Neska-mutilek gizartea hobetzeko ideiak proposatu dituzte

3 February, 2016

Eskolako jangelan tokiko kontsumoa sustatzea, mesede-kateak bultzatzea edo euskararen erabilera indartzea IKTen bitartez; horra Lehen Hezkuntzako neska-mutilek Gazte Irekia proiektuaren bidez egin dituzten proposamenak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bultzatu du ekimena, 8-9 urte bitarteko ikasleek gizartean parte har dezaten, eta aldi berean, helduek kontuan har ditzaten neska-mutilek beren inguruari buruz proposatzen dituzten ideia eta proposamenak. Horretarako, galdera hau egin zitzaien: “zer hobetuko zenuke Euskadin leku hobea izan dadin neska-mutilentzat?” Euskal eskoletako Lehen Hezkuntzako ikasleei egin zitzaien galdera, eta, haiek emandako erantzunetatik, ikasleek eginiko 17 ekimen sortu dira Euskadiko 10 ikastetxetan. Ideia guztiak bideoan jasota daude Gazte Irekia atarian.

Esaterako, Bergarako San Martin Agirre ikastetxeak neurri pakete bat proposatu du eskoletako jangelak sostengarriago izan daitezen ingurumenarekin, besteak beste, erosketak tokiko merkatuetan egitea edo ontzirik gabeko tokiko produktuak kontsumitzea. Lauro Ikastolan ere hainbat ekimen aurkeztu dituzte, esaterako Stop Bullying  eta Bla Bla Basque proiektuak. Lehenengoa onlineko espazio bat da, eskola-jazarpena prebenitzeko eta gertatzen denean neurriak hartzeko erabiltzen dena. Bestea, berriz, euskararen erabilera sustatzeko proposamena da. CEU Virgen Niña ikastetxeko haurrek “Gazte Pasaportea” asmatu dute eskolan jardunbide egokiak sustatzeko. Amara Berriko ikasleek, berriz, mesede-kateak hasiko dituzte beren ingurunean.

Ideia onenak bozkatzeko epea zabalik dago otsailaren 10era arte, eta hautatuak bigarren fasera pasako dira. 11 finalistak Irekia web orrian sartuko dira hiritarren eskaera gisa, eta beste bozketa fase bat jarriko dute martxan otsailaren 29ra arte. Azkenean, epaimahai batek baloratuko ditu hiru eskaera bozkatuenak, eta irabazleak Lehendakariaren aurrean aurkeztu ahal izango du bere ideia.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow