Lantegi Batuak-en nazioarteko praktikak, bizi-esperientzia paregabea

16 urtarrila, 2018
7 gaztez osatutako taldea aireportuan, Italiara bidean.

 

Adimen desgaitasuna duten 14 gaztek praktikak egingo dituzte Italian eta Finlandian

30 urtetik beherako bi neska eta bost mutil praktika profesionalak egiten ari dira metalaren sektoreko lau enpresa italiarretan. Proiektua Riminin ari da garatzen, Italia iparraldean, eta berau da adimen desgaitasuna duten eta profesionaltasun ziurtagiri baten jabe diren pertsonentzako nazioarteko praktikak egiteko lehenengo ekimena.

 

Parte-hartzaileak urtarrilaren 11n iritsi ziren Italiara eta hilabeteko praktikak egingo dituzte, bi laguntzaileren babesarekin. Aldez aurretik, 400 orduko prestakuntza teoriko bat egin zuten iraila eta abendua bitartean, Sopuertako San Viator Zentroan. Prozesu horri esker profesionaltasun ziurtagiria lortu dute fabrikazio mekanikoko langile laguntzaile izateko, eta beste edozein pertsonak gainditu beharreko ebaluazio jarraibideak gainditu behar izan dituzte ziurtagiria lortzeko. Bukatzean, ohiko praktikak egin beharrean, Lantegi Batuak-ek eta San Viator Zentroak erabaki zuten praktika horiek atzerrian egitea, parte-hartzaileen bizi-esperientzia eta esperientzia profesionala zabaltzeko.

 

Zazpi gazteko taldeak praktikak egiten ditu goizez lau enpresa kolaboratzaileetan (Italmec, Amaducci Meccanica, Sigom eta Tecnalimec), konpainien produkzio prozesuak ikasteko. Arratsaldez berriro elkartzen dira apartamentu partekatuetan, esperientzia nola bizi duten kontatzeko eta eguneroko lanak egiteko, hau da, etxea garbitzea, afaria prestatzea, e.a. “Hiru dimentsio lantzen ditugu: lehenik eta behin, prestakuntza teknikoa, baina baita ere gaitasun profesional transbertsalak (taldeko lana eta erantzukizuna), bizi-esperientzia eta autonomiaren garapena” azaldu du Jugatx Menikak. Jugatx Lantegi Batuak-eko Prestakuntza eta Garapen arloko arduraduna da eta Riminira joan den bi laguntzaileetako bat. Praktika hauek aukera paregabea dira lan aukerak zabaltzeko, eta Jugatx Menikak esan bezala, “oso pozik daude bizitzen ari diren esperientziarekin, batez ere ikusten dutelako aukera ona izan litekeela bideak irekitzeko eta ez bakarrik Lantegi Batuak-en barruan, baina baita ere enpresa arruntetan”.

 

Proiektua Erasmus+ K1 nazioarteko mugikortasun programaren eta Lantegi Batuak-eko Lan Eskola ekimenaren barruan dago. Azken horren helburua da lan-prestakuntza eskaintzea adimen desgaitasuna duten pertsonei, helburutzat harturik titulazio ofiziala lortzea. Lehen esperientzia horren ondoren, Lantegi Batuak-eko beste zazpi lagunek praktika profesionalak egingo dituzte Finlandian. Proiektu hori martxoan garatuko da nekazaritza sektoreko enpresetan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow