Lantek-ek berrikuntza eta eraldaketa digitalaren aldeko apustua indartu du

12 September, 2017
Lantek BilbaoTech deritzon zentro berria Bilboko Kale Nagusian kokatuta dago

Euskal konpainiak bezeroei zuzendutako softwareko aplikazioak eta soluzioak garatzeko zentro teknologiko berri bat inauguratu du Bilbon

 

Lantek enpresa arabarrak bulego berri bat ireki du Bizkaiko hiriburuan, xaflagintza sektoreko enpresen eraldaketa digitala erraztuko duen software-ingeniaritza garatzeko bikaintasunezko zentro teknologikoa bihurtzeko asmoz.

 

Lantek BilbaoTech deritzon zentro berria Bilboko Kale Nagusian kokatuta dago, eta datozen hiru urteotan 25 ingeniari berri ere kontratatzeko aurreikuspenaz sortu da. Inaugurazio ekitaldia hilaren 7an egin zen, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Spri enpresa-garapenerako agentziaren zuzendari nagusi Alexander Arriolaren parte-hartzeaz.

 

Bulego berri honen bitartez, egoitza nagusia Miñaon duen konpainiak bezeroei zuzendutako softwareko aplikazioak eta soluzioak garatzeko gaitasuna areagotu nahi du, euskarri global handiagoa duen zerbitzu azkarragoa eskainiz.

 

Lantek-ek ohar baten bidez jakinarazi duenez, zentro berri honen irekieraz, konpainiak Euskadin duen inbertsio estrategikoa bultzatu du, Bilbo inguruko prestakuntza-zentroetako Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia arloetako talentu espezializatua erakartzearen aldeko apustuari eutsiz.

 

“Etengabeko berrikuntza da gure konpainiaren bereizgarri nagusietako bat, 1986an sortu zenez geroztik. Horri esker, gure sektoreko mundu mailako lider bihurtu gara, eta aurrerantzean ere bide horrexeri jarraitu nahi diogu lantegien eraldaketa digitalak eta fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 Industriaren inguruko gorabehera guztiek dakartzaten etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko”, adierazi du Alberto Martinez Lantek-eko CEOak.

 

Zentro berriaren irekiera konpainiaren hazkunde-planari atxikita gauzatu da, bezeroei eraldaketa digitala egiten lagunduko dieten Industria 4.0 Industriako produktu espezifikoak garatzearen aldeko apustu estrategiko sendoan oinarrituta.

 

 

 

Lantek enpresaren aurkezpen bideoa

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow