Meta! Gipuzkoa ekimenak berrikuntza kulturaleko 20 proiektu hautatu ditu

28 July, 2016

Proposamenek crowdfunding-kanpainak abiaraziko dituzte irailean.

 

Meta! Gipuzkoa mikro-finantzaketa kolektiborako deialdi bat da, helburutzat duena Gipuzkoako hiritarrek Gipuzkoan bertan bultzatutako kultur proposamen, proiektu eta ekitaldi berriak sustatzea. Goteo.org erakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin jarri dute martxan programa hori, zeinak 70.000 eurorainoko laguntzen bidez bultzatuko baititu proiektuak.

 

Meta! Gipuzkoa ekimenak gizarte zibilak bultzatutako kultur ideia berritzaileak sustatuko ditu. Horretarako, deialdi ireki bat egin zen maiatzean, eta antolatzaileek dagoeneko aukeratu dituzte babestuko dituzten 20 kultur ekimenak. Irailean crowdfunding-kanpaina bana jarriko dute abian, mikroemaitzen bidez funtsak bildu ahal izateko. “Hazi kapitalaren” kontzeptuari jarraiki, hiritarren ekarpenekin lortutako euro bakoitzeko, beste euro bat jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, proiektuak finantzatuko dituzten baliabideak bikoizteko.

 

Aukeratutako ekimenen artean daude, besteak beste, 39 Grietas proiektua, emakumeek jasaten dituzten tratu txarren gaia jorratzeko antzerkia, dantza eta ikus-entzunezko edukiak konbinatzen dituen ikuskizuna; Amanerak proposamena, zeinaren helburua baita open source irizpideak aplikatuz kaikua (euskal jantzi tradizionala) berreskuratzea, baina gaur egunera egokituta; edo Un piano para Dani proiektua, erabiltzen ez diren pianoak hiriko baliabide publiko bihurtzen dituena.

 

Crowdfunding-kanpainak zabalik egongo dira irailaren 15etik abenduaren 3ra bitartean, Goteo.org plataforman. Kanpainaren lehen 40 egunetan gutxieneko finantzaketa lortzen duten ekimenek bakarrik jasoko dute Foru Aldundiaren laguntza martxan jartzeko.

 

Goteo.org crowdfunding sare sozial bat da, ekimen sortzaile eta berritzaileak garatzeko laguntza ematen duena, baldin eta ekimen horiek kode irekiaren filosofiari jarraiki garatu badira eta helburutzat badute itzulera kolektiboa sortzea (bai esparru sozialekoa, kulturalekoa eta ekologikoa eta bai hezkuntza arlokoa).

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow