Nanopartikulak minbiziaren aurkako tratamenduan aurrera egiteko

12 January, 2017

UPV/EHUko ikertzaile-talde batek zelula tumoralei baino eragiten ez dieten nanopartikulak sintetizatu ditu

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikertzaileek minbiziaren aurkako terapia ez-inbaditzaileei laguntzea xede duten nanopartikulak garatu dituzte. Nanopartikula hauek minbizi-zelulei baino ez diete eragiten, kaltetu gabe dauden organismo beste alderdi batzuk ukitu gabe.

 

Unibertsitateko Fisika Kimikoa sailak osagai organikoak eta inorganikoak konbinatu ditu terapia fotodinamikoan erabiltzeko moduko narnopartikulak sortzeko. Tratamendu honek ia-ia ez die eragiten zelula osasuntsuei, UPV/EHUk ohar batez argitu duenez.

 

Ikertzaileek silizioa eta oxigenoa konbinatzen dituzten silizezko nanopartikulak erabili dituzte euskarritzat. Horien barruan, molekula fluoreszenteak kapsulatu dituzte, nanopartikulen jarraipena egin eta zelula tumoraletara behar bezala iristen ote diren egiaztatzeko.

 

Bestalde, taldeak nanopartikulen kanpoaldeari ainguratutako agente fotosentsibilizatzaileak erabili ditu. Terapia fotodinamikoaren funtsezko oinarrietako bat bihurtu diren agente hauek argi-iturri batez aktibatu eta zelula kaltegarriak suntsitzeaz arduratzen dira.

 

Gaur egun, ikertzaileek beste ikerketa-talde batzuekin lankidetzan dihardute, nanopartikulek in vitro duten jarduera behatu, horien eraginkortasuna egiaztatu eta minbizi-zelulak jo eta suntsitzeko modua ezagutzeko asmoz, oharrak gaineratu duenez

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow