“Libu komunitate bihurtu da”

17 June, 2016

Bigarren eskuko liburu-denda hori Zubietxek bultzatutako gizarteratze proiektu bat da.

 

Irabazi asmorik gabeko Zubietxe elkarteak sortutako Libu ekimenak bere ateak ireki zituen joan den abenduan, Bilboko Arategizar kalean. Bigarren eskuko liburuak saltzen dituen liburu-denda bat da, baina espazio bikaina da baita ere bazterkeria arriskuan dauden pertsonei aukera berriak eskaintzeko eta gizarte inklusibo eta anitzagoa ikusarazteko.

 

Zertan datza Libu?

 

Izaskun Rekalde: Libu bigarren eskuko liburu-denda bat da, eta proiektu sozial batean oinarritzen da. Ekimen ekonomikoki sostengarri bat sortu nahi genuen lagungarri izan zedin Zubietxe elkartearen beste proiektu batzuk mantentzeko. Zubietxe elkartean bazterkeria arriskuan dauden pertsonekin lan egiten dugu. Finantzaketa-iturri propioak bilatu nahi genituen, baina hori hasiera besterik ez zen izan, zeren proiektua asko aberastu baita bidean zehar. Bestalde, Libuk komunitatea sortzen du, aukera ematen dielako bazterkeria arriskuan bizi diren pertsonei parte hartzeko eta eroso sentitzeko; dendan lan egin dezakete boluntario gisa, jarduerak antolatuz eta haietan parte hartuz…

 

Zein da Libu proiektuaren osagai soziala?

 

Loli Velasco: Libu dendak aberastasuna sortzen du erakundearentzat, baina, horrez gain, topagune bihurtu da jendeak bere ekarpenak egin ditzan. Hori lortzeko kudeaketa-lan handia egin behar da, kontua ez baita sartu, liburu bat erosi eta irtetea; sartzen den horrek jakin behar du hau proiektu sozial bat dela, eta liburua erostean ekarpentxo bat egiten ari dela gizarte justuago bat lortzeko.

 

LIBU

 

Izaskun: Oraingoz lortu dugu proiektua ekonomikoki sostengarria izatea. Une honetan liburutegian lanean dabiltzanak bazterkeria arriskuan bizi izan diren boluntarioak dira, eta etorkizun hurbilean kontraturen bat egin nahi genieke.

 

Proiektuak laguntzen du kolektibo hori beste modu batean ikusarazten?

 

Loli: Bai, bestela ikusi ere ez baitugu egiten, eta, ikusten dugunean, beren bizitzaren zati bat baino ez dugu ikusten, zailtasunena. Ongi ezagutzen dugu alderdi hori, 1992az geroztik ari baikara esparru honetan lanean, baina plazaratu nahi duguna da horrelako pertsonak beren zailtasunak baino askoz gehiago direla, eta ez dituztela definitzen beren bazterkeria egoerek, baizik eta beren interesek, ametsek, gaitasunek… beste edonor bezala. Alderdi horixe azpimarratu nahi dugu, hots, egin dezaketen ekarpenarena.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko helburuak?

 

Loli: Libu abenduan ireki genuen proiektu pilotu gisa, ikusteko ereduak funtziona ote zezakeen. Gure asmoa da etorkizunean bizirik jarraitzea, proiektuak bizirik jarrai dezala, alegia, sostengarritasun ekonomikoa izaten jarraitzea. Eginahalak eta bi egiten ari gara hori lortzeko: kultur jarduera mordoa antolatzen ditugu liburu-dendan, eta Internet bidez saltzen ere hasi gara; hasieran ez zegoen gure aukeren artean, baina ikusi dugu modu ona dela diru-sarrerak lortzeko. Oraingoz ez dugu enpresa sortu, eta ez zaigu gehiegi axola etorkizunean enpresa izango garen ala ez; gure asmoa da proiektuak jarrai dezala gure printzipioen arabera funtzionatzen, hots, jarrai dezala erakargarri izaten eta inguruan komunitatea sortzen. Duela sei hilabete ireki genuen, beraz, eredua esploratzen ari gara oraindik.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow