programa horrek dagoeneko egina du 6 urteko ibilbidea eta bere helburua da orientazioa ematea gazteei beren etorkizun profesionalaren inguruan. Proiektu horrek elkarrekin harremanetan jartzen ditu profesionalak eta DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleak, gazteek lehen eskutik ezagutu dezaten lan-ingurunea.

 

Lanaldik hainbat fase dauzka. Lehenengoan, ikasle parte-hartzaileek gaitasun profesionalei lotutako edukiekin lan egiten dute onlineko plataforma baten bidez. Hortik aurrera, ikasleak bere bokazioari gehien egokitzen zaion profesional boluntarioa aukeratzen du Lanaldi programarekin kolaboratzen dutenen artetik, eta egun batez beren eguneroko zereginetan laguntzen dio, hurbiletik ezagutzeko aukeratu nahi duen ogibidea. Bukatzeko, esperientzia hori partekatzen du gelako gainerako ikaskideekin. “Esperientzia oso positibotzat jotzen dute, begiak zabaltzen dizkielako”, dio Koro Allendek, “laguntzen die erabakia hartzen edo, besterik ez bada, konturatzen dira ez dela eurek benetan nahi dutena”. Une honetan 19 ikastetxe eta 1.200 gazte parte hartzen ari dira proiektuan, eta 500 profesional inguruk boluntario bezala kolaboratzen dute.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow