Mugiment ekimenak jarduera fisikoa sustatzen du biztanle guztientzat

2 February, 2016

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, emakumeen %34k eta gizonen %27k ez dute egiten bizitza osasuntsurako behar den gutxieneko jarduera fisikoa. Kontuan hartzeko moduko datua inondik ere, jarduerarik eza eta sedentarismoa munduko laugarren heriotza-eragile handiena baitira. Eusko Jaurlaritzak Mugiment proiektua jarri du martxan, eguneroko bizitzan kirola sustatzeko. Sektore anitzeko  programa bat da, sedentarismoari aurre egiteko pentsaturik dagoena.

Hala, Mugiment ekimenean parte hartzen dute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Osasun Sailak, eta Enplegu eta Gizarte Politika Sailak ere bai. Proiektuaren helburua da jarduera fisikoa sustatzea  adin-tarte eta ingurune guztietan, bai denbora librean, bai lanean eta baita ere eskolan. Zortzi ekintza transbertsal planteatzen ditu horretarako, eta guztiak daude jasota Mugiment ekimenaren atarian.

Ekintza garrantzitsuenetako bat Mugisare da, helburutzat duena udal-sareak sortzea jarduera fisikoa sustatzen duten ekimenak koordinatzeko. Sare horien barruan tokiko eragileek -kirol teknikariak eta, besteak beste, osasun publikoko edo ongizate sozialeko profesionalak- elkarrekin lan egingo dute, helburu honekin: biztanleen %100era iristea. Esaterako, familiako medikuak udal kiroldegiko teknikariarengana bidal dezake paziente bat, bere premia pertsonalen araberako jarduera egokiak gomendatu diezazkion. Oraingoz 10 udalerrik bat egin dute sarearekin. Horrekin batera, otsailean prestakuntza ikastaroak eskaintzen hasiko dira osasun eta kirol arloetako profesionalentzat, hiritarrei orientazio hobea eman ahal izateko.

Ekimenaren beste ardatz bat Mugibili web orria da. Berez jarduera fisikoen bilatzailea da, eta aukera desberdinak eskaintzen ditu pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta: non bizi den, zenbat urte dituen eta nolako kirola egin nahi duen. Tresna horri esker errazagoa izango da pertsona bakoitzaren gustu eta premiei egokitutako jarduerak aurkitzea. Dagoeneko, 10.000 erabiltzaile inguruk eman dute izena bilatzailean.

Mugiment ekimenaren barruan badaude baita ere biztanleria-talde zehatzei zuzendutako estrategiak, hala nola, Mugibeti, pertsona nagusien artean kirola sustatzen duena, Mugikasi, eskoletan jarduera fisiko gehiago egitea helburu duena, edo Mugilan, lantokian sedentarismoa murriztea helburu duena. Kasu honetan, esperientzia bat jarri dute martxan Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, ariketa fisikoa sustatzeko, adibidez, denbora bat igarotakoan aulkitik altxatzea, edo igogailua erabili beharrean eskailerak erabiltzea. Proba pilotu hori amaitutakoan, asmoa da ekimena erreplikatzea Eusko Jaurlaritzaren gainerako egoitzetan eta parte hartu nahi duten enpresa guztietan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow