Material adimendun berrien bila

28 September, 2017
Nuria García Huete, Kimika Fisikoa saileko ikertzailea

UPV/EHUko ikerketa batek forma berreskuratu eta beroarekin auto-konpontzen diren polimeroak lortu ditu

 

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) BCMaterials euskal ikerketa-zentroaren lankidetzaz egindako ikerketa batek jatorrizko forma berreskuratu eta beroa bezalako estimuluekin auto-konpontzeko gaitasuna duten material polimeriko ez-toxiko berriak lortu ditu.

 

Esparru zientifikoan, gero eta ohikoagoa da material adimendunak garatzea, hau da, baldintza jakin batzuen azpian zenbait propietate aldatzen dituztenak. Formaren memoria duten polimeroen kasuan, haien egitura aldatzeko gaitasuna dute tenperatura aldatzekotan.

 

Zehazkiago esanda, Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa sailak egindako ikerketak hainbat sistema polimeriko garatu ditu, eta horien bitartez, deformatu ondoren lehengo egitura berreskuratzeko gaitasuna duten erabilera anitzeko materialak sortu dira.

 

Horren harira, beroa aplikatuz gero jatorrizko forma berreskuratzeko propietate hori gainazalean kaltetutako objekturen bat leheneratzeko balia daiteke. Era berean, toxikoak ez diren substantziak direnez gero, material berri horiek aplikazio biomedikoetarako erabil litezke gerora begira.

 

UPV/EHUk ohar baten bidez jakinarazi duenez, lortutako emaitzei jarraiki, polimero berriak hainbat esparru zientifiko-teknologikotan eta are industria mailan aplikatzeko aukera ireki da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow