Lorra: goraka doa lehen sektoreko ekintzailetza

19 May, 2016

Azken bi urteetako kopurua bikoiztuta, LORRAk 63 eskaera berri jaso ditu landa eremuetan negozioak instalatzeko Gaztenek programaren barruan. Behin balorazio batzordetik igaro ondoren, 49 proiektu berri onartu dira aurten instalatzeko.

 

 

Landa eremuetako bizitzak gero eta interes handiagoa pizten du Bizkaian, edo hala dirudi behintzat ikusirik zenbat proiektu aurkeztu diren aurten hiru lurraldeetako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Gaztenek programara. “2015ean 32 izan ziren, 2014an 31, eta aurten bikoiztu egin dugu kopuru hori. Argi dago, beraz, gero eta interes handiagoa dagoela”, esan du Martín Uriarte, LORRA S.Coopeko kudeatzaileak. Lorrak 63 eskaera jaso ditu 2016an negozio-proiektu berriak sortzeko: 17 emakumeenak, eta 46 gizonezkoenak. Beraz, bikoiztu egin da azken bi urteetan aurkeztutako espedienteen kopurua. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren erakunde kolaboratzailea da LORRA, eta programa honen barnean martxan jartzen diren proiektu berriak tutorizatzen ditu jardueraren lehen hiru urtaldietan. Teknikariek ekintzaileei laguntzen diete ekimena martxan jartzen eta erronka guztiak gainditzen, lehen sektoreko negozio ideiak arrakastaz garatu ditzaten.

 

Testuinguru ekonomikoa da interes hazkor horren arrazoietako bat. Lanik aurkitzen ez duten gazteak, lanik gabe geratu ondoren beren etorkizun profesionala arlo berrietara bideratu nahi duten helduak… Funtsean, programa hori lehen aldiz zuzendu zaie aurten 41 urtetik gorako ekintzaileei, eta eskaeren %14 profil horretako jendeari dagokio. “Ikusi genuen bazirela hainbat pertsona heldu beren bizitzako etapa berri bat lehen sektorerantz bideratu nahi zutenak” esan du Martin Uriartek. Horretan badute eragina, baita ere, baserri giroko bizitzari buruz gero eta gehiago zabaltzen ari den ikuspegi berri batek eta berarekin lotutako zenbait ideiak, nola baitira negozioen modernizazioa, teknologia berriak, bizimodu sostengarria, tradizioen eraberritzea, proiektu berritzaileak… balore horiek eta antzekoek erakargarriagoa bihurtzen baitute landa eremuko bizitza. “Lehen sektorea modernizatzen ari da, hori horrela da; errealitate berri hori barneratzen ari gara pixkanaka, eta hausten ari dira ohiko topikoak baserriko bizitzari buruz edo landa eremuetako lanari buruz”, esan du Martinek.

 

Sektore ekintzaileen artean aipagarriak dira, hartu duten indarrarengatik, nekazaritza ekologikoa (19 proiektu, aurkeztutako guztien %30), eta, esparru berri gisa, helizikultura, azken urteotan sortu direlarik Bizkaiko lehen ustiategiak. Gainerakoan, era guztietako proiektuak daude: esne behiak eta ardiak, okelatarako behiak, oilo ekologikoak, txerriak, erle-hazkuntza, untxi-hazkuntza, perretxikoak, baratzegintza intentsiboa, landare haztegiak eta basoak, frutikultura, e.a.

 

Balorazio batzordetik igaro ondoren 49 proiektu onartu dira aurten instalatzeko, horietatik 16 emakumeek aurkeztuak, 22 gizonezkoek, eta lau, berriz, 41 urtetik gorakoek. Gainerako 14ak 2017tik aurrera jarriko dira martxan.

 

LORRAko lantaldeak laguntza emango du 49 proiektu berri horiek martxan jartzeko, euretan tutoretza eginez. PDRS proiektu berrian laguntza hori bost urteraino luzatuko da, halako gisaz non ekintzaileek 2020ra arte jasoko baitute laguntza beren proiektua martxan jarri eta garatzeko. Horrez gain, Lorrak baditu aurreko urteetatik beste 116 espediente.

 

LORRA irabazi asmorik gabeko Kooperatiba bat da, Bizkaiko Nekazaritza eta Elikadura Sektorerako kudeaketa zentroa, eta zerbitzu tekniko-ekonomikoak ematen dizkie elkarte eta ustiategiei. Une honetan Lorrak bere baitan biltzen ditu 34 elkarte, 7 kooperatiba eta bazkide kolaboratzaile bat, hau da, Bizkaiko lehen sektoreko jarduera-eremu guztietako 4.000tik gora ekoizle.

 

www.lorra.eus

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow