Nakusarbe: “Harremanetan jarri nahi genuke lankidetza olatu handi honekin bat egin nahi duten enpresa eta profesionalekin”

30 April, 2016

Duela hamar urte sortutako proiektu baten bilakaera da “Nakusarbe Koop. Soziet. Txikia”; zientzia eta kulturaren zabalkundea du helburu, horretarako sustatzen dituelarik naturaren nahiz itsasoaren ikerketa, ezagutza eta haiekiko interesa.

Mila Márquez de la Herrán eta Alberto Santolaria de Castrok diziplina anitzeko talde bat sustatzen dute, zientzia, komunikazioa eta kultura uztartzen dituena, uste dutelako beharrezkoa dela gizartearen ikuspegi globalagoa ematea, ikuspegi horren barruan integratuz, esaterako, enpresaren barruko erantzukizun soziala eta norberak bere inguruarekin duen erantzukizun pertsonala.

 

 

Oso serio hartu duzue zuen ingurunea errespetatzearen kontua…

Euskal Herriko Unibertsitaterako (UPV/EHU), Bilboko Portu Agintaritzarako, Bizkaiko Foru Aldundirako eta Madariaga Dorreko Bioaniztasun Zentrorako egin ditugun ikus-entzunezkoen bidez ikusi dugu, ekintza antropikoek eragindako klima aldaketa dela medio, Euskadin -planeta osoan bezalaxe- itsaspeko lautadak murrizten ari direla.

Itsasoa dena da. Handik sortu zen bizitza, eta planetaren osasuna neurtzen duen pultsua da. Baina, gure ekintza askoren ondorioak irensten dituen estolda-zuloa ere bada. Lurreko egungo biztanleek gure planeta halako 1,5 baliabide natural erabiltzen dute. Eta ozeanoak, neofito baten begirada mugatuan hain zabala denak, xurgatzen du hondamendi erraldoi hori. 2050. urterako arrain baino plastiko gehiago egongo da. Horregatik kezkatzen gaitu gure ondorengoei utziko diegun etorkizunak.

Gure proiektu guztien helburu nagusia da hiritarrak informatzea eta sentsibilizatzea, bide horretatik, gizarte integratzaileagoa lortzeko; gizarte bat, non denok izango baitugu zeresana. Gaur, inoiz baino gehiago, gure esku dago gure zibilizazioaren etorkizuna.

 

 

Ekintza guztiak dira lagungarri!

Gure misioa hasieratik izan da gizarteko eragile guztien -publiko nahiz pribatuen- lankidetza eta inplikazioa bilatzea, denok baikaude elkarrekin konektatuta; naturan bezalaxe, katea handi batek lotzen gaitu gizaki guztiok, beraz, katea-begi batek huts egiten badu, gainerakoek ere bai.

Itsasoan espezie txikiak desagertzeak aldaketa handiak eragiten ditu elikadura katean. Aro aldaketan murgilduta dagoen mundu globalizatu honen ekonomiaren eraldaketak ere enpresa asko desagerraraziko ditu; horregatik uste dugu ezinbestekoa dela inplikatutako alderdi guztien arteko lankidetza.

 

 

Zer egiten duzue gizarteak planeta ulertu eta zaindu dezan?

Natura denona da, gure etxea da. Félix Rodríguez de la Fuentek esango lukeen bezala, gure “soro-muxarraren enbor huts” partikularra da, eta berau babestea ez da bakarrik ingurumenaren aldeko aktibisten lana. Norberaren esku dago bere hondar aletxoa jartzea. Horregatik, informazioa ematen eta zabaltzen saiatzen gara, erakusteko ekintza txikiak ere lagungarri direla.

Ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, eta abar baliatzen ditugu ingurumena hurbiltzeko ikasgeletara, kultura-guneetara, elkarteetara edota enpresetara; ekosistema desberdinen arteko konexioa erakusten dugu. Inguratzen gaituen ingurumenaren benetako enbaxadore bihurtzen gara (bereziki itsasoarenak, ezezagunik handiena delako), eta ahalegina egiten dugu gainerako guztiak beren inguruneaz jabetu daitezen, hobetu ulertu dezaten, errespetatzen ikas dezaten, eta beren bizitzetan, eta, ondorioz, beren enpresarenean integratu dezaten. “Maitatzen dena bakarrik babesten dugu, eta ezagutzen duguna bakarrik maitatzen dugu”.

 

 

Underwater Basque Country, Agua Sin Plástico Salud… ingurumenaren aldeko ekintzailetza kolaboratiboko ekimenak al dira?

Underwater Basque Country Euskadiko itsaspeko ekosistemaren bioaniztasuna deskubritzeko ekimen bat da. Ikus-entzunezko eta ikuskizunen bidez eta elkarlanean arituz musika eta kulturaren munduetako profesionalekin, erakutsi nahi da nolakoa den Kantauri itsasertzeko eta, bereziki, Euskadiko uren aberastasun biologikoa.

Agua Sin Plásticos Salud, berriz, ekintzara pasatzeko proiektu bat da, praktikoagoa eta konkretuagoa, non konponbide zehatzak sortzen baititugu karbono aztarna murrizteko. Uraren eta hondakin sorkuntzaren arazoak konpontzen lagundu nahi duen edozein enpresak parte har dezake. Horixe da ekintzailetza berdean jarduteko gure modua, saiatzen gara ikusarazten ingurumen arloko hedapenarekin eta sentsibilizazioarekin lotutako ekintzak auto-askitzaile izan daitezkeela, eta irabazi ekonomikoak ere eman ditzaketela enplegua sortuz, edota inplikatutako pertsonen ekintzailetzarako gaitasuna hobetuz.

 

 

Ekintzailetzan eta elkarlanean jarraitu nahi duzue gure bizitzak errazago eta osasuntsuago izan daitezen…

Lan merkatua oso aldakorra da. Uste dugu elkarri laguntzen eta elkarrekin lan egiten dakiten enpresak bakarrik irtengo direla aurrera. Harremanetan jarri nahi genuke lankidetza olatu honekin bat egin nahi duten, hots, irabazia bilatzen duten baina irabazi hori ongia komunaren gainetik jartzen ez duten enpresa eta profesionalekin. Ezagutu nahi ditugu karbono aztarna murrizteko helburuarekin bat egin nahi duten enpresak, etikoki eta erantzukizunez jokatuz tratamendu integralaren aldeko apustua egingo dutenak, eta prestakuntza jasotzen eta ikasten jarraitu nahi dutenak, etengabe hobetzeko.

 

 

Zuen lanak hainbat aitortza jaso ditu

Elkartearen bidez “Portuko urak, bizitza babesleku” izeneko dokumentala egin genuen, Bilboko Portuko uren aberastasun biologikoari buruz. Donostiako Itsaspeko Nazioarteko Zinema Zikloaren 35. edizioan Zilarrezko Baranda jaso zuen, bere eduki biologiko handiagatik, hain hurbila eta ezezaguna den eremu bat ezagutzera emateagatik (nahiz eta oso zaila izan ur horietan grabatzea) eta euskaraz egiteagatik.

Era berean, 2008an enpresa proiektu bat aurkeztu genuen, zeinak kontuan hartzen baitzuen erantzukizun soziala ingurumenaren eta enpresako elementu desberdinen arteko lankidetzaren ikuspegietatik, nahiz eta une hartan halako gaiez hitz egitea ez zen lehentasunezkoa enpresek garatzen zituzten hobekuntza-ekintzen artean. Hala ere, gure lanak Lur Barriak Saria jaso zuen Leioan, bere ikuspegi berritzaile, global eta integratzaileagatik.

 

 

Ekintzaileek, enpresek, erakundeetako ordezkariek, instituzioek, eta abarrek irakurriko dute elkarrizketa hau. Mezuren bat bidali nahi diezue?

Zinez uste dugu ez dutela bizirik iraungo ingurumen arloan sostengarriak ez diren instituzio eta enpresek, ez eta ingurune sozialean inplikazio zuzen eta erreala izanik langilea enpresako kudeaketako funtsezko elementu gisa integratzen ez dutenek. Gainera, Europar Batasunak gero eta azkarrago aplikatuko ditu klima aldaketaren ondorio suntsitzaileak geldiarazteko araudi berriak, berriki Paris eta New Yorken berretsi direnak, zeintzuen ondorioz enpresak eta gobernuak behartuta baitaude beren karbono aztarna albait azkarren murriztera.

Utz dezagun alde batera krisia: aro berri batean sartzera goaz, Ezagutzaren Aroan, non eredu kolaboratiboa eta norberaren talentu ekarpenak nagusituko baitira: Zergatik ez ditugu txertatzen gure enpresetan ingurumena gehiago errespetatzen duten politikak? Zergatik ez dugu erantzukizun soziala integratzen lehentasunezko alderdi gisa? Zergatik ez dugu beste enpresa eta erakunde batzuekin kolaboratzen olatu handi honekin bat egin dezaten? Aldaketa garaia da… Aprobetxa dezagun geure burua berritzeko eta indar handiagoz baina modu kontzienteagoan irteteko merkatura.

 

 

Info+: www.nakusarbe.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow