Pertsona ekintzaile eta oso eraginkorren 7 ohiturak

30 May, 2016

“Los 7 hábitos de la gente altamente eficaz” liburua material oso interesgarria da eta lagungarri izan daiteke edozein enpresa, antolakunde, erakunde, familia edo profesionalen eta, bereziki ekintzaileen, jarrera metodologiko praktikorako.

Izenak berak dioen bezala, Stephen R. Covey adituaren lanak gure eguneroko bizitzan inplementatu behar genituzkeen zazpi ohitura azaltzen ditu, zeintzuen bidez emaitza onak lortu baitaitezke arlo profesional eta pertsonalean. Gure egoskortasuna eta burugogortasuna gorabehera, ohitura horiek nahiko erraz barneratu daitezke, gogotsu saiatzen bagara.

2012ko uztailean hil zen Covey jenialak historiako hainbat pertsonaia aipatzen ditu adibide bezala. Pertsonaia horiek garaian garaiko paradigmak hautsi eta beste jarrera batzuk hartu zituzten, gizartean aldaketak eragiteko: Koperniko, Newton, mugimendu feminista eraiki zuten emakumeak… Horiei guztiei gehitu behar genizkieke ziurrenik Albert Einstein, Bob Dylan,  Martin Luther King, John Lennon, Gandhi edo Kalkutako Teresa, eta baita ere Apple Computer enpresak “Think Different” kanpainaren barruko “Crazy Ones”  ikus-entzunezkoetan azaldu zituen beste hainbat.

Covey-k ez zuen ekintzaileentzako bertsio berezirik argitaratu, baina “Los 7 Hábitos de los Adolescentes Altamente Efectivos”  liburua idatzi zuen nerabeei zuzendutako “Los Siete Hábitos de las Personas Altamente Efectivas” liburuko printzipioetan oinarrituta. “Las 6 Decisiones más importantes de tu vida” eta “Los 7 Hábitos de Niños Felices” dira azkenaldian idatzi zituen beste lan batzuk, lehena nerabeei eta bigarrena haurrei zuzenduta.

 

Lehen ohitura: Izan zaitez proaktiboa.

Ekintzaile orok eragile izan behar du, zerbait egin behar du gauzak gerta daitezen; ez itxaron berez gertatu arte eta ez izan porrot egiteko beldurrik. Porrotak aukera ematen du ikasteko eta norbere kezkak, erronkak eta anbizioak arrakastaz gainditzeko.

Hartu agintea bizitza pertsonalean eta profesionalean, hartu aurrea eta erein, hazi eta sendotu zure talentuaren, sormenaren, ilusioaren adierazpen librea. Zurea eta baita ere ingurukoena, hots, bazkide, kolaboratzaile, akziodun, enplegatu, senitarteko, bizilagun eta lagunena. “…Beraz, askatu amarrak. Nabigatu portu segurutik urrun. Atzeman aldeko haizeak. Esploratu. Egin amets. Deskubritu…” Mark Twain

 

Bigarren ohitura: Hasi helmuga batekin.

Proiektu ekintzaile berri bat hasterakoan, argi izan norantz zoazen, nora iritsi nahi duzun, zein duzun helmuga. Gogoan izan: “ez dago aldeko haizerik zein portura doan ez dakien ontziarentzat”. Séneca

Portua identifikatutakoan, garatu eta planifikatu hara iristeko estrategiarik onena. Erabili bidea ondo definitzen lagunduko dizuten teknika sinpleak, esaterako “Marketinaren 4 P-ak”; elementu horiek lagungarri izango zaizkizu zure merkatuaren eskaerak identifikatzeko, garatzeko eta eskaera horiei erantzuteko, beti ere argi jakinik marketin estrategia “prozesu antolatu bat” dela, “bezeroak sortu eta mantentzera bideratua dagoena”.

Amestu, planifikatu, garatu zure talentua eta batez ere kontuz amesten duzunarekin, egia bihurtu daiteke eta!

 

Hirugarren ohitura: Lehentasunak lehentasun.

Ordenatu ekintza guztiak; presazkoa dena ezin da garrantzitsua denaren aurretik jarri presa izate hutsagatik (salbuespenak salbuespen), nahiz eta beti aurkitu horretarako aitzakiaren bat. Eguna hasteko, apuntatu egin beharreko lan guztiak eta administratu denboraren arabera etiketatzeko moduan: garrantzitsuenak, presazkoenak, beste norbaiten esku utz daitezkeenak eta baztertu daitezkeenak ere bai; ikasi EZETZ esaten, ahal bada modu asertiboan eta batez ere kontuz ibili “denbora lapurrekin”, ekintzaileen etsairik handienak izan daitezke eta…

“Presazkoa denak normalean beharrezkoa denari erasotzen dio”.  Mao Tse-Tung

Zotzari ziria sartu nahi badiozu, administratu denbora behar bezala:

A)Presazkoak dira berehala zerbait egitea eskatzen dutenak.

B) Garrantzitsuak dira emaitzekin zerikusia dutenak.

Horrela, jarduera bakoitza koadrante hauetan sailkatu daiteke:

1) Presazkoa eta garrantzitsua: Krisi bidezko administrazioa.

2) Ez-presazkoa baina garrantzitsua: Administrazio proaktiboa.

3) Presazkoa eta ez-garrantzitsua: Erreakziozko administrazioa.

4) Ez-presazkoa eta ez-garrantzitsua: Administrazio ez-efektiboa.

Argi dago bigarren koadrantea funtsezkoa dela eraginkortasuna lortzeko, beraz,

– Definitu eta lehenetsi epe labur, ertain eta luzerako helburu eta jomugak.

– Hartu erabakiak presazkoa ez baina garrantzitsua denari buruz eta horren arabera jokatu.

– Zehaztu rol eta helburuak eta saiatu betetzen.

– Definitu egunero betebeharren hierarkia, agenda ondo erabiliz.

– Aztertu egunero nola joan zen aurreko eguna eta gogoratu ekintzak; utzi beste norbaiten esku enkistatu daitezkeenak eta beteko ez dituzunak.

 

Laugarren ohitura: Irabazi-irabazi.

Jacinto Benaventek idatzi zuen: “pertsonak gehiago elkartzen dira gorrotoa partekatzeko maitasuna partekatzeko baino”. Irabazi-irabazi oinarrizko printzipioa da XXI. mendeko profesionalen eta enpresen arteko harremanetan; lankidetzaren, partekatzearen eta elkarrekiko ekintzailetzaren aldeko apustua egin nahi duten ekintzaileek etorkizun oparoa dute eta enpresa handi batek baino energia gehiago sor dezakete.

Merezi du erronkak eta onurak partekatzeak, energiak batzeak eta emaitzak biderkatzeak; gure bizitza ekintzailea eta pertsonala frontoi bat bezalakoak dira: zenbat eta gogorrago jo pilota, orduan eta gogorrago etorriko zaigu bueltan. Harreman profesionaletan negoziatu integritatez, denontzako onena defendatuz eta beste alderdi batzuentzako onurak diseinatuz, haiek zeuretzat diseinatzea nahiko zenukeen bezalaxe.

“Bi pertsonak aterki bat partekatu behar dute; aterkirik ez badute gutxienez euria partekatu beharko dute, umorez eta filosofiaz beterik”. G.K. Chesterton.

 

Bosgarren ohitura: Ulertu besteek ere uler zaitzaten

Ohitura bikain honek zerikusia du komunikazio eraginkorrarekin, adimen emozionalarekin eta ekintzaileen eta beren ingurukoen arteko bizikidetzarekin. Enpatizatzea esaten zaio beste batzuen tokian jartzeari, lehenik beren testuingurua ulertuz eta ondoren guk ere ulertuak izateko dugun beharra asez.

Aktiboki entzunez gero ingurukoen benetako kezkak ezagutuko dituzu eta malgutasun pixka batekin, zeureganatzeaz gain, elkarren onurarako erabili ahal izango dituzu; hori da “asertibotasuna”. Latinez “assertus” “gauza baten ziurtasunari buruzko baieztapena” da; beraz, asertibo esaten zaio ziurtasunez eta inor kaltetu gabe baieztapenak egiten dituenari. Pertsonen arteko harreman eredu bat da, ideia, emozio eta jarrera desberdinak ezagutu eta entzutean datzana, denak errespetatuz eta norberarenak modu kontziente, argi, zuzen, benetako eta orekatuan adieraziz, erasokor edo pasibo izan gabe.

Ez da beti erraza elkarrizketa batean asertibo izatea, baina badago gogoratzeko eta praktikatzeko modu sinple bat: “ulertzen dut, eskertzen dizut, baina hala ere, eta beraz”: ,…”Ulertzen dut zure jarrera, badakit zeinen garrantzitsua den zuretzat eta eskertzen dizut gogoraraztea zein ona den biontzat aurkitu duzun konponbidea; baina ezinbestekoa da beste alderdi batzuk ere kontuan hartzea eta, beraz, ekintza hauek garatuko bagenitu, biok aterako ginateke irabazten…”.

“Behatu, entzun, egon isilik. Ez gehiegi juzkatu eta asko galdetu”.  Arturo Graf

 

Seigarren ohitura: Sinergiak egitea

Elkarrekiko menpekotasunaz hitz egiteko ordua da; gure ingurunearen zati gara eta harekin bat egin behar dugu emaitzak biderkatzeko. Ulertu behar dugu ez dela gauza bera lantaldea eta taldeko lana, hori da lehen erronka. Helburuak lerrokatzen, pertsonen printzipio aktiboak identifikatzen eta norabide berean arraun egiten ohitu behar dugu, horixe da sinergia onenak sortzeko lehen urratsa. “Deskubrimendu eta hobekuntza handiak lortzeko, adimen askok batera  lan egin behar dute”.  Alexander Graham Bell

Ezinbestekoa da ontzi berean doazen pertsona guztien adimena, sormena eta sentsibilitatea identifikatzen ikastea, xehetasun handi eta txiki guztiak elkartu eta balioa ematea, xehetasun txikiekin osatzen dira-eta obra handienak. “Bakoitzak pixka bat daki, eta denon artean asko dakigu”.

Sinergiak egitea ez da bakarrik norbere batelean arraun egitea, baita ere “beste batel batzuekin bidaiatzea”, jomuga bererantz. Laugarren ohituran genioen bezala, “irabazi-irabazi” harremana. Lankidetzaren, partekatzearen eta elkarrekiko ekintzailetzaren aldeko apustua egin nahi duten ekintzaileek etorkizun oparoa dute eta enpresa handi batek baino energia gehiago sor dezakete.

“Gaur egun bizi dugun egoera honetan” oraindik ez bazara ohartu  zein garrantzitsua den lankidetza lehiatu ahal izateko, UP Euskadi atariko “Lankidetzan garai zailetan” artikulua irakurri beharko zenuke.

“Ikuskizun handia da pertsona bat adbertsitatearen aurka borrokan ikustea. Baina bada bat are handiagoa: beste pertsona bat hari laguntzen ikustea”.  Oliver Goldsmith

 

Zazpigarren ohitura: Aizkora zorroztea

Covey autoreak deskribatutako azken ohitura ezinbestekoa da ekintzaileentzat: etengabe aizkora zorroztea modurik onena da basoan ahalegin txikienarekin ahalik eta zuhaitz gehien eraisteko: “Zuhaitz bat ebakitzeko zortzi ordu izango banitu, sei ordu emango nituzke aizkora zorrozten”. Abraham Lincoln.

Ekintzaileok “bidean gelditzen” ikasi behar dugu, mentalki, fisikoki eta intelektualki prestatzeko. Hala, garrantzitsua da ongi atseden hartzea, jarduera eta tokiak aldatzea, irakurtzea, ikertzea, gauzak alderatzea, ikastea, norbere burua janztea, bidaiatzea, iraganari buruz hausnartzea eta etorkizuna diseinatzea, kirola egitea, elikadura orekatua izatea, familian eta lagunekin bizitzea, maitatzea, pozak partekatzea eta tristurak konpentsatzea…

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow