Lantegi Batuak-ek zahartze aktiborako metodo berritzaileak aplikatzen ditu

24 October, 2017
OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, esku-hartze eredu berri bat sortuko dute adimen ezgaitasuna duten pertsonentzat.

 

Zahartzaroko narriadura sintomak lehenago agertzen dira adimen ezgaitasuna duten pertsonen artean, eta sarritan hori izaten da pertsona horiek lan-inguruneetatik baztertzeko arrazoia. Sintoma goiztiar horiek detektatu eta minimizatu nahian, Lantegi Batuak-ek plan bat jarri du martxan, adimen ezgaitasuna duten pertsonei zuzenduko zaien eta lan-ingurune desberdinetan aplikatu ahal izango den eredu berri bat sortzeko.

 

“Lantegi Batuak-ek urteak daramatza lanean, konponbide bat bilatzeko adimen ezgaitasuna duten pertsonen zahartze goiztiarrarentzat”, azaldu du Txema Francok, irabazi asmorik gabeko erakunde horretako zuzendariak, “bermatu egin nahi diegu dagokien adinera arte lan-ingurunean egoteko duten eskubidea, gaur egun sistemak ez baitaude prest aukera berdintasuna ziurtatuko duen erantzun bat emateko eta, beraz, jende asko lan-inguruneetatik kanpo gelditzen ari da 50 urterekin”. Asmo horrekin, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailarekin lankidetzan, proiektu pilotu bat jarri zen martxan 2016an, sintoma horiei aurrea hartzeko eta minimizatzeko metodoak probatzeko. Aurtengo abenduan amaituko den pilotu horrek Foru Aldundiaren finantzaketa jaso du, 140.000 euro hain zuzen.

 

Lehenik eta behin, zahartze zantzuen detekzio goiztiarrerako protokolo bat ezarri zen eta 40 urtetik gorako 800 lagun ebaluatu ziren. Sintomaren bat zuten 300 lagunek hainbat jardueratan parte hartu dute, horrela probatzeko lan-inguruneko zahartze aktiborako metodologia desberdinak, Lantegi Batuak-ek aldez aurretik aukeratu dituenak. Kontrol emozionalerako estrategiak, mindfulness edo bio-dantza probatu dituzte, besteak beste.

 

Pilotua amaitzear dagoen honetan, lantaldea metodologien emaitzak ebaluatzen ari da, modu zabalagoan aplikatu daitezkeen jakiteko. “Emaitza guztiak oso positiboak izan dira, baina orain jakin behar dugu orokortu daitezkeen” adierazi du Txema Francok, “esku-hartzeko eredu bideragarri bat lortu nahi dugu, denboran sostengarria dena, eta biztanleria multzo zabalari eta antolakunde desberdinetan aplikatzeko modukoa izango dena”.

 

Besteak beste, Feldenkrais metodoa probatu dute, zeina lehen aldiz aplikatu baita adimen ezgaitasuna duten adin ertaineko pertsonen egoera fisikoa eta gaitasun funtzionala hobetzeko. UPV/EHUko Fisiologia Saileko ikerlari talde batek teknika horixe aplikatu zuen 30 astez, Lantegi Batuak-eko zerbitzu okupazionala erabiltzen duten 32 lagunekin. Terapia horren bidez patroi eraginkor eta osasuntsuak bilatzen dira gorputzaren jarrera hobetzeko eta mugitzeko gaitasunak fintzeko. Ikerketaren emaitzek erakutsi dute nabarmen hobetu direla parte-hartzaileen mugikortasuna eta oreka. Jon Irazusta doktoreak zuzentzen duen UPV/EHUko lantaldeak eginiko lana berriki argitaratu da Research in Developmental Disabilities aldizkari zientifikoan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow