Euskal konpainiarik berdeenak, Europako Ingurumen Sarien irabazle

22 March, 2016

A&B Laborategiak, Energy Revival, Gerdau, Ingeteam, ITP eta Udapa euskal konpainiek Euskadi mailako golardoak eskuratu dituzte Enpresentzako Europako Ingurumen Sarietan.

Kudeaketaren arloan, epaimahaiak A&B Bioteknologiako Laborategiak eta Turbo Propultsatzaileen Industria (ITP) konpainiak saritu ditu.

Bestetik, baterien berrerabilpenean diharduen Energy Revival eta Ingeteam industria-taldeak produktuaren eta zerbitzuaren kategoriako golardoa jaso dute.

Zehazkiago esanda, Ingeteam taldeak, balaztatzearen bidez tren-garraiorako garatu duen energia berreskuratzeko sistemagatik irabazi du aipatutako saria.

Saritutako sistema honek CO2 emisioak murriztu eta energia faktura merketzea ahalbidetzen du, trenen trakzio-energiaren % 10-30 inguru berreskuratzen baitu balaztatze-eragiketetan sortutako energiaren laguntzaz.

Garapena abian dago jadanik zenbait garraio-sistemetan, Bilboko,  Bruselako eta Bielefeld-eko metroak kasu, baita Malagako aldirietako tren-sarean ere.

Horrez gain, Gerdau altzairu-fabrikatzaileak prozesuei dagokien saria jaso du, magnesita bezalako materialen erabilera murrizten lagundu duen ekonomia zirkularreko proiektu bati esker.

Udapa enpresa arabarrak, halaber, nazioarteko lankidetzari dagokion saria irabazi du, Kongon garatutako lankidetza-proiektu batengatik.

Sariak martxoaren 15ean banatu ziren Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ana Oregi Ingurumen sailburua buru izan zituen ekitaldi baten bitartez.

Europako Batzordeak Enpresentzako Europako Ingurumen Sariak eratu zituen 1987an, negozioen bideragarritasun ekonomikoa ingurumenaren babesarekin uztartzen duten konpainien lana aldarrikatzeko asmoz.

Sari hauetan lehiatzeko, lehenik eta behin, enpresek Estatu kideetako autonomia nahiz estatu mailako kanporaketa-faseak gainditu behar dituzte.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow