Dirua lortzeaz harago… Crowdfunding Soziala

8 June, 2016

Crowdfundingeko kanpainak, pertsona kopuru handiak mobilizatuz ekimenak finantzatzen dituztenak, esparru askotara hedatu dira, batez ere, sorkuntza edo teknologia arloetako proiektuak finantzatzeko. Txosten baten arabera, 2014an Espainian 62 milioi euro inguru bildu ziren crowdfunding bidez, aurreko urtean halako bi. Dena dela, esparru sozialean asko dago oraindik egiteko, zeren nahiz eta antolakunde askok ezagutzen duten dirua biltzeko metodo hori, oraindik gutxi baitira erabiltzen dutenak.

Nesta berrikuntza agentzia britainiarrak Crowdfunding good causes txostena argitaratu du, zeinak aztertzen baitu zein erronka eta aukera sortzen diren finantzaketa mota horren bidez proiektu sozialentzat dirua biltzeko orduan. Argitalpen horrek dioenez, mikro-finantzaketa kolektiboaren xede bakarra ez da dirua biltzea –batzuetan horrek du garrantzi gutxien-, baizik eta baita ere proiektu baten inguruan komunitate bat sortzea, proiektu horri ikusgarritasuna emateko eta bestelako laguntza mota batzuk lortzeko, adibidez boluntarioak.

Esparru sozialaren barruan, crowdfunding-a oso baliagarria izan daiteke bestela finantzaketarik lortuko ez luketen proiektuentzat, hau da, finantzaketa iturri tradizionalen arretarik bereganatzen ez dutenentzat, dela ekimen txikiak direlako edo dela nitxo oso zehatz batera zuzenduta daudelako. Interneti esker, posible da benetan interesa duen komunitatearenganaino iristea eta ideiak merezi duen ala ez aztertzea. Halaber, aukera ematen du ekarpen modu desberdinekin esperimentatzeko, porrotaren kostua baxua delako.

Hala ere, Nesta-k eginiko txostenaren arabera, mikro-finantzaketak baditu hain positiboak ez diren hainbat alderdi. Kanpainaren funtzionatzeko moduagatik, beraizik zuzenduta dago epe laburrean inpaktu ikusgarria izan dezaketen proiektu zehatzei, eta kanpoan uzten ditu onura zabalagoak lortzeko aukera izan arren, finantzaketa eta garapen epe luzeagoak behar dituzten ekimenak. Bestalde, crowdfunding-ak komunitatearen borondatea lehenesten du, eta, batzuetan, hori ez dator bat antolakundearen helburuekin eta printzipioekin. Gainera, halako kanpaina bat martxan jartzeko beharrezkoak dira gaitasun digitalak eta plangintza zehatz bat egitea aldez aurretik. Hori ere oztopo bihurtzen da hainbat erakunde sozialentzat.

Txosten honek hainbat gomendio ematen ditu ekimen sozialak abian jartzean crowdfunding-aren potentziala aprobetxatzeko. Azterlanaren arabera, antolakundeek bide hori aztertu behar lukete, ez baitu inbertsio handirik eskatzen; gainera, lehendik existitzen diren finantzaketa eszenatokietan integratu daiteke, proiektuei ikusgarritasuna emateko eta komunitate bat eraikitzeko tresna gisa.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow