Nahiko, berdintasunezko bizikidetzara bidean

13 June, 2017

 

Programa horrek baloreetan oinarritutako hezkuntza sustatzen du indarkeria prebenitzeko.

Nahiko programaren helburua da berdintasunean eta giza eskubideetan oinarrituriko hezkuntza ematea, genero rolak desagerraraziz txiki-txikitatik. Proiektuak ko-hezkuntzako metodologia aplikatzen du elkarrekiko errespetu baloreak sustatzeko, eta azken bi ikasturteotan EAEko 36 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ia 3.000 ikaslek parte hartu dute bertan.

Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatutako programa honek hainbat material eta irakasleentzako laguntza eskaintzen die eskolei. Irakasleek prestakuntza-saioak egiten dituzte aldez aurretik, eta aholkularitza indibidualizatua jasotzen dute prozesu osoan zehar. Bestalde, ikasgelan erabiltzen diren material didaktikoak beraizik diseinatu dira ikasleen premien eta bizi duten unearen arabera, hiru fasetan banaturik. Lehen Hezkuntzako zikloan, Nahiko programak aukera ematen du hainbat gai lantzeko, hala nola: aniztasunarekiko errespetua, autonomia pertsonala, generoari lotutako rolak eta emozio baikorrak.

Programa ebaluatzean lortutako emaitzen arabera, Nahiko proiektutik igarotako ikasleak hobeto jabetzen dira generoari lotutako estereotipoez eta beren ondorioez, eta garrantzia ematen diote errespetuari eta indarkeria ezari berdintasuna lortzeko bidean. Gainera, ekimenean parte hartu duten ikasleek auto-estimu maila hobea dute, erasokortasun maila txikiagoa eta enpatia handiagoa.

Nahiko programa ko-hezkuntzako metodologia batean oinarritzen da, hau da, berdintasunaren baloreetan oinarritutako hezkuntza ematen zaie ikasleei, haurren potentziala eta indibidualtasuna aitortuz, beren sexua gorabehera, eta garapen integrala bilatuz estereotipoak bazterrean utzita. Unitate didaktikoak, irakasle eta familientzako gida-liburuak eta ikasgelan egiteko ipuin, jolas eta jarduerak deskargatzeko moduan daude Emakunderen atarian.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow