Euskal enpresek 100 milioi euro lortu ahal izango dituzte beren proiektu teknologikoetarako

13 apirila, 2016
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRIk, CDTIk eta IK4 Research Alliance-k antolatutako jardunaldi batean aztergai izan dute nolakoa izango den maiatzean irekiko diren “Cien” eta “Interconnecta” programen hurrengo deialdia. Maier eta Danobat euskal konpainiek laguntza horiekin lortu dituzten arrakastak azaldu dituzte.

 

Euskal enpresek aukera dute 100 milioi euroko laguntzak lortzeko beren proiektu teknologikoetarako. CDTI Estatuko Agentziak, IK4 Research Alliance zentro teknologikoak eta SPRI Taldeak  (enpresa garapenerako euskal agentziak) IK4-Cidetek zentroaren egoitzan (Gipuzkoako Teknologi Parkean) antolatuko jardunaldi batean ezagutzera eman da Cien eta Interconnecta programen hurrengo deialdia.

 

“Cien” programa enpresa partzuergoei zuzenduta dago eta helburutzat du konpainien arteko lankidetza bilatzea eta trakzio-indarra egitea ETEentzat. “Etorkizuneko teknologien arloko proiektu handiak dira, nazioarteko proiekzioa dutenak”, esan du CDTI-Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Agentziako José María Pérezek.

 

“Cien” programaren iazko deialdira  86 milioiko 23 proposamen onartu ziren

“Cien” programaren iazko deialdira  279 milioi euroko 30 eskaera eta 7-8 parte-hartzailez osatutako partzuergoak aurkeztu ziren. Guztira, 192 enpresa aurkeztu ziren, horietatik %45 enpresa handiak. “186 milioiko 23 proposamen onartu ziren, eta CDTIk 140 bat milioi euroko laguntzak banatu zituen”, esan du.

 

“2016rako aurrekontua“, gehitu du Pérezek, “100 milioi eurokoa izango da”, eta “asmoa da deialdia maiatzean zabaltzea”. 7-20 milioi euroko proiektuei zuzentzen zaie, “3-8 enpresaz osatutako partzuergoen bidez aurkeztuak, eta ez da onartzen interes ekonomikoko talderik”. Aurrekontuaren %75 finantzatzen da, eta %30 ez da itzuli behar. Deialdia ekainaren amaieran itxiko litzateke”.

 

José María Pérezek orobat azaldu du “Innterconecta” programaren deialdi berria mugatuagoa dela euskal enpresentzat, hamar bat autonomi erkidegori zuzenduta dagoelako eta Euskadi ez dagoelako horien artean. Baina autonomi erkidego horietan fabrikak dituzten euskal konpainiek posible dute parte hartzea eta azpikontratazioaren bidez sartuko lirateke programan. Garapen esperimentaleko proiektuak dira, laguntzatarako 50 milioi euroko aurrekontua dutenak eta %60rainoko diru-laguntzak eskaintzen dituztenak.

 

2016ko deialdian lankidetza publiko-pribatua bilatzen da eta hauek dira lehentasunezko gaiak: energia, aldaketa klimatikoa, bioteknologiak, arlo aeroespaziala, informazio gizartea, metalmekanika eta nekazaritza.

 

CDTIko Sustapen eta Lankidetza Zuzendaritzako Andrés Zabarak ireki du jardunaldia, esanez Estatuko Agentziak bere bizitzako 39 urte hauetan 12.000 enpresari lagundu diela eta 22.000 milioi euroko laguntzak banatu dituela. Zabarak esan du enpresek handitu egin beharko luketela beren tamaina eta “I+G sistematizatu beharko luketela, gauza puntual bat izan beharrean”.

 

Arrakasta

Jardunaldia bukatzeko, laguntza-programa horien bidez lortutako zenbait arrakasta azaldu dira. Sergio Alaiogoikoak, Maier konpainiako I+G-ko arduradunak, esan du bere enpresako I+G-ko jarduera guztia Gernikako fabrika nagusian egiten dela. Maier-ek automoziorako piezak fabrikatzen ditu, 2.146 langile ditu eta 2015ean 280 milioi euro inguruko salmentak izan zituen.

 

“Cien” programan izan duten esperientziari dagokionez, esan du 2014. urtetik  hona bi proposamenetan ari direla parte hartzen, “bata inpresio digitalekoa eta bestea nantoteknologikoa, korrosioaren kontrako propietateak dituzten estaldurak lortzeko”. Iaz beste proiektu batean parte hartu zuten, hondakinen proiektu batean, kromatu prozesuko bainuak berreskuratzera bideratua. “I+G-ko proiektu asko ditugu eta CDTIren programa horiek oso interesgarriak dira”.

 

Antton Usozek, Danobat Taldeko Berrikuntzako zuzendariak, esan du  horrelako proiektuen bidez lortu dituztela produktu asko. Danobatek 269 milioi euro fakturatzen ditu, 1.295 langile ditu eta “fakturazioaren %9,3” bideratzen du I+G-ra.

 

Azaldu du Danobat lanean ari dela une honetan 18 milioi euroko inbertsioko “Cien” proiektu batean bere makinak digitalizatzeko, “informazioa uneoro jaso eta bidali dezaten, iphone baten antzera”. Dagoeneko monitorizatzen ari gara balizko akatsak detektatzen dituzten makinak”. Usozek esan du 8,8 milioiko proiektu bat onartzea lortu zutela eta CDTIk 6,6 milioi euro eman zizkiela, horietatik  bi ez-itzulgarriak. “Helburuak beteko ditugu, baina ahal badugu arinago merkaturatuko dugu”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow