Maker Faire Bilbao azokan ikusgai egongo dira teknologia sortzaileen arloko 60 proiektu baino gehiago

19 October, 2017

Urriaren 27tik 29ra egingo da azoka horren bosgarren edizioa da Zorrozaurren.

 

Dron lasterketak, teknologia espaziala, biologia sintetikoa, era guztietako robotak eta 3D inprimagailuak egongo dira ikusgai urriko azken asteburuan, Bilboko Zorrozaurre auzoko Artiach gaileta fabrika zaharrean. Teknologia sortzaileen arloko azoka handienak bertsio txiki bat izango du Bilbon, non 60tik gora proiektu eta 150 jarduera inguru bilduko baitira aurten.

 

Maker Faire Bilbao topaketaren helburua da teknologien bidez esperimentatzea, lehentasuna emanaz berrikuntza irekiari eta egizu zerorrek filosofiari. Open Espazioak antolatu du azoka eta dagoeneko argitaratu da bere egitaraua. Hitzaldiz, proiektu erakustaldiz eta tailerrez betea dago eta garrantzi berezia eman zaio teknologia irekiei buruzko hezkuntzari.

 

Hitzaldien gunean mota desberdinetako euskal proiektuek parte hartuko dute: Love Props maker taldeak, Daft Punk kaskoaren DIY bertsio bat sortu duenak; Mondragon Kooperatibaren spinoff-a den MyMat Solutions enpresak, 3D inprimagailuentzako filamentuak fabrikatzen dituenak; eta eFaber-ek gazteentzat antolatzen dituen Coding is Fun programazio-ikastaroek. Azken ekimen horren barnean, Sopelako ikasle talde batek irabazi du aurten Europa mailako AstroPi lehiaketa Nazioarteko Estazio Espazialera bidaliko den Raspberri Pi kit batekin. Besteak beste, OpenMaker programa ere aurkeztuko da. Europako Batzordeak bultzatutako ekimen horrek finantzaketa eskainiko du bost maker proiektu garatzeko.

 

Enpresei, maker komunitateei eta eskolei eskainitako stand-ez gain, adin guztietarako tailerrak egingo dira azokak iraungo duen hiru egunetan. Haurrentzat antolatutako jardueren artean daude LED lanpara bat egitea, 3D inprimaketa bidezko marrazketa edota zurgintza sortzailea. Helduentzat, berriz, elektronika, programazio eta instrumentuak hackeatzeko tailerrak egingo dira, besteak beste. Azoka horretan antolatutako ekimen orijinalenetako batzuk dira Euskadi Drone Racing erakundeak antolatutako dron lasterketa, eta Hebocon, munduko robot tontoenen arteko txapelketa.

 

Maker Faire azokako jarduera guztiak doakoak dira, eta Bilbao Ekintza, BEAZ eta BBK dira ekimenaren babesleak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow