Mundu osora zabaldu den mugimendu kultural eta solidarioa

19 October, 2017

Datorren azaroaren 25ean egingo da Fair Saturday ekimenaren 4. edizioa.

 

Fair Saturday ekimena 2014. urtean egin zen lehenengoz, artea eta kultura espiritu solidarioarekin sustatzeko hiritarren artean. Azaroko azken larunbatean mota guztietako kultur ekitaldiak antolatzen dira, jarduera bakoitzean bildutako diruaren zati bat proiektu sozialei emateko. Bilbon sortu bazen ere, edizioz edizio hiri gehiagok bat egin dute ekimenarekin, mugimendua nazioartera zabaltzeraino.

 

Ekimenaren data eta izena Black Friday-ren kontrapuntu gisa aukeratu ziren, onlineko merkataritza-kanpaina global ezagun horren biharamunean beste hitzordu bat sortzeko eta, bide horretatik, arteari eta kulturari balioa emateko. 2014an egin zen Fair Saturday ekitaldiaren lehen edizioa, eta abesbatzen 18 kontzertu antolatu ziren Bilbon, zeintzuen bidez 15.000 euro bildu baitziren GKEentzat. Bi urte geroago, 2016an, ekimenak 7.500 artista baino gehiago bildu zituen 66 hiritan, eta 106.000 euro inguru bildu ziren elkartasunezko proiektuentzat.

 

Irabazi asmorik gabeko Solidarters fundazioak sustatzen du ekimena, helburu bikoitz honekin: batetik, kulturaren garrantzia sustatzea gure gizartean, diziplina guztietako artisten sorkuntzak babestuz eta, bestetik, hainbat kausa sozialen alderako elkartasuna bultzatzea. Ekitaldi bakoitzean, artistek erabakitzen dute bildutako diruaren zein portzentaje eman nahi duten eta diru hori zein proiektu solidariotara joango den.

 

Era guztietako adierazpen artistikoak onartzen dira jardunaldian, esaterako, kontzertuak, antzezlanak, performance-ak, street art-a, errezitaldiak edo sorkuntza tailerrak. Aurten, Fair Saturday azaroaren 24ko gauean inauguratuko da, Bilbao Arena aretoan eskainiko den Zorba el Griego lanarekin. Mikis Theodorakis konposatzailearen obra bat da, Lorca Massine-ren koreografiaz jantzia dagoena, eta 200dik gora artistek parte hartuko dute emanaldian. Parte-hartzaile horietako batzuk dira Igor Yebra dantzaria, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea, UPV/EHUko Abesbatza eta Turkish State Opera and Ballet taldea.

 

Solidarters fundazioak Solidarters.com plataforma jarri du martxan Fair Saturday mugimenduaren barnean. Onlineko galeria bat da, non diziplina desberdinetako artistek aukera baitute beren obrak salgai jartzeko. Fair Saturday ekimenaren filosofiari jarraiki, sortzaileek konpromisoa hartzen dute salmenta bakoitzaren portzentaje bat emateko eurek aukeratutako proiektu sozialari.

 

Fair Saturday 2017

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow